Idazlea

Euskararekin atzeraka goaz

2025eko apirilaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Denbora luzez kanpoan egon ondoren etxera itzultzeak baztertuak izan diren azturak aktibatzen ditu. Besteak beste, telebistako informazioa zure hizkuntzan, kasu honetan euskaraz ikus-entzutea.

Baina ez da beti hain gustukoa izaten. EITB piztu eta berriak entzuterakoan, badirudi Etxalarko batzokitik ari direla, baina ez da horrela. Ulertzen dut ikuspuntu ezberdinak, baita zalantzagarriak ere entzun beharrean gaudela. Hori dena bai, baina dena ezin da irentsi, ez jauna. 

Urte asko igaro arren euskaldunen bozka kudeatzen, baldintza demokratikoak ez dituzte behar bezala ezagutzen, edo ez dituzte ezagutu nahi. Parlamentuko eserlekuen batuketak ez luke EITBko funtzio profesionaletan hain nabarmen egon behar. Beraz, «denetarik denontzat eta zuen hizkuntzan» esaldi famatua ez da egia.

Gauza bera gertatzen da Iruñean, Gasteizen… baita Madrilen ere. Urteak joan dira EITBren hasieratik (1982) gaurdaino, eta zoritxarrez, oraindik euskara odola galduz doa. Badirudi agintea norberekeria politikoaz bakarrik gauzatu litekeela. Hau bai demokrazia.

Nire ustez, bide beretik doaz duela gutxi Lakuan sartu direnak. Beraien esanek eta egitateek frogatzen dute abertzale batzuen hanka sartze latza. Geroztik, Lakuako ilunpean, espainiar-zaleak Madrilgo izpiritua arnasten bizi dira, eta abertzaleak kanpora begira laguntza eske.

Igarri duzuen bezala, gaur euskararen odolustea jorratzeko asmoak ditut eta kanpora begira jarriko nahiz. Arrazoia, ez baitakit, goi mailako ardura politikoa onartu dutenen artean ez ote den nagikeria zabaldu. Beraz, ez da harritzekoa —gaur ere— kanpora begiratzea. 

Hemengo egoera ezagutuz, eta antzekotasun nabariak izanik, euskaldunak irlandarrei begira egotea ez da harritzekoa, bai nazio gisa, bai euskararen egoera aztertzerakoan.

Hasieratik eta ezer baino lehen, gogorarazi nahi nuke mailaz maila, ingelesen oinpean, irlandar nazioa desegin zutela, eta emaitza hau: lurralde txiroa, emigrazio barreiatzailea munduan barrena. Bere kultura aberatsa hondatuta, hizkuntza zabartuta, literatur hizkuntza ederra zuena, batasuna galdu eta dialektoetan zatitu zutena.

Klase nagusia ordezkatuz, ingeles jauntxoak nagusiturik. Legeak ezabaturik, nazio jitea dena zirkinduta. Ingalaterrako probintzia baztertu erdeinagarri bat bihurtuz. Euskaldunok ongi ezagutzen dugun jarrera basatia.

Irlandarrek bazuten —eta badute— noski, beren nazio kontzientzia, baina nazio kontzientziak ez dira beti gauza bera. Nik ezagutzen dudanagatik, irlandarren nazio kontzientzia bera da irlandarren lehenengo berezitasuna.

Irlandar sentitzen dira ikaragarri. Irlandarrak Caceresko herrixka batean izan dezake bere ama hizkuntza, edo Galiziako itsasadar batean. Irlandar jatorrikoa baldin bada, jatorria aski du irlandar petoa izateko.

Irlandako sentimendu nazionala eta abertzalea katolizismoan oinarritu da, nik uste. Ingelesak anglikanoak dira. Euskaldun fededun haren antzera.

Beraz, nagusiak ingeles eta anglikano, eta zapalduak irlandar eta katoliko. Dena dela, ez dira irlandarrak erlijioan oinarriturik nazio kontzientzia eraiki duten bakarrak. Hamaika badira erlijio kolektibitatearen kontzientziaren gainean eraiki dutenak. Urrutira joan gabe, espainiarrak berak, arabiarren aurka.

Denborak erakutsi duen bezala, honek benetako arazoa mahai-gaineratzen du: aberriak eta hizkuntzak egon behar zuten lekuan katolizismoa dagoela. Eta erlijioa ez da aberria.

Honekin ez diot katolizismo irlandarrari kritikarik egin nahi. Hizkuntzak balio duena bere balioa da, ez erlijioak eman liezaiokeena. Aberriarentzat hizkuntzak balio duena abertzaletasunak ez bestek aurki lezake. Abertzaletasunak nazio hizkuntzan bertan aurkitu behar du haren balio nazio egilea.

Indarrez, irlandera —euskara gaztelaniarekin bezala— ezin neur daiteke ingelesarekin. Hori ukaezina da. Indarraren zapalkuntza luzearen mesede zuzenaz gain, egun, komunikabide asko eta bortitzak dituzte. Oso garatuak dira, zalantzarik gabe beraien zabalkunde garaian bizi gara.

Urteak joan, urteak etorri, ez dirudi gure gizartean euskararen ezagutza eta erabilera indartzeko abian jarritako bitartekoak egokiak direnik. Hori diot, asmoak alderatzen baditugu, azken urteetan egindako azterketek eskaintzen dituzten emaitzekin, hamarkadetako atzerapena daramagulako.

Badakit, ezagunak dira Lakuan eskubide gisa interpretatzen dituzten transferentziak, baita urteak txalotzen daramatzaten arrazoiak ere.

Baina, duela gutxi hemen inguruko PSOEren hainbat buruzagi entzun ondoren, autodeterminazioa zertan datzan ez dakitela dirudi. Autodeterminazioa eskubidea da, ez posizio politiko bat. Herri gisa dagokigun eskubide demokratikoa da.

Ez dagokio estatu espainiarrari Euskal Herriaren barne-antolaketaz erabakitzea, bi estatuen menpe dauden Euskal Herrien arteko harremanen izaeraz. Euskararen beharrezko garapenaren baldintzez erabakitzea, besteak beste. Hori gure ardura da.

Euskaldun espainiar-zaleek beraien sistema politikoa eredugarria balitz bezala defendatzen dute, baina egia oso bestelakoa da. Estatu espainoleko autonomiarena indarrezko kolonizazioa bere jatorrian daraman zatiketa baita.

Ez nago triste, baina bai kezkatuta. Aspaldidanik gauden bidegurutzean, egindako bideari buruzko gogoeta serio bat iradokitzen dut. Horretarako, bere garaian GALek hil zuen nire lagun zahar batek gogoratzen zuen bezala, hau: «Denbora asko daramagu zirkuluan ibiltzen, bertatik atera behar da».

Gora Euskal Herria euskalduna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.