Euskararen erabilera: estrategia aldatuko dugu behingoz?

2014ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Bizitzaren edozein eginkizunetan nola gabiltzan jakiteko adierazleak behar izaten dira. Euskara zelan doan jakiteko ditugun adierazle nagusietan argi gorriak piztu dira, baina, antza, batzuk ez dute horretaz konturatu nahi. Argi gorrien aurrean, norbanakoek, euskalgintzak, erakundeek eta administrazioek beste estrategia bat taxutu beharko genuke lurralde politikan, kontsumo ohituretan, euskalgintzaren trinkotzean, irakaskuntzan eta helduen euskalduntzean, mundu sozioekonomikoan eta abarrean, baina lehenengo jokamolde zaharkituekin jarraitzen dugu.

Euskararen erabilerari buruzko datu oso kezkagarriak jaso genituen 2012ko uztailean: Euskararen Kale Erabileraren eta V. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 20 urteotan lehenengo aldiz, geure hizkuntzaren erabilerak atzera egin du: Bizkaian %10etik %9ra; Araban, Nafarroan eta Iparraldean beherantz, baita hiriburu guztietan ere. Albiste on gutxi: Gipuzkoan —Donostian izan ezik- eta eremu formaletan (administrazioetan…) erabilerak gorantz egin du. Une honetan euskararen kale erabilera %13n dago, eta Unescoren arabera, irauteko, gutxienez %33n egon beharko luke.

2012ko udan agertutako datu kezkagarri hauen aurrean, Jaurlaritzaren datozen urteotarako hizkuntz politikan zein Kontseiluak egindako plan estrategiko berrian ez dago aldaketa estrategikorik, eta azken bi hamarkadetan bezala jarraitzen dute. Edo hobeto esanda txarrago, administrazioek normalizaziora bideratutako dirua gutxitzen jarraitzen dutelako (2010etik hona, Jaurlaritzak -%12, Aldundiek-%3,5, hiriburuetako udalek -%16, udalek -%3, eta Nafarroako Gobernuarena hutsaren hurrengoan dago). Eta, bestetik, Kontseilua osatzen duten erakundeetan proiektu eta ikuspegi berririk ez dagoelako eta krisiarekin egoera ekonomiko larriagoan daudelako.

Argi dago orain arte abian jarritako politikek eta estrategiek onura asko ekarri dituztela, baina ez dira nahiko izan. Zer alda genezake?

Estrategia berrirako gakoetako batzuk

Erabileraren ziurtagiri bakarra. Bai Euskarari ziurtagiria egonda, Bikain ziurtagiria sortzea ez zen erabaki egokia izan. Ziurtagiri bakarra behar dugu, bi maila egiaztatzeko: batetik, zerbitzua euskaraz ematen dela ziurtatzea eta, bestetik, zerbitzua eta lana geure hizkuntzan egiten dela. Lehenengo mailakoa eremu guztietara zabaldu beharko genuke: udalak, aldundi eta gobernuetako sailak, enpresa publikoak, ikastetxeak, elkarteak, kirol jarduerak, diru laguntzak jasotzen dituzten eta administrazioetako hornitzaileak diren enpresa eta erakunde guztiak...

Lurralde politika. Herrialdeetako hiriburuak eta eskualdeetako hiri nagusiak historikoki erdalduntze prozesuaren indarguneak izan dira. Azken urteotan, inbertsio gehienak hiriburuetan egin direnez, metropolizazio prozesua areagotu da, euskara gehiago zokoratuz eta ingurune euskaldunen arnasguneak desegituratuz. Mondragon Taldearen deszentralizazio ikuspegiari esker (lantegiak, unibertsitatea… eskualde desberdinetan kokatuz) prozesu hau nolabait leundu da. Roberto Manjonek dioen moduan, lurralde politika hizkuntz politikaren eragile nagusia da eta, zoritxarrez, erabat kontra dugu: AHTa, herri txikietako etxebizitza berriek ekarritako populazio aldaketa…

Aurrekoez gain beste gako estrategiko asko ditugu: euskalgintzako enpresa eta erakundeen kohesio antolatzaile, ekonomiko eta estrategikoa, elebitasunetik euskaraz bizitzera pasatzea eta euskara lehentasunezko hizkuntza izendatzea, ingurune euskaldunetarako hizkuntz politika berezia egitea, eleaniztasuna arlo guztietara zabaltzea gaztelera eta frantsesarekiko menpekotasuna gutxitzeko, euskara hizkuntza komuna dela ikusteko Iparralde-Hegoalde arteko trukeak, bizkaiera eta Iparraldeko euskalkiei gutxieneko esparrua ziurtatzea, finantzaketa hobetzea, elebitasun pasiboa 30 urtetik beherakoekin aplikatzea, ekimen sozialeko euskalgintza babestea, immigrazio politikan eragitea, Kontseiluaren eta HPSren arteko elkarlana egotea…

Estrategia berrian arloz arlo orain arte egindakoa berrikusi eta ekimen berriak jarri beharko genituzke, hala nola irakaskuntzan (euskaradun eredu eleaniztuna), familiaren transmisioan, euskaltegietan (euskaltegi txekea), administrazioan (zerbitzua euskaraz bermatzeko ziurtagiria eta soldata politika…), sozioekonomian (Hizkuntza Eskubideen Dekretuaren isunak berreskuratzea eta establezimendu berriei ezinbestean exijitzea, ingurune euskaldunetan aplikatzea…), gazteengan (tailerrak, Iparralde-Hegoalde trukeak…), kulturan (gutxienez BEZ osoa kulturari itzultzea, musika, antzerkia, literatura… gehiago laguntzea, euskarazko testuetarako gutxieneko sormen indizea lortzea…), norberaren esparruan (denok eguneroko praxi linguistikoa hobetzea…).

Txillardegik zioen moduan, dugun ezagutza apalarekin erabilera proportzioz handia da, atxikimendu handia dagoelako. Unescoren arabera gure iraupena iluna bada ere, denon artean bat eginik aurrera aterako dugu. Euskalgintza, Administrazio, enpresa, erakunde eta euskaltzaleen arteko biltzar handi bat egin beharko genuke, Euskararen Biltzarra, denon iritzi eta beharrizanak kontuan hartuta, diagnostikoa eta datozen 10 urteetarako estrategia adosteko. Emaitzekin gustura ez bagaude, gauza ezberdinak egiten hasiko al gara? (Artikulu osoa: www.erabili.com/Iritzi muinetik)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.