Bizi ditugun garai nahasi hauetan, eskubide asko, borroka eta ahalegin handien ondorioz lortuak urtetan, galtzeko arriskuan ikusten ditugu mundu aurrerakoi, justu eta askotarikoa nahi dugunok. Paradoxikoki, azterketek diotenez, gazteenen belaunaldietan —bereziki, gizonezkoetan— boto emate atzerakoia gertatzen ari da ugari… eta horrek zer pentsatua eman du.
Filosofo batzuen aburuz, historiaren transmisioan huts egin dugu, alegia, izan ditugun diktadura eta errepresioen eta horiek gainditzeko egin behar izan diren ahaleginen transmisioa eskasa izan da. Izan ere, eskolan, familian zein gizartean ez baita behar adina hitz egin eta ez baita behar adinako gogoeta partekaturik izan.
Korronte atzerakoia euskaran ere eragina izaten ari da. Dela lan munduan talentua erakarri behar delako (eta horretan, euskara traba gisa ikusten dutelako batzuek), dela lanpostu publikoetan euskara eskatzeak eskubideak urratzen dituelako (batzuen ustez), dela euskara erabiltzea eta ikastea ezinezkoa edo/eta alferrikakoa iruditzen zaielako…
Baina, zer oinarri zientifiko du horrek guztiak? Zenbat daki hiritarrak soziolinguistikaz, hizkuntza normalizazioaz, hizkuntza politikez,… eta euskararen normalizazioko ahaleginen zehaztasunez, horrelakoen aurrean iritzi propioa eta landua izateko? Eta falaziak eta uste okerrak identifikatzeko?
Mundua ez du zientziak mugitzen, baina jakin badakigu mundu justuagoa eta demokratikoagoa lortzen lagun dezaketela zientziak eta jakintzak, eta hori sozializatzeak. Horri begira, badira hamarkada batzuk zientzia eta teknologiaren dibulgazioa sustatzen hasi zirela eremu publikoan, zientziaren gizarte komunikazioaren kontzeptupean. Europako Kontseiluaren 2000. urteko Lisboako gailurrean Jakintzaren Gizartearen oinarriak ezarri ziren. Horiek horrela, estatu zein herrialde kideen baitan Zientzia eta Teknologia hiritarrarengana iristeko politikak landu eta ekimen ugari abiatu ziren, gaur egun arte iraun dutenak.
Zientziaren Komunikazioak bide informalak erabiltzen ditu ikerketa eta aurkikuntza zientifikoetarako sarbidea demokratizatzeko eta gizartea gai zientifikoen eztabaidan sartzeko. Era horretara, finkatu dira zientzia eta teknologiari buruzko programak, zientzia azokak, jaialdiak, albisteak, liburuak, filmak eta abar; hiritarren zientzia pertzepzioaren eta ezagutzaren neurketekin batera. Laburbilduz, Zientziaren Komunikazioa garrantzitsua da jendeari bere inguruko mundua ulertzen laguntzen diolako, zientziarekiko konfiantza sortzen, zientzian parte hartzea bultzatzen eta alfabetatze zientifikoa sustatzen duelako. Horrek ematen dio hiritarrari hartzen diren erabakien aurrean irizpidea eta izaera kritikoa edukitzeko aukera.
Zientziaren balioak hor ditugu. Baina, zer esan dezakegu euskararen eta kulturaren balioez? Azken asteetan argitaratu diren aipamen eta azterlan batzuen ondorioak ekar genitzake lerrootara horiek erakusteko, gaingiroki.
Enpresabidea agerkari digitalak enpresa munduko hiru eragile elkarrizketatu ditu martxoaren 25eko zenbakian; eta euskara eta lan mundua uztartzeaz aritu dira, besteak beste. Haien ustez euskararen kudeaketa erronka bada, baina aukera ere bai; hizkuntzak berezitasuna ematen du, errotzearekin lotuta dago eta langileen artean kohesioa sortzen du; gainera, uztartu egin behar dira identitatearekin enpresaren helburuak. Hain zuzen ere, euskarak lan munduan bere lekua behar duela diote.
Bestalde, HABE erakundeak egin duen azterketa baten arabera, %10 handitu da euskara ikasteko ikasle kopurua 2024-25 ikasturtean (EAEn). Gainera, %10 atzerritik etorritakoak dira. Euskara ikasteko aipatu dituzten arrazoi nagusiak hauek dira: a) seme-alabak laguntzeko ona dela uste dute; b) herrian integratzeko ere lagungarri iruditzen zaie.
Azkenik, Eusko Ikaskuntzak Nafarroan eginiko euskarari buruzko ikerketa berritzaile batek agerian utzi du hizkuntzaren eta euskal komunitatearen estimazio indize altua Nafarroan. Ikerketaren arabera, bertako herritarren %63 euskara sustatzearen alde daude eta %52k euskal komunitatea erreferente positibo gisa ikusten dute.
Hizkuntzen eta kulturen balioez eta euskara bezalako hizkuntza minorizatu baten normalizazioaz, hiritar orok kontzientzia hartzea eta iritzi landua edukitzea izan beharko litzateke xedea. Gainera, gizartean hausturak josten lagunduko luke. Eredua dago, Zientziaren Komunikazioko ekimen eta politikak begira ditzagun; eta orain arte soziolinguistikan egin denari hedapen handiagoa, sistematikoa eta egiturazkoa eman diezaiogun.
Euskarari diogun maitasuna begi bistakoa da, eta maitasun horrek hizkuntza eta kultura zaintzeko eta garatzeko ematen digun indarra aldarrikatu nahiko nuke amaitu aurretik. Izan ere, harriduraz entzuten baitut zenbait kasutan, «euskara maite dut, baina…»,argitu nahian bezala «ez dut euskararen aurka ezer, baina… zer egingo diogu…». Maitatzeko erak daude. Bigarren horiek euskara garatzeko politikekiko ahots ezkor eta eszeptikoak direla esango nuke, eta zenbait kasutan, aurkako bihurtzen direla. Xabier Amurizaren bertsoetan entresaka egin eta esango genuke: «Maita nazazu gutxiago, goza nazazu gehiago».