Ez dira gutxi azken boladan euskara bere onenean ez dagoela eta bere transmisioa bermatuta ez dagoela ohartarazten ari diren ahotsak. Bestetik, inork ez du ukatzen hezkuntzak ezinbesteko betebeharra duela euskararen eta euskal kulturaren biziraupenerako. Erronka estrategikoa bezain ilusionagarria da eta dudarik gabe denon bultzada eta elkarlana beharko du.
Euskal Herriko Ikastoletako zuzendariok berriki euskararen egoeraren inguruko Iñaki Iurrebasoren hitzaldia aditzeko parada eduki genuen. Zantzu guztiak negatiboak ez badira ere, gehienak oso kezkagarriak dira: euskararen ezagutza handitu arren, gaitasunean ahul gabiltza (guztiz elebiduna den biztanle taldea ez da handitzen eta euskaraz erdaraz baino hobeto moldatzen den hiztun kopurua murriztuz doa); erdalduntze prozesua euskalduntzearena baino askoz indartsuagoa da hizkuntza hegemonikoen aldeko joerak gehienetan nagusituz, eta euskararen erreferenteak diren arnasguneak agortzen ari dira eta estres egoera bizi dute. Hala eta guztiz ere, euskal hiztunen komunitateak kontzientziazio maila altua dauka; testuinguruak ez lagundu arren, familia eta eskola eremuak transmisioaren gotorlekuak dira, eta euskaraz dakiten gehienak gazteak izanik, iraultza demografikoa lortu dugu. Hortaz, euskara bidegurutzean dagoela esan dezakegu eta euskal jendartean zein mundu mailan gertatuko diren hurrengo aldaketak ez dira izanen euskara eta hizkuntza gutxituen mesederako ziurrenik.
ELEN Europako Hizkuntzen Sareak adierazi berri du euskarak eta euskal hiztunen komunitateak «larrialdi linguistikoa» bizi dugula eta Euskalgintzaren Kontseiluak, egoeraren premiaz jabetuta, larrialditik indarraldirako indar metaketa egitera hots egin digu. Era berean, Nafarroa osoan hizkuntza-eskubideak berma daitezen aldarrikatu du. Ezin dugu ahaztu Nafarroa Garaian hamar ikasletatik seik ez dutela inongo harremanik ikasketa prozesu osoan bertako hizkuntza den euskararekin, herrialde honetako arnasguneetan ere euskararen erabilera soziala ahultzen ari dela, administrazioak maizegi euskara bere etxean bertan arrotz balitz bezala hartzen duela eta hiztunen hizkuntza-eskubideak etengabe urratuak izaten direla.
Gauzak honela, begi bistan da euskarak behar dituela bere suspertze kualitatiboa ahalbidetuko luketen hizkuntza-politika aktiboak bezain eraginkorrak eta prozesua babestuko lukeen lege marko sendoa. Baina ezin gara begira gelditu euskararen normalizazioa bultzatuko duten ekimenak instituzioetatik berez etorriko direlakoan. Beste behin ere, herrigintza eta herri ekimena funtsezkoak izanen dira euskara arnasberritzeko eta administrazioa xaxatzeko behar den norabidean erabakiak har ditzan. Euskalgintzari eta jendarte inplikazioari esker lortu zen 60ko hamarkadatik aurrera egondako euskararen susperraldia eta horri esker gure egungo egoera ez da are kaxkarragoa. Nabarmentzekoa da eskolaz eskola eta ikastolaz ikastola hezkuntza komunitateen lan eta izerdiari esker, hamaika oztoporen gainetik eta ia baliabiderik gabe, joera iraultzeko egin den eta egiten den ahalegin erraldoia. Euskararen aldeko herri apustuak eragile sozial guztien elkarlan estua eta inplikazioa behar du, kontrako korrontea sendoa baita. Hala ere, badira kinka honetan gure arteko lubakietan elkarri mokoka aritzea lehenesten dutenak. Ez gara ohartzen ondokoaren zilegitasuna kolokan jartzen dugun bitartean arrabola gainetik pasatuko digutela? Ahazten zaigu estaturik gabeko herria garela, euskara hizkuntza gutxitua dela eta estatu espainiar eta frantsesak ezarritako curriculum eta publikotasun eredu zentralistek ez dutela helburu gure herriaren beharrei erantzutea?
Utz diezaiogun betiko larrean etengabe bueltak emateari. Argi dezagun euskal hezkuntza sistema burujabea helburu hartuta, izaera desberdineko idiak izanik ere, nor dagoen prest gurditik aurrera tira egiteko eta zeini interesatzen zaion tira egiten duen idietakoren bat akabatzea. Euskararen gurdiak aurrera joko badu, bi idi indartsu beharko dira elkarren ondoan tiraka eta ez elkarri ostikoka.
Jagoba Arrasatek Nafarroa Arenan bertsotan abestu zuen bezala: «Euskarak eta Nafarroak elkarren beharra dute».