Euskararen kontrako erasoen aitzinean, herri gisa jokatu

Paulo Arzelus Aramendi eta Mikel Irastorza Artola
2023ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Euskararen kontrako oldarraldia salatzeko deialdi zabala egin du euskalgintzak heldu den azaroaren 4rako Bilbon. Azken garaian, botere judizialetik ematen ari diren epaiekin Araba, Bizkai eta Gipuzkoan euskararen normalizazioaren aldeko politika publikoak plantan ezartzeko lege artikuluak edota dekretuak baliogabetzen ari dira. Bereziki larria da hori gertatzea euskara ofiziala den lurralde batzuetan.

Elkarteek, sindikatuek eta beste hainbat alderdik egin duten gisa berean, EH Baik ere bat egiten du Euskalgintzaren Kontseiluak antolaturiko manifestazioarekin. Orain lurralde batzuetan gauzatzen ari diren erasoak izanik ere, euskaldun guzioi eragiten diguten epaiak dira, Euskal Herriaren euskalduntze prozesuaren garapena oztopatzera heldu direlako eta orain arte aitzinaturiko urratsetan gibelerat egitea bilatzen dutelako.

Maluruski, gure hizkuntzak pairatzen duen egiturazko lege-babesgabetasuna eta euskaldunon hizkuntz eskubideen urraketa sistematikoa daude oldarraldi judizial honen oinarrian. Jakitun gara egun Euskal Herriaren zatiketaren ondoriozko eremu administratiboetan euskarak duen ezagupen legala arrunt ezberdina dela. Baina funtsean, hizkuntza politika ausartak egiteko espainiar edo frantses estatuetako egituretatik heldu diren trabak agerikoak eta iraunkorrak dira lurralde osoan.

Lau hamarkada baino gehiagoan ez dugu lege aldaketa esanguratsurik ezagutu. Beste euskal lurralde eta eremu geografikorik bazterrera utzi nahi izan gabe, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoan euskarak bizi duen egoera arrunt konplikatua da. Ezagupen ofizialik gabe eta hizkuntza politika boluntarista baten pean, hemen ere frantses estatuaren esku-hartzea iraunkorra da. Gure irudiko, Ipar Euskal Herrian euskalgintza, eragile eta hautetsien artean adostasun zabal bat behar dugu obratu, besteak beste, euskararen ofizialtasunaren aldarrikapena elkarrekin Parisen aitzinerat eramateko. Heldu da tenorea euskararen aldeko benetako hizkuntza politika plantan emateko ere, zenbait helburu eta epe finkatuz: nagusiki dirulaguntzetan oinarritzen den politika gainditu behar dugu.

Finean, euskararen kontrako oldarraldiari eman dakiokeen erantzunik onena herri gisa oldartzea da, indarrak metaturik eta norabide argi batekin: kanpoko esku-hartzerik gabe, Euskal Herrian erabaki ahal izatea gure hizkuntzak behar dituen lege babesa eta hizkuntza politikak. Horren guziaren aldarrikatzera joanen gara Bilbora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.