Euskararen Bilbo

2014ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Ramon Saizarbitoria idazleak esan zuen: «Uste dut salbazioa Bilbon dagoela. Bilbon salbatuko gara, edo ez gara salbatuko».

Hirietan hizkuntza-aniztasuna hedatzen ari da eta bertan ari da jokatzen, eta jokatuko da, hiztunen arteko bizikidetzaren auzi garrantzitsuetako bat. Gakoa berezko gure hizkuntzaren eta hizkuntza partekatuen arteko harreman orekatuan datza. Elkarrenganako errespetuan eta funtzio osagarrian dago gakoa, nire ustez. Bilbo den hiri handi hau joko—zelai ezin hobea da hizkuntza bizikidetzan urrats esanguratsuak egiteko.

Egungo datu absolutuak hartuta, Bilbo da euskaldun gehien duen munduko hiriburua. Haur eta gazteen artean euskal hezkuntza-ereduak nagusi dira, eta azken 30 urteetan Euskararekiko atxikimendua nabarmen handitu da. Bilbon herritarren %52k euskalduntzat jotzen du bere burua, hau da, bitik batek. 1981ean ia euskaldunak bakarrik %6 ziren, eta gaur egun %28 dira. Egia da, bestalde, urte hauetan ezagutza mailan lortutako aurrerapausoak ez direla bere horretan islatzen erabileran. Argi dago, beraz, zein den gure erronka: erabilera sustatzea.

Bide horixe izan dugu jo-puntuan Bilboko Udalean azken urteotan, erabilera sustatzea, jabekuntza eta kalitatearekin batera. Umeak eta gazteak ezarri ditugu talde estrategiko nagusi moduan, familia transmisioa giltzarria baita; erabilera zabalduko bada, hiriaren bizitzan zutabe nagusi diren merkatariak eta ostalariak ere kontuan hartu ditugu, eta baita udal-langileak ere jakina, udal-politika herritar ororen zerbitzura egon behar baitu maila guztietan.

Bide luzea dugu eginkizun, eta aurrera egiteko gure hiriak berez dituen indarguneak baliatu behar ditugu euskararen hauspo izango bagara. Politikarion erantzukizunari dagokigunez, adibide garbia dugu asteartean Bilboko Udalean, Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian, Udal talde guztiek aho batez euskara bultzatzeko adostu genuen hitzarmena. Urrats eta konpromiso historikoa euskararen erabileraren normalizazioa erdiesteko. Baina pauso bat besterik ez da, ibilbidea luzea baita.

Harrotasunez erakuts dezakegu azken hamarkada hauetan Bilbok izan duen eraldaketa ikusgarria. Bilbo elkargunea da. Mundu osotik zein Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako herritar eta bisitariak hartzen dakiena. Asko aldatu da bere historian zehar, baina ongi asmatu du aldaketa horretan bere nortasuna, izaera, kultura eta identitate-zeinuen gainean eraikitzen. Harro egon gaitezke Bilboz, eta bilbotarrok berezkoa ei dugun harrotasun hori euskarak ere berea izan beharko luke.

Gure hiria, euskararen mundura sartzeko atea izan daiteke milaka herritarrentzat. Bilbo euskararen erakusleiho handia izan daiteke. Azken urte hauetan sustatu ditugun Berbagunea bezalako ekimenek agerian jartzen dute erakartzeko gaitasun hori, eta euskararentzat prestigiozko agerraldi sozialak dira. Erabil ditzagun, bada, bi ezaugarri horiek euskara erakargarri, erabilgarri eta desiragarri egiteko,bai euskara ikas dezaten orain arte egin ez dutenek, eta baita euskara barra-barra erabil dezagun ere, harrotasunez, horretarako gai garenok.

Azken 30 urte hauetan, Bilbok munduan eredugarri den eraldaketa sakona egin du. Krisiak hondoa jotzeraino eraman gintuen, baina errautsetatik berpiztu ginen etorkizun-proiektu partekatu bat izan genuelako. Orain daukagun hiria, orduan abiatutako ahalegin komunaren ondorio da: guztion artean egin dugu Bilbo berri bat, Euskararen Bilbo.

Ezagutzaren eta erabileraren Bilbo eratu nahi dugu, kalitatezko zerbitzu-hiria, ezagutzan oinarritutako balio erantsiaren Euskararen Hiriburua. Hiri erakargarria mundu osoko talentu eta inbertsioentzat eta hiri interesgarria, halaber, bertako herritarrentzat, beren proiektuak garatzea ahalbidetuko diena. Nortasuna balio lehiakor ezinbestekoa da jardunbide globalaren testuinguru berrian, eta Bilbok Euskararen karta kokatu behar du bereizgarri garrantzitsu gisa.

Bat nator, beraz, Saizarbitoriak esandakoarekin. Salbazioa baino, hala ere, etorkizuna nahiago dut nik; izan ere, horixe baita euskararen biziberritzean lantzen ari garena. Beraz, nik ere uste dut salbazioa ez ezik, etorkizuna ere, Bilbon dagoela, Euskararen Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.