Andoni Eizagirre.

«Euskararekin zer?», sintoma modura

2015eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Jakin-ek, ekainaren bukaeran Iruñean antolatu zuen jardunaldian, galdera horixe jarri zuen mahai gainean: «Herria, nazioa, estatua... eta euskararekin zer?». Bertan ikusi zen galdera horrek, gutxienez, hiru eztabaida zabaltzen dituela:

1. Erabakitzeko eskubidearen formulazio teorikoak hainbat premia ase nahi ditu: ENAM eta ezker eraldatzaile osoa birbideratzeko, zoru erretorikoa finkatzea; emantzipazio kolektiborako justifikazio ideologikoa gaurkotzea; Europa «post-nazionalistaren» abegikortasuna erdiestea. Hala, iradokitzen du autodeterminazio indibidualaren kultura (erabakia hartzea kontsumo ohituretan, gorputzaren kontuetan, orientazio sexualean) botere politikoaren auzira hedatzea. Eta zehazten du auzia prozesu modura ulertzea (estatugintza) eta gehiengoak erakarriko dituen edukiekin artikulatzea.

«Euskararekin zer?» interpelazio modura uler daiteke. Batetik, euskaltzaleak hautematen du euskara (hiztuna, komunitate linguistikoa, hizkuntzaren lurraldeak) gai bat gehiago dela, eta, beraz, gehiengoak kateatzeko izan edo lortu dezakeen gaitasun koiunturalak baldintzatuko duela haren irismena. Bestetik, euskaltzaleek helburuen talka ere nabaritzen dute: adostasun erretoriko tazitua zena (herria euskalduntzea azken helburu(etako) gisa) orain proiektuaren menpekoa eta aldagai instrumentala izatera pasatzen da (eraginkortasunaren araberakoa izango da helburu hori). Artekariak bakeak egin nahiko ditu: batzuek subjektuen arteko gatazka («nazio linguistikoa subjektua da») ikusten duten tokian, bestetzuek berrikuntza dakusate subjektuak ulertzeko moduan («euskararen komunitatea prozesuan erabakiko da»), baina ez omen da aparteko liskarrik eta disfuntziorik.

Bitartean, 2000ko hamarkadan, Jürgen Habermas filosofoak, «konstelazio post-nazionala» eta «abertzaletasun konstituzionala» proposatzearekin bat, bi arrazoiren gainean argudiatzen du Euskadiren autodeterminaziorako eskubidea (sic): arrazoi identitarioak (etno-linguistikoak) eta oparotasun ekonomikoaren bermea.

2. Diskurtsoak eraberritzeko premia ei dago, esan nahi baita, praxia irabazlea, estrategia eraginkorra asmatzekoa. Eraberritzearena gutxietsi beharrik gabe, arrazoiketa batzuk nahasgarriak dira («abertzaletasuna eta euskara deslotu behar dira»), eta besteak, erredukzionismo hutsa («independentzia demokratikoaren prezioa euskalduna da»).

Kontzeptuek eta narratibek izaera performatiboa dute (errealitatean interbenitu eta errealitatea eraldatzen ahal dute), eta analisietan zuhurragoak izan behar dugu. Kategoria eta eskema inportatuak («subjektu folklorikoa», esentzialismoa eta halako gaitzespen zaharrak ostera ere identifikatzen tematzea, esaterako) gure herriaren dinamika eta mugimendua torturatzen ari dira. Haatik, aski da mugimendu euskaltzaleak aktore kontziente, erreflexibo eta estrategiko modura kontzeptualizatzea ohartzeko euskaltzaleek aldiro jakin dutela euskarari buruzko diskurtso eta praxiak doitzen. Mugimendu autoeratuarekin, hizkuntzaren herria formulatzearekin (hautuan oinarrituriko kidetasuna), errealitate sozio-linguistiko desberdinetara egokitzeko plangintzekin, errealismotik abiatzearekin, aldiro sustatu da «autokritika sozialaren teoria».

Praxia euskaltzaleak (besterik da hainbaten diskurtsoa euskararen inguruan) ezer izan badira, pragmatikoak, zuhurrak eta eraikitzaileak izan dira. Bide batez, euskal gizarte zientzia modernoaren eragileek Weber aurrena eta gero Poulantzaz edota Bourdieu aspaldi irakurri zituzten («Estatuaren funtzio ideologikoa eta sinbolikoa»), baina Touraine ere bai («ekintza kolektiboaren garrantzia»).

Euskalgintzak aspalditik elikatu ditu ardatz diferenteak: justizia (euskararen iraupena, eta euskaldunena), etika (hizkuntzen ekologia), memoria (guraso elebakarrekiko eta hauen biografia jeloskorki gordearekiko enpatia historikoa), estetika (munduan izateko modu euskaldunak) eta praktikoa (askotariko praxiak euskaldunak ahalduntzeko, erdaldunek seme-alabak euskalduntzeko, eleaniztunok euskararen hautu kontzientea egiteko). Diskurtsoak aski ez, eta euskaltzaleak eta euskalgintza emanak izan dira erakundeak sortzera: hizkuntza politikaren egiazko aitzindariak.

Euskalgintzak aspaldi deskubritu zuen utopien lilura galtzea, erakundetzearen errutinizazioa, pragmatismoa, errealitatearen konplexutasuna, aspalditik egiten ditu auto-konfrontazioa eta praktika gogoetatsua. Eta orain galdera honekin dabil: Zeintzuk dira euskararen muga sozialak? Zergatik?

3. Autogobernuak (hedaduraz, Estatuak) mesede egiten du, demagun. Baina «politizazioa» nola hezurmamitu, hala zimendatuko da euskararen indarberritzea.

a) Autogobernu formala ez da aski. EAEn hizkuntza-politikek esplika ditzakete bilakaera positiboaren hainbat kontu, baina Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere hizkuntza-politikak aplikatu dira. EAEko operazio politikoan, alineatze euskaltzalea eman da, alegia, euskararen normalizazioa erdigunean ipinita. Baldintza sozial eta politikoak, ordea, aldatu dira: erakundetzeak profesionalizatu, burokratizatu eta teknifikatu egin du hizkuntzaren gaia; abertzaletasunean, hizkuntza- eta identitate-politikei ez zaie irizten mobilizazio sinbolikorako baliabide eraginkorra; espazio publikoan, euskarari buruzko diskurtso ez-euskaltzaleak indartu dira; Estatutuaren haurrek hizkuntzei buruzko hautemate zeharo diferentea («normalizatua») dute. Hainbat anomalia ere identifikatu dira, eta desafio soziolinguistiko berriak ezagutzen ari gara. Bestetik, gobernu abertzaleek ez dute hizkuntzaren dimentsio kulturala («euskaratik eta euskaraz») hauspotzen jakin, eta euskararen eta kulturaren ekonomia politikoa ez da hizkuntza-politika diseinatzeko aldagai esplikatzailea kontsideratu. Euskararen dimentsio kulturala eta ekonomikoa, ordea, gako inportanteak dira, galdera basikoa («herritar eleaniztunak nola izan euskaldun») hausnartzeko.

b) Euskaltzaleek ez dute proiektu politiko partekatua. Baina, gainera, politika da diskurtso euskaltzaleak zatikatzen dituena. Zatiketa bat euskalgintzan (EKB, Kontseilua) eman izan da: liskarrak lehentasun politikoari estuki lotuta daude, eta horrek zipriztindu ditu euskalgintzaren funtzionamenduari, eragin-eremuari edota trinkotzeari buruzko debateak. Bigarren zatiketa euskaltzaleen artekoa eta, oro har, hizkuntza-politiken ingurukoa da. Sarri errepikatzen da «hizkuntza, kultura eta politika ez dira nahastu behar» baieztapena, baina aldebakarrekoa (euskalgintzari luzatua) eta ideologikoa suertatu ohi da. Baieztapenak soka luzeagoa du. Zergatik diseinatu dira hizkuntza-politika batzuk eta ez besteak? Ez da gai teknikoa eta neutrala. Talkan daude autoritate epistemikoak (Txillardegi, Fishman-Zalbide, Mitxelena, Txepetx), tradizio politikoak, itxaropen sozialak eta aliantzak, eta elkarrekintza horren ebazpenak egiten du neurri batzuk «zientifikoak», «pedagogikoak» eta «adostasunekoak» kontsideratzea eta gainontzekoak, ostera, «ideologikoak», «ilunak» eta «ezarriak». Mitxelena eta bere hautu foralistak interes ugari kateatu izanak esplikatzen du haren zirkuitukoen aholkuak izatea «egiazkoak», «zorrotzak», «malguak».

«Euskararekin zer?» hurrengo belaunaldien euskaltasunari buruzko gogoeta da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.