Tasio Erkizia.
Ezker abertzaleko militantea

Euskaraldia berriztua

2025eko martxoaren 19a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Azkenengo udazkeneko urriaren 24an, komunikabideen aurrean aurtengo Euskaraldia aurkeztu zutenean, proiektu berriztua aurkeztu nahi zigutela iragarri ziguten. Aldaketa sakonen beharrean dagoela euskararen aldeko ekimen garrantzitsu hau eta beraz aurtengorako ideia berriekin zetozela aurreratu ziguten. Denborak esango du ea benetan lortzen dugun, denon artean, berrizteko asmoa, baina gutxienez badirudi lehen urratsa eman dela, aitortuz aldaketa sakonen beharrizanean dagoela. Eta izugarri poztu nau berri horrek.

Eta poztu nau, azkenengo Euskaraldia oso kezkatuta bukatu nuelako, herritartasunetik asko galdu eta instituzioen itxurakeria nagusitu zela iruditu baitzitzaidan. Eta ez dut esango instituzioetako ordezkariak sobran daudenik, ez noski, beraien inplikazioa bete-betekoa behar baitugu. Normala denez, Euskaraldia bezalako herri ekimenetan bere protagonismoa izan behar dute ekimenean parte hartzen duten eragile guztiek, izan instituzioak, herri eragileak edo izan herritar arruntak. Baina bakoitza bere tokian eta funtzioan. Ekimenak bere sorreratik izan duen herritartasuna errespetatuz eta euskaltzaleok mobilizatzeko erreferentziak eta bitartekoak erabiliz. Zentzu horretan, instituzioak lehen lerroan agertzea, komunikazio saioetan aitzindari paperarekin, 2023ko urtean gertatu zen bezala, kaltegarria bilakatzen da, herri eragileen ekarpena itzaltzen delako eta, oro har, euskaltzaleon eginkizuna bigarren mailakoa bilakatzen delako. Herria mobilizatzeko bidea ez da alderdikeria, ezta instituzioen gehiegizko protagonismoa ere.

Euskararentzat oso kaltegarria da herri eragileengandik sorturiko ekimena eta herritarrak aktibatzeko bultzatutako iniziatiba modu hain agerian instituzioek beraien aurpegia zuritzeko erabiltzea. Prentsan agertu herritarrei esfortzuak eskatuz, beraien instituzioetan euskararen erabileraren alorrean ezer gutxi eginez, edo instituzioen ekimen bezala azalduz, lana eta ardurak herritarrei leporatuz, hori ez da konpromisoa lortzeko bide egokiena. Eta areago Bilbo bezalako hiri batean, zeinean auzoetako euskararen ekintzak udalak ez dituen laguntzen eta zeinean ez dagoen euskararen aldeko programazio seriorik —ezta ordenantza sinple batzuk ere—, hor euskaltzale bezala agertzea eta propaganda egitea jendea uxatzeko modua da, Euskaraldiak zilegitasuna galtzea da.

Berrikuntzaz ari garela, iruditzen zait urrats kualitatibo batzuk emateko unea dela; guztion aldetik, konpromiso serio eta eraginkorrak hartzeko garaia heldu da. Zentzu horretan, une aproposa da aurtengo Euskaraldia, Euskararen Kontseilua hainbestetan erabiltzen ari den leloari jarraikiz —Larrialditik indarraldira— salto egin eta elkarlanean ekiteko. Euskararen geroa arriskuan dagoela sinesten badugu, eta hori da adituek dudarik gabe baieztatzen dutena, alderdi politikoen aldetik beraien eguneroko funtzionamenduan urrats serio eta eraginkorrak egin eta, aldi berean, ahalik eta adostasun zabalenarekin instituzioek marko juridiko berria adosteko konpromisoa hartu behar dute.

Datorren kanpainari begira, gure kulturaren eta euskararen alde herritarrak ilusionatzeko eta mobilizatzeko bermea, eragile publikoen aldetik marko legal berri bat adosteko bidean urrats sendoak egitean datza. Hitzetik eta propagandatik ekintzetara pasatzean, alegia.

Zer esan herri eragileei buruz? Beharrezkoak eta ezinbestekoak direla, euskararen aldeko herri gogoa hauspotu eta indartzeko. Frankismoaren azken urteetan, Trantsizio garaian eta ondorengo urte luzeetan, herri eragileak izan ziren euskara berpiztu eta indartu zutenak. Ikastolak, hainbeste eskola publiko, AEK zein beste euskaltegiak eta herrietako dozenaka eta ehunka elkarte, batzorde eta talde kultural izan ziren euskara hedatzeko motorrak eta benetako eragileak. Herriak bere gain hartu zuen euskararen etorkizuna bermatzeko ardura eta urrats izugarriak egin dira, oraindik ere asko falta bada ere. Eta oraingo bultzadaren dinamizatzaile nagusiak, berriz ere, herri eragileak izango dira. Ahal dugun lurraldeetan instituzioekin batera, besteetan ofizialkidetasuna aldarrikatuz, hainbestetan plangintza zehatzak exijituz, elkarlanean noski, baina ardura besteen esku utzi gabe. Lehen eta orain herri eragileen inplikazioa da euskara suspertzeko berme nagusia.

Eta noski, euskaltzaleok, herritar guztiok, hartu behar dugu euskararen ardura gure gain. Euskaradunok eta euskara ez jakin arren, altxor hori defendatzeko prest dauden guztiek. Modu batera edo bestera, Euskal Herrian bizi garen bertakoek zein etorkinek erronka izugarria dugu, menpeko eta bazterturik dugun hizkuntza ezagutu, erabili eta maitatzeko. Jai giroan eta alaitasunez baina Iparraldeko Euskal Herrian euskarazko kideek erakusten diguten bidetik, elkarrekin aldarrikatuz: «Ez dugu makurtu behar euskararen zapalkuntzara».

Urriko agerraldian adierazten zeniguten zein zen gure erronka: «Jarrera aldatu, ausardiaz jokatu eta ekimena iraunkorra bihurtu». Guztiz ados naiz. Jarrera aldatu behar dugu, erronka irabaziko dugula zinez sinets dezagun. Irudimena erabiliaz eta euskararen aldeko ekimena iraunkorra bihurtuz, aurtengo udaberria euskararentzat mugarri berriztagarria izan dadila.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.