Musikaria

Euskararen gaiaz solasean

2024ko otsailaren 20a
05:00
Entzun

Oraintsu Sestaon, kontzertu bat eskaini genuen eta kontzertu osteko kantu afarian, Carlos Kultura zinegotzia eta biok, euskararen egoeraz mintzatzen hasi ginen. Biok euskaldunak. Kontzertuaren gozamenaz mintzatu ostean gai interesgarria plateratu genuen. Hizkuntzaren gaiaz ari ginen, eta Euskal Herrian Euskal herriak daudela-eta, «Zuok Euskal Herriko euskaradunok, nolabaiteko eragozpena ere baduzuela uste dut, hau da, Arratia eta Sestao modu berean sartzen duzuelakoan». Hauxe aipatu zidan berak.

Bi mundu desberdin daudela gurean eta Euskal Herri desberdin honetan, guk Euskal Herriko euskaradunok, portaera desberdinekin bizi garen zentzua ez dugulakoan hartzen ziostan. Euskaldunon oztopoa aipatu zidan eta murrizketaz hitz egiterakoan, neronek erdal murrizketa ikusten dudala batik bat erantzun nion, hau da, egunero bizi dugun honetan, erdal munduak ez duela ezer jakin gura euskal munduaz.

Eta biztanlegoan, euskararengandik urrun daudenetatik, esan behar, horretarako premiarik ikusten ez dutenak edota adinarengatik edo zailtasuna nabarituz, zail egiten zaienak eta bestetikoak daudela, hau da, euskarafobikoak, euskarari gorrotoa diotenak.

Baina, oztopoak oztopo, bateko edo besteko gehienek ez dute beharrik sentitzen, eta hemen gakoa, beraz, nola hazi eta hezi? Zein da modurik eraginkorrena euskal mundura erakartzeko? Erantzuna erraza dela esango didazue: beronen premia sentitzea edo gure aldetik beraiei sentiaraztea. Premiazkoa izan dadin, kultura politikaren zaintza eta beharrezkotasuna areagotzea, egoera bakoitzean abileziaz jokatuz.

Eta hizkuntzari diogun maitasunaz gozatzeko, bizigarri zaizkigun aipuak eta lausenguak jasotzen ditugu, hau da, bizirik gaudela eta egunean egun biziagoa dela sentitu eta sentiarazteko. Hala nola, gure olerkarien mezu aipagarriak eta esanguratsuak barra-barra datozkigu: Josean Artzeren «Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik». Bitoriango Gandiagaren «Erabiltzen ez den euskara hil egiten da, mugitzen ez den bihotza hil egiten den bezala». Joseba Sarrionandiaren «Erein ezpainetan irrifarra... mihian euskara barra-barra, gure territorio libre bakarra»... Gure gozamena bizteko mezu erakargarriak.

Eta «Hemen euskara indartzea bezalako indar politikorik ez dago» zioen Bitoriano Gandiagak. Hala ere, izenburura nator: baliteke guk ere geureak konbentzitzen denbora gehiago ematen dugula gureak ez direnak baino, eta jakina, errazago zaigula gutarrak konbentzitzen kanpokoak erakartzen baino.

Eta gaitzesten duenarekin eta nahi ez duenarekin zer? Ba, hizkuntza batek estatus ona duenean eta herritarren sostengua duenean, nahi izatean eta gogoko eta beharrezko sentitzean, aurrera egingo du.

Bizitza ibilian joan doa eta geldirik egoteak ez dio ikuspegi berri bat ikusteko aukerarik emango. Eta ikuspegiaz ari garenez, bada gustuko dudan mezu bat: «Gauzak begiratzeko modua aldatzen baduzu, begiratzen dituzun gauzak, bestelakoak bihurtzen zaizkizu». Beraz, gure gauzetan eta ekintzetan, gure mintzairan, besteenganako erakargarritasuna bilatzea derrigorrezkoa dugu. Hizkuntza komunikatzeko tresna da, eta batik bat berarekin eta berataz, garenaz sentiaraztekoa eta gozatzekoa.

Nik hain estiman izan dudan Otxandioko «Euskal Sokratesek» burutzen goazela esaten zidan. Zelan? Burua hotz eta hankak ibilian. Eta «hankak ibili horretan», egoera bakoitzari egokitu beharrean gaude, oztopoei eta zailtasunei aurre eginez birsortzea eta birplanteatzea dagokigu, eta irudimenez eta biziagotzeko plangintza berriez aztertu zertan ari garen ondo eta zertan ez. Belaunaldi berriek akaso erantzun berriak edo berriztatuak beharko dituzte jaso.

Eta geroa helburu izanik, gure aurrekoek zioten, ondorengoei herentzia on bat uztea beharrezko dugula. Transmisioaz ari gara eta gaurko gazteek, nerabeek eta haurrek, euskaraz bizitzeko eta elkarganatzeko aukera dute. Edozein zerbitzutara heltzeko eta euskara biziagotzeko aukera dute eta hizkuntza izango zaie lagun eta bide. Eta hala ere, hauen guztien aurrean, euskararen ezaguera handitzen doan heinean, erabilera urria dela jakin badakigu, eta hor dago koska eta hortxe euskararen iraupena. Arratian badugu kontuan hartzeko esaera bat: «Mihin bako arrana, ugerrak jan». Eta sarritan aipatu izan da: «Euskara ez da salbatuko euskaldunok erabiltzeko eskubidea izateagatik eta haren aldeko politikak eta askotariko ekintzak garatzeagatik. Ez behintzat horregatik bakarrik», bai, eta?

Euskararen berreskurapena, fronte guztiak zabaltzetik etorriko da, geureari eutsiz, baina hango eta hemengo euskarafobikoei aurre eginez, portaera itxi nahasmenduei begiak zabalaraziz, sentimenduz eta arrazoi ugariz aurrekoa konbentzituz eta trebetasuna erakutsiz. Etorkizunaren bizi berri baten itxaropenean eta hurrengoenganako transmisioan, errealitatea eraldatzea ere geuri dagokigu, bidez bide, eskuz esku, buruz buru, indar berriz eta ekintza handiz. Zabalduz, birsortuz, haziz-haziz, geurera erakarriz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.