Argitaratu dituzte VII. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak. Lehendabizi Nafarroakoak argitaratu zituzten, eta, horien ondoren, aurrena EAEkoak, eta gero Ipar Euskal Herrikoak. Gaurkoan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datu esanguratsuenen ondorioak dakarzkizuet. Bost multzotan sailkatu ditut aipatu beharrekoak: ezagutza, hiztunen sakabanaketa, euskaldunen erraztasuna, gurasoen transmisioa eta hizkuntza jarrerak.
Hizkuntza gaitasunari dagokionez, EAEko 16 urtetik gorako %36,2 euskaldunak dira. Bost urtean 2,3 puntu hazi da euskaldunen ehunekoa, ia 50.000 hiztun gehiago. Lurraldeka, euskaldunak %22,4 dira Araban, %30,6 Bizkaian eta %51,8 Gipuzkoan. Euskaldun hartzailea da bost biztanletik bat.
Duela bost urteko datuekin alderatuta, euskaldunak 3,2 puntu hazi dira Araban,3 puntu Bizkaian eta 1,2 puntu Gipuzkoan.
Gune soziolinguistikoei erreparatuz gero, euskaldunen banaketa asko aldatu da azken 30 urteetan. 1. gune soziolinguistikoan (euskaldunak %25 baino gutxiago) euskaldunen herena bizi da, duela 30 urte baino 13 puntu gehiago. 3. gune soziolinguistikoan 6 puntu jaitsi da; eta 4. gunean, ia 10 puntu. Hau da, arnasguneetan euskaldun gutxiago bizi da, eta gune erdaldunduetan, gero eta gehiago. Euskaldunak gero eta gehiago gara, baina sakabanatuago gaude. Eta horrek erabilerari eragiten dio, noski. Horregatik da horren garrantzitsua gune erdaldunduetako euskaldunak saretu eta ez sakabanatzea. Haur euskaldunen kasuan, berebiziko garrantzia du egoerak.
Erraztasunari dagokionez, euskaraz errazago moldatzen diren euskaldunak7 puntu jaitsi dira 30 urtean. Erdal elebidunak, aldiz, 6 puntu igo dira.
Lurraldeka, Araban euskaldunen %8,5 baino ez dira hobeto moldatzen euskaraz gaztelaniaz baino, Bizkaian ia %20 eta Gipuzkoan %38,7. Erdal elebidunen nagusigoa ikusita, errazago ulertu daiteke erabileraren eta ezagutzaren arteko arrakala. Hiztun gazte euskaldun gehiago dago, baina hiztun hauek hobeto moldatzen dira erdaraz.
Gurasoen transmisioari dagokionez, guraso biak euskaldunak direnean, transmisioa ia bermatuta dago.
Gurasoetako bat bakarrik euskalduna denean, aitzitik, transmisioa dezente jaisten da: 16-34 urte arteko %57,4k jaso dute euskara, 35-64 urte artekoen artean %50,8k baino ez, eta 65 urtetik gorakoen artean, laurdenak.
Guraso biak euskaldun berriak direnean, %29k erdaraz baino ez diete egiten, nahiz eta euskaraz jakin.
Azkenik, hizkuntzarekiko jarrera eta atxikimendua aipatu nahi ditut, datu kezkagarriak azaleratu baititu inkestak: EAEko biztanleen %22,7k ingelesa ikastea euskara ikastea baino garrantzitsuagoa dela uste dute, eta %24,8ri berdin zaie. Irratian eta telebistan ere euskara gehiago izatearen aldekoak erdiak dira, eta %22,7k ez dute euskara gehiago nahi.
Laburbilduz, ezagutza aurrera doa, hiztun gero eta gehiago gune erdaldunduetan sakabanatuta bizi gara, eta, gero eta euskaldun gehiago garen arren, euskaldun horiek hobeto moldatzen dira gaztelaniaz. Euskararekiko atxikimendua jaitsi egin da, eta ingelesa bezalako hizkuntzak euskararen aurretik lehenesten dituztenak gero eta gehiago dira.
Euskararen argi-ilunak agerian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu