Patxi Zabaleta
Euskaltzaina

Euskararen jurisprudentzia atzerakoi eta zuzengabea

2024ko azaroaren 9a
05:00
Entzun

Duela 45 urte estatutuak eztabaida politikoan zeudenean, lehendabizi Euskal Autonomia Erkidegokoa eta gero Nafarroako Foru Komunitatekoa, euskararen eta gazteleraren «koofizialitatea» izan zen —orain izan beharko duen bezala— kezka nagusietako bat. Orduan koofizialitatea ulertzen zen bi hizkuntzen berdintasuna bezala; eta orain ere horrelaxe ulertu beharko litzateke; hau da, bi hizkuntzak berdinak izanez hiritarren eskubide eta trataera ofizialari buruz. Hizkuntza bat bestearen gainetik edo maila ezberdinean jartzea da Euskal Herriak eta euskaldunok nozitzen dugun zapalkuntza.

Estatutuak negoziatu aurretik oinarriak adostu eta ezarri ziren hala Eusko Legebiltzarrean nola Nafarroako Parlamentuan. Nafarroako Parlamentuak (1981-10-25) Hobekuntza deitutako estatutuaren eztabaidarako koofizialitatea jarri zuen oinarritzat. Baina negoziaketaren garapenean Nafarroako negoziatzaileek —ez Estatuarenek— iruzur egin zioten Parlamentuak emandako aginduari eta «zonaldeak asmatu eta proposatu» zituzten, Estatuaren ordezkariek inolako eragozpenik gabe onartu zituztelarik.

Geroztik igaro diren lau hamarkada eta erdiko epean beti aztertu eta uste izan da Nafarroaren egoera okerragotzat, koofizialitatea soilik zonalde batera mugatuta zegoelako. Nafarroan eman izan dira 80ko, 90eko eta 2000ko lehen hamarkadetan hainbat eta hainbat epai iraingarri, atzerakoi eta batez ere zuzengabeak. Baina azken aldi honetan Euskal Autonomia Erkidegoko Epaitegi Gorena Nafarroako Epaitegi Gorena azken hamarkadetan emandako ebazpenak kopiatzen ari da.

Jurisprudentziaren okerrerako aldaketa tamalgarri horrekin elkarbizitza eta justiziaren prestigioa bera sakonki kaltetzeaz gainera desorekan eta injustizian erori da. Koofizialitatearen kontzeptua bi hizkuntzen berdintasunean oinarritzen da eta jurisprudentzia honetan guztian berdintasun hori hausten da. Epai hauen arabera askatasuna soilik hizkuntza batean jokatu, garatu eta bermatu litekeela adieraziz; gazteleraz jakina.

EAEko estatutuan lurralde osoko koofizialitatea lortu zen eta ematen zuen horrekin bermatuta zeudela guztien hizkuntza eskubideak. Baina jurisprudentziak ez du horrela ulertu Konstituzioan, estatutuetan eta euskararen legeetan dauden ezberdintasunak aztertuz, baina batez ere askatasun linguistikoak soilik hizkuntza batean garatu behar direla ulertuz. Zer esango ote lukete honetaz euskal elebakar haiek? Baina gainera azken hamarkada honetan lehenago Nafarroan emandako epai diskriminatzaile —eta maiz iraintzaile eta irrigarri— haien kopiak egiten ari dira orain EAErako Euskal Epaitegi Gorenean eta bere azpiko Epaitegi guztietan eta hori guztia Madrileko Auzitegi Gorenaren eta Konstituzionalaren txapela azpian.

Ustezko euskal pentsalariok eta euskararen zein politikako erakundeok badaukagu autokritika egin beharra; bereziki hizkuntza bakarraren zilborrera begira jarri eta itxurazko jarrera malguekin jokabide koldarrak ezkutatzeagatik. Teorizatu eta amestu dugu euskara dela gure herriaren ezaugarri bakarra eta ez gara gure aldarrikapenetan abiatu etorkizuneko biztanleria —eta dagoeneko jada gaztedia— elebidun eta eleaniztuna izan beharko dela. Euskal Herrian bai erakundeetarako nola lanerako nola aisiarako euskara osagai beharrezkoa izaten ez den bitartean soilik beste hizkuntza izango da askatasunaren jokalekua. Euskara jalgi hadi plazara aldarriak esan nahi du plazan ulertu ahal izan behar zaigula esaten duguna; eta plaza Interneteko herria da.

Zer egin? Ze estrategia eta taktika bultzatu? Jakina ezetz azken garai hauetan Euskaltzaindia, Eusko ikaskuntza, Euskal Kontseilua eta lurralde honetako unibertsitate eta beste pulpituen isiltasunaren oihartzuna. Justizia gauza serioegia da epaileen eta abokatuen eskuetan uzteko baina euskara garrantzitsuegia da hizkuntza politikari eman behar zaion maila ez emateko. Zentzu honetan alferrikakoa da edozein euskararen gogoetak, ez baldin baditu hizkuntza politikako proposamen zehatzak eta zorrotzak egiten. Eta esanak esan laster eztabaidatzen hasiko diren estatutuen berrikuntzetan, bai EAEkoan, nola NFK-ko hobekuntzari dagokionean apustua ez bakarrik koofizialitatea baizik eta bi hizkuntzen berdintasuna behar du. Bestela hutsaltzen ari den koofizialtasuna oraindik gehiago zarpailtzen joango da.

Zapalkuntzak eta zapaltzaileek erabiltzen dituzten argudioen artean badaude herri xehearengana askotan iritsi izan diren bi; bat gaitasunarena da: Zer eskatuko diot medikuari euskaraz egin diezaiola nire haurrari ala sendatu egin dezala? Hori esanez ibili dira hamarkadetan UPNkoak eta azkenaldian PPko De Andres, Garrido eta abarrek bere egin dute. Ohartu gabe demagogia zikin horretan gaixoa dela aberearen parean jartzen dena, pertsonak medikuarekin mintzatu ahal izatea baitu bere mailaren ezaugarri. Ez ote dira ohartzen Garrido, De Andres eta UPNkoak eta enparauak adibidez buruko gaixotasuna duenari egiten dioten mesprezuaz? Orain, berriz EAEko epai batean ikusi dugu ertzain multzo bateko bakar batek euskaraz jakitea nahikotzat hartu behar dela, guztiei eskatu beharrean. Ez al dira ohartzen epaile horiek argudio berarekin esan genezakeela Tribunal bateko partaide bat esnatuta egotea nahikoa dela beste guztiek lo hartzen badute ere?

Orain dela 45 urte estatutuak negoziatu zirenean lurraldetasuna zen gori-gorian zegoen kezka, eta orain ezabatzeko zorian daude kezka horren aztarna guztiak, esate baterako EAEko estatutuan dagoen Nafarroaren aipamena. Orduan bezala orain ere estatutu eraberrituetan erabaki eskubidea jartzea da erronka; Alde batetik demokrazia serioaren eta transbersalitatearen ezinbesteko osagaia delako, baina bestetik gainera, ezin litekeelako auto kritikarik gabeko hetero kritika hutsean utzi 45 urtean estatutuak bete gabe egotea. Baina gainera hizkuntzen mailaren asuntoa dago; koofizialitatea soilik egiazkoa da bi hizkuntzak —gaztelera eta euskara— parean baldin badaude. Bestela zapalkuntza da. Eta aldarrikapen hori estatutuen negoziaketetan ezin daiteke alde batera utzi.

Soziolinguistika, hain garrantzitsua eta oinarrizkoa izanik ere politika linguistikoarekin osatu eta orekatu behar da; eta ez baldin bada hala egiten soilik azterketa ariketarako balio lezake, baita gogoetagunearen ontzi apain batean gordetzen bada ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.