EAEko CCOOko Lan Osasun, Ingurumen eta Euskara idazkaria

Euskarafobia al da lanpostuko baldintzak betetzen dituena defendatzea? Argi eta garbi, ez

Alfonso Rios Velada
2025eko martxoaren 21a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Denbora pasatu ahala pertsona eta kolektibo jakin batzuek ez dute amore ematen, hamaika aldiz gezur bera errepikatuta egia bihurtuko balitz bezala. Duela egun batzuk komunikabide honetan Aintzat kolektiboko ordezkari baten artikulu bat publikatu zen CCOOren euskararen inguruko jarrerari buruz, eta uste dugu beharrezkoa dela horri erantzutea. 

Horietako bat, CCOOri ez dagokion protagonismo bat egoztea hizkuntza eskakizunak betetzen ez direnean egon diren sententzietan. Gai honetan sakontzea merezi du: ez dira euskararen aurkako sententziak, nahiz eta horrela ulertarazi ohi den, baizik eta hizkuntza eskakizunen sistemaren erabilera partzialki baliogabetzen duten sententziak. Beharrezkoa den sistema bat da hori, baina askotan ez da era egokian erabiltzen.

Azkenaldian parametro hauetan atera diren 23 sententzietatik lau bakarrik izan dira CCOOren errekurtsoak. Gehienak abokatu pribatuekin langileek egin dituzten errekurtsoak izan dira. Euren lanpostuak arriskuan ikusi dituzten pertsonek beren burua babestea erabaki dute eta sententzien bidez ziurtatu da enplegu publikoko deialdiek euskara eskakizunen legea urratzen dutela legez bete behar den indizearen gainetik. Esan beharra dago hori Eusko Jaurlaritzak onartutako 19/2024 Dekretuan ezartzen dela, eta ez Madrildik datorren bestelako legeren batean, askotan esan den moduan. Errekurtsoak ere egon dira gainera administrazio publikoaren azpikontrata moduan diharduten enpresen aldetik, baita elkargo profesionalen aldetik ere, hala nola Bizkaiko udal-idazkari, kontu-hartzaile eta diruzainenak.

Aintzat mugimenduko ordezkariaren artikuluan garbitzaileen kolektiboa aipatzen da; uste dugu lan egiteko erabiltzen ez duen euskararen eskakizuna egiaztatzea eskatzen zitzaion garbitzaile bat ez baztertzea lortu den kasuaz ari dela. Langile horren lana ez da herritarrekiko arreta, batetik, eta bestetik, derrigor bete beharreko indizea urratzen zen kasu horretan. Sindikatura jo zuen baztertua ez izateko bere eskubidea babestera, eta sindikatuak defendatu egin zuen langilea. CCOOra etorri ez balitz, beste sindikatu batera edo abokatu pribatu batengana joko zuen, baina bere burua babesteko hautua egina zuen dagoeneko.

Harritzekoak, sare sozialetan kasu honi buruz egon ziren erantzun amorratuak, bereziki bat: ikas dezala, denbora izan du eta. Hori esan duenak, antza, ondo ezagutzen du emakumea. Ondo omen daki ikasteko denbora izan duela, ondo daki ez duela familia-kargarik, ez eta menpekotasuna duten gurasorik… Sortzen den galdera logikoa da: denok egoera berean al gaude ikas dezagula exijitzeko, ustez denbora badugulako? Publikoari arreta ematen lan eginez gero, non lan egiten dugun eta zenbat lankiderekin aintzat hartuta, noski, ikasi eta egiaztatu beharko dugu, gure egoera pertsonalak aintzat hartu gabe. Baina ezin bada eta eskakizunak ez badu herritarrentzako arretarekin zerikusirik? Kaleratzea ere mereziko luke? CCOOren ustetan, ez. 

Euskadiko herritarren %14 inguruk dauka B2 eskakizuna edo gehiago, eta ez dugu uste herritarren %14 bakarrik direnik administrazio publikoarentzat lan egin dezaketenak, zuzenean edo azpikontrataren baten bitartez. Maila hauek ziurtatzea beharrezkoa izango da herritarrentzako arreta ematen duten lanpostuetan, baina arreta zuzen hori ematen ez duenarentzat bestelako aukera batzuk badaude, A1 edo A2 mailak edo ulermen maila ona eta ahozko jarioa. Pixka bat es mucho kanpaina asko gustatu zitzaidan, Pixka bat es mucho administrazio publikoko zenbait espaziotan lan egiteko. Gainera, euskaltegietako etengabeko ebaluazioarekin eta lanpostuetako jardunaren ebaluazioarekin osatu daitezke; CCOOk proposatu ditugu, baina, dena delakoagatik, oso zailak omen direla esaten digute. 

Aipatutako artikuluak CCOOri egozten dio osasun sistema publikoa ahaztuta uztea, baita langileak eta pazienteak ere. Bada, hor jarraitzen dugu herri plataformek osasun publikoaren alde egindako mobilizazioetan, gainerako sindikatuekin Osakidetzako biltegien pribatizazioaren aurka egindako mobilizazioetan eta osasunaren euskal itunean.

CCOOn ez dago euskarafobiarik. Diru publikoz euskaltegien doakotasun maila handitzea proposatu dugu, baita enpresa pribatuetan liberazioak egitea ere euskara ikasteko. Euskara gorroto duenak ez du diru publikoz hizkuntza sustatzea planteatzen, euskara gorroto duenak ez duelako euskara kalean ikusi nahi, kasurik hoberenetan museo batean sartuta gorde nahi dute horiek. 

Jakin badakigu diglosia-egoera ez dela konponduko lanpostuetako eskakizunaren azeleragailua zapalduz, baizik eta Euskaraldia bezalako ekimenen bidez (Aintzat-eko ordezkariak ere aipatzen duena). Ekimen horiek euskaldunok gure aniztasunean elkartu eta euskararen inguruko konplizitateak sortzen laguntzen dute.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.