Euskararen (h)Erri berri(a)n: lege berria

2018ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Besarkada beroa emango diegu euskarazko murgiltze eredua eskola berrietan zabaltzea lortzen ari diren familiei. Apirilaren 15ean Erriberrin elkartuko ditugu Antzingo, Tafallako, Barasoaingo, Azkoiengo, Lodosako, Alloko eta Erriberri bertako familiak. Guretzat, egun horretan Euskararen Erriberri izango den tokian, Euskararen herri berrian.

2015eko otsailean, Nafarroako Parlamentuan Vascuence Legea aldatu zutenetik, D eredua Nafarroa osoko eskola publikoetan aukeratu daiteke. Ordutik, ehunka familiak aukeratu dute euskarazko murgiltze eredua debekatua zegoen herri eta eskoletan. Horietako batzuk, aurrez aipatu ditugun herrietan (Abarzuza, Lezaun eta Zudaire ahaztu gabe), D eredua zabaltzea ere lortu dute. Familia horiek onena eskaini nahi diete seme-alabei, eta, askotan, erregimenak sustatutako euskarafobiaren gainetik aukeratu dute D eredua.

Ezin ditugu ahaztu, urte hauetan izena eman arren D eredua beraien eskoletan irekitzea lortu ez dutenak. Gogoan gordeta ditugu Zentronikoko familiak, Mendigorriakoak, Zarrakastelukoak, Larragakoak, Bilatortakoak, Oteizakoak... Saiatu ginen, bai, baina Hezkuntza departamenduaren kalkuluetan ez omen ziren sartzen. Baina, tira, gaur helburua ez da atzera begira jartzea, altxa dezagun begirada eta beha dezagun Vascuence Legearen harresiaren beste aldean egon daitekeena nola irudikatzen dugun.

Nafarroako hizkuntza-eskubideen zonifikazioa harresitzar bat da, erortzear dagoen erregimenaren beste harresi bat, diskriminazioaren adreiluekin eraikia. Harresi horren beste aldean, herri berri bat dugu, Erriberri. Herri horretan geroz eta familia gehiagok euskararen aldeko apustua egiten du, eta geroz eta eskola gehiagotan dira euskarazko murgiltze ereduko taldeak. Hezkuntza departamenduak aintzat hartu eta bermatu egiten ditu familien eskaerak, eta ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituen hizkuntza eredu orokortuaren aldeko aurrerapausoak ematen ditu.

Bitartean, egun hauetan beste pitzadura bat ireki da Vascuence Legearen harresian. Aldaezina zirudien Legea nabarmen aldatu da azken bolada honetan. Pasa den ikasturtean Nafarroako 40 udalerrik baino gehiagok zonifikazioa amaitzea eskatu zuten, eta «inposatutako zona ez-euskaldunetik» askatzea lortu zuten. Orain, batzorde berezi bat osatu dute Nafarroako Parlamentuan, lege horrek ezartzen duen eskubideen zonifikazioa gainditzea helburua duena. Batzorde horrek, erregimenaren garai zaharrak atzean uztea helburu duela esan genezake, euskararentzat lege berria idaztea, edo behintzat, euskarari bidea emanez ofizialtasuna Nafarroa osoan bermatzea. Gobernuak eta parlamentuak biztanleen eskubideak bermatu behar ditu. Horregatik, Nafarroako euskalgintzak, elkarlanean, bere ekarpena egingo du, lege berri horretan mugarik ager ez dadin, mugarik gabeko euskararen alde. Eskubideez ari gara, gure hizkuntzaren ezagutza bermatzeaz, hori baita elkarbizitzarako bermea. Eman diezaiogun bidea euskarari, lege berri baten alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.