Gema Lasarte.
EUSKARALDIRAKO LAU HILABETE

Euskararen erabilpen esponentzial traketsak

2020ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Ez naiz ni hizkuntzalaria, baina datuek begi bistan jartzen dute euskararen normalizazioan urrats oso esanguratsuak egin direla eta gero eta euskaldun gehiago dagoela gure inguruan. Gero eta gehiago idatzi, irakurri eta sortzen dugu euskaraz, eta ez naiz literaturaz soilik ari, jakintzaz baizik; diziplina oso ezberdinetan euskaraz ikertzen ari gara, eta existitzen ez ziren eremuetan euskaraz dihardugu. Baina azkeneko hamarkadetan euskararen beherakada nabaritu dugu ikasgeletan. Nago, azkeneko urteetako irakasleon kezkarik nagusiena gure geletan gero eta euskara gutxiago entzutearena dela. Kezkaz bizi dugun gertakaria da. Eta askotan hitz egiten dugu horren inguruan ikasleekin. Zergatik erosoago sentitzen diren gaztelaniaz euskaraz baino. Eta zer egin beharko genukeen euskara normaltasunez gazteek ohiko komunikazio tresna sentitzeko.

Euren hitzetan, euskara eskolarekin, akademiarekin, formalitatearekin lotzen da, eta hori amaitzen denean, aisialdia hasten denean, kalea azaltzen denean, bizitza letorke eta bizitzan sentituak askoz aiseago adierazten dituzte gaztelaniaz. Beraz, argi dagoena da aisialdietan euskara jorra eta elika dadin politikak egin eta finantzatu behar direla. Argi dago une oro adierazi nahi dugun hori esateko ez badigu balio hizkuntzak ez digula mesede handirik egiten eguneroko komunikazio ohituretan. Eskola ezagutzarekin, kognizio jarduerekin lotzen dugu, baina zaletasunez, musikez, kirolez, bideo jokoez dihardugunean? Eta ez hori bakarrik, askotan kexatzen baitira edozein lan akademiko egin behar dutenean, euskaraz ez dutela deus topatzen. Gaiaren berrikuntza mailaren baitan ingelesez bakarrik topatuko dugu, eta agian gaztelaniaz.

Horrez gain, bada beste kontu bat euskaldun ororen eskuetan edo ahotan dagoena, eta bakoitzak euskarari ematen dion balioa eta prestigioa da. Hizkuntza bat aberats eta jator entzuten denean abegi ona egiten zaio. Edonork egiten dio. Horrela, irakasle batek hizkuntza gozo eta oparo, aberats bezain natural erabiltzen duenean, hizkuntzari prestigioa ez ezik, ohitura sortzen dio. Beraz, nahitaez euskarak prestigioa eta naturaltasuna emango dioten hiztunak behar ditu, eta horiek dira hizkuntza erakargarri, natural bihurtzen dutenak. Baina, zoritxarrez, gurean euskara dotore eta gozagarri erabiltzen dutenen mediatizazioa negargarria da. Eta Euskaraldiaren egokiera aprobetxatu nahiko nuke euskararekin egiten diren estetika edo aurpegi garbiketak salatzeko. Eta urrutira jo gabe, koronabirusa bera euskararen kontrako izurritea izan dela esan nahiko nuke. Horren lekuko Urkulluren kabineteak —ez dut izenik aipatuko— erakutsi dituen euskararekiko ajeak, lotsatzeko modukoak eta pandemia bezain esponentzialki kaltegarriak gure hizkuntzaren prestigio eta erabilpenerako. Esan da 15 minutu aski duela birusak edonor gaixotasunarekin kutsatzeko; esango nuke minutu gutxi batzuk aski izan direla, euskaratrakesdun horietakoen agerraldi intermitenteak urteetan euskaraz eginiko doktorego tesien lan nekeza hankaz gora jartzeko. Horrekin adierazten dugun gauza bakarra da euskararekiko axolagabetasun izugarria.

Euskarak prestigioa behar du, liga handietan jokatu nahi badugu behintzat, eta horretarako sinetsi egin behar da. Politikariei dagokie curriculumak egokitzea eta etxeko lanak egitea, normalizazio bidean egin beharreko urratsak egin daitezen. Baina iruditzen zait euskara, generoaren trataeraren antzera, hautes garaiko berbaldia dela. Herri zahar honen hezurdura eta bihotza izan beharko lukeena...Hori gure agintariei dagokienez, eta balirudike oraingoz, behintzat, ez dagoela asmo handirik hor aldaketarik egiteko. Noizbait etorriko ahal da belaunaldi edo berrialdi politiko bat hizkuntzen ekosistema saneatu eta aniztasunari leihoak irekiko dizkiona. Oraingoz, globaltasunak, hizkuntza asko ezagutzeak, identitate berri bat dakarkigu, ingeles markaduna. Beraz, euskaldun izan beharko luketen gure geletan ingelesarekin gero eta kezkatuagoak dauden eta gero eta euskara gutxiago dakiten ikasleekin topo egiten ari gara. Batzuek gaztelania dute mintzaira, beste batzuek gaztelania eta batua, eta azken multzo batek batuaren edo euskalkien hautua egiten du. Eta aukera horien guztien batura ez da gauerdiko ahuntzaren eztula ikasgela berean, hizkuntzek bere ideologia dutelako. Euskalkiez mintzo direnak bat datoz eskoletan erakutsi beharreko batuak, ahozkoan bederen, lekuan lekuko euskalkitik hurbilena izan beharko lukeela. Eta euskalkiak ez dituztenak iruditzen zait umezurtz ere sentitzen direla.

Bukatzeko, politikarien axolagabetasunari nahiz kanpotik datorren aire digital horiei aurrez aurre egiten ari den euskalkien presentzia eta hitanoaren erabilpena sustatzen ari diren gazteen agerraldia azpimarratuko nituzke, euskara aberats eta natural baten gotorleku bilakatzen ari direlako, baina beldurra ere ematen didate zenbait kasutan, gaztelaniaz edo euskara trakets horretan mintzatzen direnekin talkan jartzen direlako, euskarara erakartzeko prozesuak sustatu eta xamurtu beharrean. Baina ez da joera orokorra. Beraz, oraindik orain, eskola hizkuntza, prestigiorik gabeko hautes garaietako hizkuntza ez ezik, sekula baino dotoreago eta indartsuago euskalkiz nahiz batuaz mintzatuz euskaraz bizitzera gonbidatzen duten gazteen elea ere bada euskara. Eta hiztun horiek sortzen ditugun bitartean, etorkizuna du euskarak; izan ere, borondatea dagoenean bidea dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.