EHUko Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako errektoreordea

Euskararen itsasargiak eta oztopoak

Igone Zabala
2025eko apirilaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hizkuntza gutxitu terminoa (lengua minorizada, langue minorisée) sortu zen agerian uzteko munduko hizkuntza askok eta askok duten erabilera mugatua botere sozioekonomikoen ekintza programatuen ondorio dela, eta ez hiztun kopuru absolutuarena. Euskara oztopo omen da talentua erakartzeko eta talentuari eusteko. Horixe euskarari bidea ixteko azken diskurtso-ildoa. Zer-nolako talentuaz ari gara? Ez al dago euskaldun talentudunik? Oinarri faltsudun beste diskurtso asko pairatu ditugu euskaldunok lehenago ere: euskarak ez du balio fisika nuklearraz hitz egiteko, zer nahiago duzu mediku ona edo mediku euskalduna, lehiaketa publikoetan euskara eskatzeak langileen eskubideak urratzen ditu…

EAEko gizartearen gehiengoak demokratikoki erabaki zuen euskara gure komunitateko hizkuntza ofiziala izango zela gaztelaniarekin batera, eta haren erabilera normalizatzeko legea onartu zuen 1982an. Euskararen legea aplikatzeko nahitaezkoa zen denetariko profesional euskaldunak izatea, eta gizartea profesional euskaldun bikainez, talentu handikoez, hornitzea da, hain zuzen, EHUren funtsezko erantzukizunetako bat, gure Estatutuetako hasierako artikuluetan oso garbi araututa dagoena. Eusko Jaurlaritzaren berrikuntzari buruzko diskurtsoetan ezarri den azken metafora erabiliz, duela berrogei urte piztu zen «itsasargia» izan zen unibertsitatea euskaldundu behar zela gizartea euskalduntzeko, eta hori egin behar zela gaztelaniari ere eutsiz, erdal hiztunen eskubideak ere errespetatzeko. Ez ziren gutxi bidaiari ekiteko behar zirenak. Euskaraz ikasi nahi zuten ikasleak behar ziren, baita euskaraz irakasteko gai ziren irakasleak ere. Baina batez ere, euskara garatu behar zen inoiz erabili gabeko espezialitate-alor guztietan. Oinarrizko hiztegi eta adierazpide akademikoak garatu behar ziren, baita espezialitate-alorrez alorreko terminologia ere. Euskarak hizkuntza-teknologietan presentzia izatea ere bermatu behar zen. Marinel ausart batzuk hasi ziren arraunean, itsaso zakarrean murgildu eta, ekaitzei aurre eginez, oraingo punturaino ekarri gaituzte. Itsasontziari lehorretik begiratzen dioten batzuek diote mirariz-edo portura heldu garela, eta orain ingelesezko irakaskuntza sustatu behar dugula  kanpoko ikasleak erakartzeko. Gaztelania ez al da baliagarria horretarako? Areago, EAEn irakaskuntza ingelesez eskaini behar omen dugu beste herrialde batzuetatik datozenen seme-alabak eroso egon daitezen gurean bertako hizkuntza ofizialak ikasi gabe.

Laurogeiko hamarkadan piztu zen itsasargiari begira abiatu ginenok eta urte hauetan guztietan itsasontzira igo diren milaka irakasle-ikertzaile eta ikasleek badakigu oraindik ere oso urrun gaudela portutik, eta entzungor egin behar diegula desbideratu nahi gaituzten sirena-hotsei. Bidean aurrera jarraitu behar dugu euskaraz ikasi nahi duten ikasle guztiei graduak oso-osorik euskaraz ikasteko aukera eman arte, terminologia eta fraseologia akademikoak erabat garatuta egon arte, eta unibertsitatearen komunitateko kide guzti-guztien euskarazko hizkuntza-ekoizpenak erabat zuzen eta egokiak izan arte, edozein gizartetan goi mailako tituludunengandik espero den bezala. Areago, gero eta ikasle gehiago eta askotarikoagoak erakarri behar ditugu euskarazko irakaskuntzara, eta euskararen presentzia areagotu behar dugu graduondokoetan eta ikerketan. Baliabideak mugatuak direnez, euskararen garapena lehentasunen artean egon behar da nahitaez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.