«...euskarak ez du balio lan egiteko»

Oihana Goiogana Bengoetxea,, Alfredo Lakuntza Vicario, Ander Pascual Ariz
2016ko martxoaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hezkuntza arloko zenbait erabakik alderdi politiko, sindikatu eta erregimenaren aldeko taldeetan sortu duten liskar biziaren lekuko izan gara azken aste hauetan nafarrok. Lan Eskaintza Publikoaren (LEP) traumatikoarekin hasita, gobernuari egindako presio eta mehatxuek beren helburua lortu dute, eta hasierako proposamenetik 120 lanpostu kentzea lortu dute, guztiak euskaraz, oposizioetarako prestatzen ari ziren irakasle askoren prekaritatea areagotuz. PPk EPEaren aurka Madrilen jarritako helegitea gobernuarentzat aitzakia paregabe izan da. PPren salaketak ehun lanpostu kentzea eskatu arren, gobernuak, modu ulergaitzean, 120 plaza kendu ditu. Hainbat sindikatu pozik azaldu dira plaza gutxiago eskaintzearekin, irtenbidea geroz eta ezegonkorragoa den etorkizun baten esku utziz. Zein herrialdetan normaltzat ikusiko genuke sindikatuek LEP plaza murriztea eta prekaritatearen luzapena ospatzea?

Bigarren erabaki larria zerrenda bikoitza mantentzea izan da. Eta horri lotuta, Hezkuntza Departamentuak, modu traketsean, aurreko erabakia makillatu nahian irakasle elebidunei espezialitate bereko bi hizkuntzetan azterketak bi egunetan egiteko aukera eman nahi izana (prozesu nekagarritik bi aldiz pasaraziz irakaslegoa, Hezkuntza Departamentuak sobera ongi dakienean irakasleak gaituta daudela bertako bi hizkuntzetan klaseak emateko). Salbuespen neurri hori ez da Administrazioko beste esparrutan gertatzen, ez Nafarroan ezta estatu osoan ere. Zerrenda bakarra berdintasun, meritu eta gaitasuna bermatzeko modu bakarra da. Mahai orokor eta sektorialaren gehiengoaren babesa du. Zerrenda bikoitza mantentzea gutxi irudituta, erregimenaren sindikatuek, izugarrizko zalaparta sortu dute azterketa datak egun ezberdinetan jartzearekin eta ele bitan irakasteko gaitasuna dutenei bi azterketak egitearen aukera ematearekin. Zer gertatzen da Nafarroan? Bi edo hiru hizkuntza jakitea mugatu edo zigortu egin behar al da? Aukerak mugatu edo gaitasunak ukatu behar al zaizkie irakasle euskaldun elebidun edo eleaniztunei? Era berean, inposaketatzat hartu zuten Iruñeko 17 haur eskoletatik lau euskaraz eskaintzan egotea. Erotuta al gabiltza?

Otsailaren 20an, Afapnak gidatutako kontzentrazioan espainolismo linguistikoaren militante sutsuak bildu ziren (CCOO, UGT, ANPE, CSIF eta APS), eta agerian utzi ere haien zentzugabekeria eta argudio falta. Dena zaku berean sartuta, herritarren benetako eskaerari muzin eginez eta hizkuntza eskubideetan injustizia historikoak ignoratuz, egoera hori orekatzeko helburua duen edozein neurriren aurka gogor ekiteko prest. Gaztelaniazko irakaslegoari bazterketarik ez leloarekin, elebakarrak diren irakasleak baino ez dituzte kontuan hartzen, alde batera utziz euskaraz dakiten gaztelaniazko irakasleak. Hori nahikoa ez balitz bezala, beldurra zabaltzen dute ehunka irakasle ez direla kontratatuak izango esanez. Hezkuntza Departamenduaren ardura da irakasteko gaitasun handienak dituzten irakasleak kontratatzea, hizkuntza gaitasunak barne. Erregimenaren eta statu quo-aren aldekoek hainbeste kritikatzen duten bigarren aukera hori, gaitasun profesional bat gehiago izatearen ondorioa da, kasu honetan ikasle nafarren %25-%30ek (%43 eremu mistoan) ikasten duen bertako hizkuntza menperatzea, alegia. Non ikusi da bestelakorik? Bat gatoz, nola ez, titulazio gehiago duten irakasleek ere aukera gehiago izan beharko lituzketela, eta horregatik aspalditik zerrenda bakarra aldarrikatu dugu, hau da, irakasleagoa norberaren meritu eta gaitasunen arabera sailkatzeko bidezko modurik eraginkorrena delako.

Euskara lurralde osoan ofiziala ez izatearen argudioaz; bi hizkuntzak ofizialak diren eremu euskaldunekoa den irakasle bati ukatuko diogu bere herrialdean gaztelaniazko lanpostu bat eskuratzeko aukera? Zein irizpideren arabera? Lehen aipatutako sindikatuen presioek hizkuntzagatik bereizitako zerrendetan daudenen irakasle elebakarren pribilegiozko egoerak mantentzea dute helburu, eta, bide batez, oso koldar jokatu duen gobernua higatzea. Gobernu honek eskubide linguistiko eta laboralen urraketa eta bazterkeriarekin bukatzeko aukera izan du eta ez du gauzatu. Honi guztiari beren burua ezker eta aurrerakoitzat duten sindikatu eta partiduen jarrera klientelista gehitu behar zaio. Antzinako erregimena gogoan dute eta oraindik mesedeak zor dizkiote antza denez. Nola uler dezake berezko bi hizkuntza duten erkidegoetan murgiltze linguistikoa bultzatzen duten partiduek eta sindikatuek, hemen Nafarroan berdin ez jokatzea?

Kolektibo horiek irekitzen ari diren fronte guztietan elementu komun bat dago, Nafarroako berezko hizkuntzetako baten aurkako auto-gorrotoa nabaria, euskara ez jakitearen kultura bultzatzea eta urteetan luzatu diren pribilegiozko egoerak galtzearen beldurra. Gogora dezagun noizbait erdaldunen ahotan guztiok entzun dugun esaldi hura: «Beste hizkuntza bat ikasi nahiago dut; izan ere, euskarak ez du lan egiteko balio». Eztabaida konstruktiboa beharrezkoa dugu, balio demokratiko eta berdintasunean oinarritutako gizarte batera eramango gaituena, eta, jakina, gure ezagutza eta aberastasunak saritu eta bultzatuko dituena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.