Tere Maldonado.

Euskararen Odisea

2023ko azaroaren 18a
05:00
Entzun

Messinako itsasarteak Sizilia uhartea eta Italiar penintsula banatzen ditu, Itsaso Jonikoa eta Tirreniar itsasoa lotuz. Greziar mitologiaren arabera, kanalaren bi aldeetan munstro ikaragarri bana bizi zen: alde batean Eszila, Karibdis bestean. Eszilak emakume soina, arrain buztana eta sei buru zituen, hiru hortz zorrotzeko ilarak bakoitzeko, zeinekin bere eremuan sartzen zen oro desegiten baitzuen, birringailu errukigabe. Karibdisek (xurgatzailea) zurrunbilo erraldoiak sortzen zituen, albotik igarotzen ziren itsasontziak irensten zituztenak. Kanalaren bi aldeak gezi baten irismenean daudela diosku bardoak; horregatik, Karibdis saihesten saiatzen ziren ontziak Eszilarengana hurbiltzen ziren arrisku handiz, eta alderantziz.

Bistan da Eszila eta Karibdisen artean egotea esamoldeak zer esan nahi duen: ezer onik ez. Eta ez da Damoklesen ezpataren azpian egotea bezala, esaera biek berehalako arriskua komunean eduki arren (bai eta jatorria antzinako mitologia grekoan ere). Azkenak giza egoera hauskorra eta ezegonkorra adierazten du, edo mehatxu konkretu baten presentzia. Eszila eta Karibdis arteko pasabideak, bere aldetik, ibilbide saihestezin bati egiten dio erreferentzia, oreka fina behar duena bi aldeetako batera ere ez irristatzeko (heriotza baitago bietan).

Badirudi euskara egoera horretan dagoela, tamalez. Gure kasuan, gainera, munstroak nolabaiteko edertasunez eta erakargarritasunez mozorrotuta daude (puntu honetan, sirenak bezalakoak dira gehiago). Izan ere, bi modu nagusi daude, nire ustez, euskara ikusteko, alde onekin biak, baina biek bihotzean zomorroa daramate, barrutik ausikitzen dituena; biak arriskutsuak eta, mugan, hilgarriak dira.

Altxorra bailitzan uler dezakegu euskara, ondare ordainezin gisa. Gizadiaren Kultura Ondare Ez-materiala titulua ere eman diezaiotela nahi dute batzuek. Batzuetan ezinbestekoa bada ere, lurralde degradatu bat salbatzeko azken aukera delako (Amazonia edo Doñana kasu), eskualde bat eremu babestua deklaratzeak parke tematiko bihurtzea esan nahi du. Espazio bat ofizialki natural izendatzea ezinezko pragmatikoa da: espazio horrek naturala izateari utz diezaiola dakar nahitaez. «Ez obeditu!» aginduak bezala, mezu paradoxikoa eta beteezina helarazten du. Hortik aurrera, lehen baino askoz erregulatuago, arauen mende eta kontrolatuago egongo da. Jende askok ezagutu eta bisitatu nahiko du. Erromatar garaiko edo Paleolitoko hondakinak izanez gero, ez da hain larria: behar bezala babesten badira, ondo dago jende asko bisitan joatea eta aztarnategia zein garrantzitsua den audiogida bati entzutea. Baina naturguneekin dudagarriagoa da. Hala ere, esan bezala, askotan ez dago beste irtenbiderik giza harraparitik salbatzeko.

Kontua da altxorra (neandertalaren lepokoa, Irulegiko Eskua, Gomerako silboa) kutxa batean ipintzen dela, erakutsi egiten da, adituek jardunaldiak antolatzen dituzte, liburuak eta aldizkari espezializatuetan artikuluak argitaratzen dira. Babestu eta miretsi egiten da, baina soilik zena izateari uzteko prezioan, edo, agian, hain zuzen ere, jada ez delako horixe (leporako apaingarria, atean ongietorria emateko seinalea, komunikatzeko modua). Bizi baino gehiago, altxor kulturalek biziraun egiten dute. Desagertzeko zorian egon dira eta, azken momentuan, hari-haritik erreskatatu ditugu. Izan zirenaren lagin gisa, ondo argiztatutako museoko aldarean jarri ditugu. Bisita gidatuak ere antola ditzakegu. Baina museoetan baltsamatutako gorpuak baino ez dira kontserbatzen. Zori onez, National Geographic-ek agian dokumental bat eskainiko dio, jende askok ikusiko du, «wau, zelako hizkuntza zaharra!» pentsatuko du nork bere hizkuntzan, eta euren bizitzekin jarraituko dute guztiek.

Beste muturrean, euskara hizkuntza bizia dela ere gogora eta azpimarra dezakegu, eta, beste gauza garrantzitsu artean, komunikatu egiten garela euskaraz. Hau da, ez bakarrik amestu, pentsatu, sufritu, agindu, promestu, iraindu, irakurri, mindu, egia esan, ziria sartu eta imajina ditzakegun aditz performatibo guztiak. Komunikatu, hizkuntzen ustezko zereginetako nagusia. Baina, kasu honetan, jakina da gertatzen dena: euskaldun guztiok elebidunak garela. Eta euskarak jasaten duena bezalako diglosia egoeran, horrek ondorioak ditu: helburua zerbait komunikatzea bada, orduan, badaude beste hizkuntza batzuk (gaztelania, frantsesa) testuinguru askotan (ghettoetatik kanpo), euskaldunek ez ezik, beste guztiek ere erabiltzen dituztenak. Greba antolatzeko asanbladan, guraso bileran, eskailerakoan, zinemako ilaran. Komunikatzeko bitarteko edo tresna izatearen alderdia asko nabarmentzen badugu, badira dagoeneko horretarako balio duten beste batzuk, lege edo babesa berezirik behar ez dutenak.

Bi gauza dira aldi berean egia: euskara galdu ezin dugun balio kalkulaezinezko altxorra da. Eta baita ere eguneroko komunikazioan lehen hizkuntza milaka pertsonarentzat. Baina ezin dugu soka gehiegi tiratu, ez norabide batean, ez bestean, munstro batek irentsiko gaituelako.

Itakara itzultzeko bide luzean, Odiseok Messinako itsasartea zeharkatu behar izan zuen. Berak eta bere gizonek (batzuek) Eszila eta Karibdisen artean pasatzea lortu zuten... bidesari altua ordainduta. Honela kontatzen du Odisea-ren XII. kantuan protagonistak berak: «Karibdisi begira geundela, heriotzaren beldur, Eszilak bere eskuez eta indarrez gehien nabarmentzen ziren sei lagunak kendu zizkidan ontzi ahurretik». Apur bat lehenago, sei gizon arriskuan ipintzea erabaki zuen Odiseok, itsasontzi osoa ez hondatzeko. Seiok izan ezik, besteak pasatu ziren. Ez dakit irakaspena izan daitekeen hobea maiz onaren etsai izaten dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.