Amaia Astobiza Uriarte
EUSKARALDIRAKO SEI HILABETE

Euskararen erabilpena praktika feministetan

2020ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun

Hondarreko bi asteetan, herri inguruko basoetan zeharreko osteratxoak berreskuratzearekin batera, azkenaldian burura sarri agertu zaidan kezka bati gogoetarako tarte bat eskaintzeko nahia piztu zait: euskararen erabilera mugimendu feministaren bilera, hitzaldi eta jendaurreko gainerako agerraldietan. Izan ere, aurten ere horren gaineko kritikaren bat edo beste jaso dugu gure herrian martxoaren 8aren biharamunean.

 

Ez dakit zergatik (edo bai), baina MFri beste edozein gizarte mugimenduri baino gehiago eskatzen zaio arlo guztietan. Badirudi mugimendu ororen paradigma izan behar dugula, eta borrokatu behar dugula ez emakumeen askapenaren alde, baizik eta hizkuntza kudeaketaren, koherentzia pertsonalaren, ekologismoaren eta ez-dakit-zer-beste konturen alorreko bikaintasun ziurtagiriak lortzeko.

Greba deialdia egiten badugu, ez da nahikoa aliantzarako aholku orokor batzuk ematea; mugikorrerako aplikazio bat sortu behar dugu, zeinaren bidez gizonek kontsultatu ahal izango baitute nola joka dezaketen greba-egunean beren ohiko (eta beren pertzepzioaren araberako) erantzukidetasun mailaren arabera. Bazkari bat antolatzen badugu, konposta egiteko instalazio bat muntatu behar dugu karparen aldamenean. Pankartak egiteko, UEMAko euskara teknikariei deitu behar diegu, goitik beherako euskara plan bat diseinatzeko. Eta, egiten duguna egiten dugula ere, beti egongo da norbait gogoraraziko diguna ez dela nahikoa, hobeto egin daitekeela, hobeto egin behar dugula.

«Aizue, platerak ez dira berriz erabiltzekoak. Aizue, nik bestela ere zaintzen dut aitona tarteka, zer egin behar dut greba egunean? Aizue, emakume musulmanek egin duten kuskusa ez da beganoa. Aizue, oraingoan ere gaztelaniaz azaldu dituzue emakume migratuen aldarrikapenak».

Aizue, nahikoa da. Gu ere mundu berri baterantz goaz, baina ezin dugu eraiki egun batetik bestera. Eta, gainera, mundu berri horretan guztiontzat egin nahi dugu tokia, ez bakarrik kulturalki, geografikoki, linguistikoki... eta klase sozialaren arabera gertukoen ditugunentzat.

Gaur dagokigun gaiari artezago helduta, eta inori ezer kendu barik, galdetu diegu inoiz geure buruei zer beste erakunde edo mugimendu ari den egiten MFren adinako ahalegina bere alorreko testuak euskaraz sortzeko eta euskarara ekartzeko, eta testu horietan proposatzen diren gaiak euskaraz eztabaidatu eta lantzeko? Terminoak itzultzeko, kontzeptuak euskaratik janzteko? Badakigu zelako lana egiten duen MFk han-hemengo ekitaldietan itzulpen zerbitzua eskaintzeko borondatezko interpreteen eta xuxurlarien bidez?

Beste arlo askotan bezala, euskararen erabilerari dagokionez ere MF bidea egiten ari da azken hamarkada luzeetan, betiere garaian garaiko eta tokian tokiko testuinguru soziolinguistikoari egokitzen saiatuta. Bileretan, manifetan, testu sorkuntzan... dihardugunean, ez dugu alde batera uzten ez gure euskalduntasuna ez gure euskaltzaletasuna, eta gure nortasunaren alderdi horiek unean uneko errealitatera egokitzen saiatzen gara, kontuan hartuta zeri buruz ari garen hizketan, eta norekin, eta norentzat. Aintzat hartuta gure solaskideen inguruabar guztiak, askotan euskara ikastea (are euskara ikasi nahi izatera iristea) eragozten dietenak.

Herriko emakume migratuen eskakizunekin bat egin nahi badugu, emakume arrazializatuen borrokak agerian jarri, sektore feminizatuetan dihardutenen lan baldintza prekarioak ezagutarazi... nola egingo dugu euskaraz bakarrik? Bortxaketa bat salatzeko manifarako kartelak plazan eta guztion artean egiteko deialdia zabaltzen badugu, ez dugu kontatuko zenbat doazen euskaraz eta zenbat gaztelaniaz edo frantsesez; bakoitzak bere minetik eta bere amorrutik idatziko du, eta inork arabieraz, woloferaz edo errusieraz ere egiten badu, hobe.

Azken finean, norekin batera borrokatu nahi dugu, norekin batera ahaldundu? Emakume euskaradunekin bakarrik? Eta nor interpelatu nahi dugu, euskaradun gizon eta instituzioak bakarrik? Zer egingo dugu, euskaraz ez dakiten emakumeak beren kabuz euskaldundu arte itxaron (hara, hezkuntza arloan ikasleekin bezala...) eta gero gure txokoetara gonbidatu, euskaraz azaldu diezaguten nola umiliatzen dituzten gizon zuriek, nola bortxatzen? Zapalkuntza guztiak badira ere kontuan hartzekoak, uste dut zenbait testuingurutan garrantzi handiagoa eman behar diegula batzuei besteei baino. Nire hizkuntza eskubideek ez ditzatela mututu beste emakume zapaldu batzuk, ezta ikusezin bihurtu ere.

Talde feministen barruko dinamikei dagokienez, tarte bat har dezakegu hizkuntzei buruz berba egiteko. Konta diezaiegun euskaraz ez dakitenei zer den guretzat euskara; gure zapalkuntzen eta gure identitatearen zer parte betetzen duen, eta nola uztartzen den zati hori gure gainerako zapalkuntza eta identitateekin. Era berean, entzun dezagun zer ematen dieten hizkuntzek haiei, zer kentzen. Eta hala, elkar hobeto ezagututa, errazagoa izango da hizkuntzekin eroso sentitzea, eta samurragoa izango da euskaraz ez dakiten haiek apurka euskarara hurbiltzea. Izan ere, euskaraz ahobizi izatea ondo dago, baina batzuetan belarriprest izaten ere jakin behar dugu, euskara ez den beste hizkuntza batean bada ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.