Kike Amonarriz

Euskaraldi berri on!

2017ko abenduaren 31
00:00
Entzun
2018. urteak paradigma berri baten hasiera marka dezake euskararentzat eta euskalgintzarentzat. Orain arteko norabidean funtsezko aldaketak eragin dituzten hausnarketa ugari eta mamitsuak burutu ditu euskalgintzak azken urteotan. Batzuk aipatzearren, Euskararen Aholku Batzordearen Eta hemendik aurrera zer? txostena, Topalabe taldearen Berrikasi eta berrikusi agiria, Euskal Herrian Euskaraz-en Euskal Herri euskaldunari ateak ireki gogoeta eta, Donostia 2016ko testuinguruan, Kontseiluak eta hainbat eragilek landutako Donostiako protokoloa.

Dokumentu horietan guztietan, aldaketak planteatu dira orain arte jorraturiko estrategia eta jokamoldeetan, eta, erabateko kointzidentziarik ez badago ere, euskararen eremuan zoru komuna eraikitzeko inoiz ez bezalako jarrerak eta aukerak esplizitatu dira.

Euskara bidegurutzean eta fase-aldaketa batean zegoela defendatu eta etorkizunera begira ondoko urteak giltzarriak suerta daitezkeela esan izan dugunak asko izan gara. Faktore askok ekarri gaituzte egoera honetara. Batetik, globalizazioa, krisi ekonomikoa, migrazioak eta teknologia berriak planetako hizkuntza guztiengan ari dira eragiten, hizkuntza txiki asko desagertzeko arriskuan jarriz. Bestalde, Euskal Herrian azken hamarkadan gertatutako aldaketek (ETAren jardueraren amaiera, agente politiko-sozial berrien agerpena, Nafarroako eta Iparraldeko aldaketak...), aukera berriak zabaldu dizkiote euskararen aldeko elkarlan politiko-sozialari, mugak eta oztopoak, oraindik ere, handiak izan arren. Eta azkenik, euskal komunitatean bertan sakoneko aldaketak ari dira gertatzen.

Gaur egun, euskarazko ereduen hedapena eta euskararen ezagutza (ulermen mailan, bederen) inoizko proportziorik altuenetara iritsi dira adin gazteetan, Euskal Herriko eremu zabal batean, eta adin batetik behera ezagutzaren unibertsalizaziotik gertu gaude.

Gaur egun, lehen aldiz gure historian, lehen lana bilatu edo lehen haurra izan duten Euskal Herriko gazte gehienak D ereduan ikasitakoak dira. Baina zein da beren ohiko hizkuntza? Zein hizkuntzatan hasi dira lanean? Euskara familia hizkuntzatzat al dute? Hurrengo urteetan lortuko bagenu belaunaldi gazte horrek euskara gaur egun baino nabarmen gehiago erabiltzea esparru guztietan, hizkuntzaren normalizazio bidean urrats sendoak egingo genituzke. Aitzitik, ez badugu lortzen erabilera aktibatzea, gerta daiteke atzetik etorriko den belaunaldiak euskara balio gabeko hizkuntzatzat hartzea, gaur egun Irlandan gaelikoarekin gertatzen den bezala.

Gure hizkuntza komunitateak dituen ahalmenak aktibatzeko aukera paregabea izango dugu 2018an zehar, Euskaraldia dela medio. Badira hiru urte Topalabea taldekook Berrikasi eta berrikusi txostena plazaratu genuela, non zoru komuna, funtzio banaketan eta errespetuan oinarrituriko elkarlana, diskurtso berritu eta koherentea, euskararentzako arnasgune politikoa, eta aktibazioaren ezinbestekotasuna aipatzen genituen, konfliktibitatetik konplizitatera eta aldekotasun sinbolikotik erabaki praktikoetara pasa beharra azpimarratuz.

Epe horretan, Egiakoa eta Lasarte-Oriakoa bezalako hainbat esperientzia eredugarri eta bide urratzaile sortu dira. Eta, paraleloki, Euskal Herri osoko erakundeen eta mugimendu euskaltzalearen arteko zubiak sendotuz joan dira, eta duela gutxi arte ezinezkoak ziren argazkiak ikusi ditugu, paradigma aldaketaren isla, Korrikan, Euskaraldiaren aurkezpenetan edo Herri Txiki Kantari saioan.

Euskaraldiak, gainera, erakundeek eta euskalgintzak partekatutako marka eta ospakizun kolektiborako plaza izatea lortu du. Ez da gutxi, beti banatuta ibili den eta sinbologia partekatua horren urria den herri honetan. Hori lortu izana kualitatiboa eta historikoa da, eta uste dut altxor hau denok oso ondo zaindu eta blindatu beharrekoa dela.

Bolada honetan, Euskaraldiaren aurkezpen hitzaldiak eskaintzea egokitu zait hainbat herritan, eta esan dezaket aspaldi ez nuela ikusten halako mugimendu zabal eta indartsurik. Hasi gara ulertzen denon bultzada beharrezkoa dela eta elkarlanean eta lidergo partekatu batekin bakarrik egin ahal izango dugula aurrera. Noiz ikusi da, herri honetan, konparazio batera, udaletatik euskara taldeak sortzeko dei adostuak egitea? Ez da txantxetako aldaketa deialdi horiek adierazten dutena.

Euskaraldiak norbanakoen, erakundeen eta eragile guztien aktibazioa eskatzen du; inertziak puskatzeko eta erabilera dinamika berriak sortzeko: adminitrazioaren goi-mailako erakundeetatik udaletara, eta EITBtik kirol-elkarte xumeenera.

Gure erantzukizuna da belaunaldi berriei paradigma berrietan oinarrituriko euskalgintza dinamiko eta sendoa uztea, eztabaida baztertu gabe, adostasunetik lan egiten jakingo duena eta, inertziak eta erosotasunak gaindituz, euskararen erabilera dinamikak nonahi sustatuko dituena. Eta gure erantzukizuna da, era berean, guri begira dauden munduko beste hizkuntza komunitateei aniztasuna eta herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatuko dituen hizkuntza normalizaziorako prozesu arrakastatsu eredugarria sortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.