Zenbat egun ditu euskarak zure bizitzan? Zenbat eremu? Zenbat berba? Zenbat frustrazio? Zenbat poz?
Jaiotzea edota bizitzea egokitu zaigun eremuaren arabera, 365, 243, 124, 7, 3… egun ditu euskarak bere berezko lurraldean. Eremu soziolinguistikoa, lan eremua, familia eta lagun arteko osaketa, «edukaziozko» ohiturak… horien guztien arabera, aukera ezberdinak ditugu euskaldunok euskararen herrian gu izateko. Eta nola ez, instituzioetatik jasotzen dugun babesaren edo babes faltaren arabera, erasoak ez direnean… Horretan guztian, euskaldunontzat berdintasun eskubideak kale.
Azken 50 urteotan aurrerapauso handiak eman ditugu euskararen berreskurapenean, hezkuntzan, helduen euskalduntze eta alfabetatzean, hedabideetan, aisialdian, administrazioan, unibertsitatean… lehen baino hobeto gaude. Mende erdi honetan, euskararen aldeko herri ekimenari esker, eta, bereziki, ahalegin horri instituzioen babesa gehitu zaionetan, lortu ditugu euskaraz bizitzeko aukera berriak, euskararentzat egun berri indartsuak.
Ibilbide horretan, euskararen zaintza eta garapenerako izaera anitzeko erakundeak sortu ditugu herri ekimenetik, eta organo instituzionalak ere lortu ditugu makina bat: udaletako euskara zerbitzuak, aldundietako euskara zuzendaritzak, gobernuko sailburuordetza eta horien bertsio eta garapen maila anitz.
Beharrezko ditugu, bai, bazter guztietan gainera, egungoak baino garatuago eta euskararen eremu osoan. Horien alde lan egin dugu eta egingo dugu, baina, kontuz, erakunde horiek bakarrik ez dute euskara salbatuko, gure lana ez digute beraiek egingo. Errealitateak diosku euskaltzaleon gogo eta eguneroko ahaleginik gabe jai dugula!
Euskararentzat zenbat egun nahi dituzu? Zenbat lagun? Zenbat hitz joko? Zenbat sentimendu eta bizipen? Olentzerok ez dizkigu ekarriko, eta gu ez gaude zain egoteko.
Euskaltzaleen mugimenduan 365 egun nahi ditugu euskararentzat, eta egun horiek guztiak irabazteko ari gara lanean urte osoan zehar. Abenduaren 3a gure eguna da, eta baita urteko gainontzekoak ere. Berdintasunean bizi nahi ditugu guztiak, edozein herrik bere hizkuntzan garatzeko duen eskubide eta aukera berberekin.
Euskaltzaleen mugimenduan baditugu bi borroka: bata gurea eraikitzen, eta bigarrena eskubidezkoa dugun babesa lortzen. Horretarako antolatzen gara herriz herri, nonahi, noiznahi, orain eta hemen euskaraz bizitzeko behar dugun babesa lortzeko eta eragin bideak antolatzeko. Baina, bereziki, Olentzero noiz etorriko zain egon gabe, euskararentzat egunak, guneak, funtzioak eta lagunak irabazteko antolatzen gara.
Euskaltzaleok, herriz herri antolatuta eta saretuta, makina bat ekimen sortu ditugu: euskal kulturgintza herrikoia dinamizatzeko ekimenak, haur eta gazteentzat aisialdi euskalduna, toki komunikabideak, herritarrak kontzientziatzeko programa eta kanpainak, erabilerarako mintzapraktikak eta abar eta abar. Ahal den guztietan herrietako eragile eta instituzioekin lankidetzan aritu gara, eta, ezin izan denetan, geure eskutik atera ditugu aurrera. Geure buruan sinestu dugu, eta bistakoak dira lorpenak. Asko dugu ospatzeko euskararen egunean, asko dugu ospatzeko euskararen 365 egunetan.
Egindako bidearekin pozik gaude, eta helmuga gertu ez daukagun kontzientziaz bada ere, pozik jarraituko dugu bide berriak urratzen, egunez egun, urratsez urrats, helmuga gerturatzeko eta euskararen etorkizuna iraultzeko. Bidean plazak behin eta berriro hartuko ditugu, eta horixe izango da gure aldarria: Euskarak 365 egun!
Euskarak zenbat egun ditu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu