LIE Laskoraingo Ikasle Euskaltzaleak

Euskararen Eguneko manifestua

Adur Aranburu, Danel Etxeberria eta Saigots Iglesias
2024ko abenduaren 3a
13:34
Entzun

Euskara txikitasunean handia den ur emaria dugu. Bertako tanta bakoitzak gure kultura ureztatu eta biziberrituz. Egarri den hari itsaso bete ur eskainiz. Euskara putzu sakon eta ilun batetik etorri izan bada ere, guztiok atera dugu gure ur-gazi lagina, eta guztiok bilakatu dugu iturri. Eta orain itsaso handi eta zabal bat izanen da. Hala ere, itsaso zabal baten parekoa den arren, estatuan ez da oasi txiki bat baino, baina hura lehortzea kosta behar zaizue.

Gauza jakina da, azkenaldian, zuzenbideak jorratzen dituen hainbat arlotan euskararentzat oso zuzenak ez diren bideak hartu dituzuela epaitegietan. Dirudienez ez zaizue asko inporta herri honen ahotsa. Zenbat gera? 3? 4? 6? 7? Bai, 7 gara eta 7ak bat asko gara. Ezin duzue gure oihua isilarazi. Guk hizkuntza bat dugu herri honetakoa, benetakoa eta betikoa. Eta hemen bada herri bat euskaraz bizi nahi duena eta oztopo guztien gainetik bere hizkuntzaren alde borrokatzeko prest dagoena. Zuen artean manifestu hau ulertzeko itzultzaile bat behar duenik ere egongo da, eta hori onartezina da. Ertzainen artean euskara ulertzen ez dutenak ere asko dira. Gogoan dugu multa euskaraz jartzeko eskatu zuen gizonaren kasua, euskaraz eskatze hutsagatik multa bikoitza ordaindu behar izan zuen. Eta Osakidetzan ere arreta euskaraz jasotzeko aukerak oso murritzak dira.

Gure hizkuntzak zenbait zapalkuntza jasan behar izan ditu historian zehar. Gaur egun bere ofizialtasunik eza adierazten duten zantzuak ugariak dira Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, eta ez da oharkabean igarotzen atzerriko hizkuntzen mehatxuen presentzia Euskal Herrian. Eta azken urteetan euskararen aurkako oldarraldia gero eta latzagoa da eta ez du etenik: nola da posible euskara ofiziala eta gehien erabilia den herri batean lanpostu publiko baterako euskara ez jakin behar izatea?

Azken urteetan ugariak izaten ari dira euskararen biziberritzearen aurkako sententziak epaitegi eta auzitegien bitartez. Legea aplikatzen dutela diote baina errealitatean euskaldunon aurkako erabakiak dira, euskaraz bizi nahi dugunon aurkako erabakiak dira, euskararen normalizazioaren aurkako erabakiak dira. Sententzia hauen bitartez, euskaldunok bigarren mailako biztanle gisa gara tratatuak, mespretxuz, zapalduz, eskubideak murriztuz. Eta hori guztia ez da Madrilen edo Parisen pasatzen, ez, Euskal Herrian gertatzen da, euskararen herrian. Gure hizkuntza kendu nahi digute, baina ez dute lortuko. Berez etikoki eta moralki perfektua izan beharko lukeen horrek, hau da, justiziak, hamaika aldiz faltatu digu errespetua. Nabaria da legeak Gaztelako herrian eginak direla eta herri hartako hizkuntzaren pribilegioak zaintzen dituela, justua ez izanagatik ere.

Ehunka urteko sokatiran bizi gara, euskararen aurkako edota aldeko sokatiran, erdararen alde daude tiratzen Frantziar eta Espainiar estatuak, baita ere estatuko indar politiko, mediatiko eta judizialak. Ikusi besterik ez dago, Ertzaintzaren, Osakidetzaren, zaintza arloaren eta beste hainbat eta hainbat baliabide publikoren errealitate soziolinguistikoa. Baina, euskararen alde herri bat dago martxan.

Arantzak kendu nahi izan dizkiguzue, eta hegoak ebaki, baina ez duzue txantxangorria harrapatzerik lortu, eta oraindik hegaka dirau zazpi haizeetan barna euskara zabalduz. Beraz, argi geratzea nahi dugu que esto no es País Vasco!!This is not Basque Country!!C’est ne pais Pays Basquè!! Hau Euskal Herria da, euskararen herria, eta gure herriaren hizkuntza eta haren eskubideak aldarrikatzen jarraituko dugu, euskaratik eta euskaraz. Gazteak gara eta etorkizuna daukagu eskuan, eta ez da hilko Euskal Herria gu bizi garen artean.

Segi dezagun iturri zaharreko ur berria edaten. Gora Euskal Herri euskalduna!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.