Duela egun batzuk AEK-ko euskaltegietan euskara ikasten ari direnek gutun bana, instantzia moduan, aurkeztu zuten Euskarabideak Biurdanan duen egoitzako erregistroan. Gutun horretan, alde batetik, euskara ikastera bultzatu dituzten motibazioak azaltzen zituzten; beste aldetik, euskara ikasteko dauden zailtasunak ere aipatzen zituzten; eta, azkenik, egiten duten ahaleginaz mintzo ziren. Euskara ikastea erabakitzen duenak euskararen normalizazioaren bidean egiten duen ekarpena ezinbestekoa da, eta ezin da ahaztu ekarpen horretan dagoen ahalegina, bai denborari eta eguneroko bizimoduari dagokionez, baita, nola ez, ekonomiari dagokionez ere.
Euskarabideak, bada, erantzun egin die ikasleei. Azter dezagun, beraz, erantzuna. Lehenik eta behin, «Erakundeentzako diru-laguntzak kudeatzen dituela» aipatzen dute, haien funtzioak ongi markatuta. Hasieratik, jarrera neutroa bilatzen dute, ongiaren eta gaizkiaren gainetik; kudeatu baino ez dute egiten. Lehen kudeatzen zena kudeatzeko sortu omen zen Euskarabidea, halaxe izanen da, bai. Ez diogu beste funtziorik edota ekarpenik ikusten.
Euskarabideak 2008an helduak euskalduntzeko banakako bekak bultzatu zituen. Euskaltegiok urteotan aldarrikatutako ekimena, hain zuzen ere. Nola sortu zituen? Diru-sail txiki bat egokituz (non-eta euskaltegiok jasotzen dugun diru eskas horretatik hartuta) eta euskaltegiokin baldintzak eta ezaugarriak partekatu eta adostu gabe.
Holako hasiera kaxkarra izan zuten beka horiek 2009an erdira murriztu zituzten. Ikasleei 5 euro banatzera ere iritsi ziren. Norbaitek kuantifikatu al du zenbat gastatzen den 5 euroko diru-laguntzen kudeaketan? Zenbat balio du kudeaketaren kudeaketak? Datu bat ezagutzen dugu: Euskarabideak aurrekontuaren bi heren gastatzen ditu bere burua kudeatzeko. Heren bat diru-laguntzetan, beste bi heren bere funtzionamenduan.
Zorionez, ikasleek ekimena hartu zuten, eta sinbolikoki «beka horiek» zentimotan eman zituzten. Euskarabidean oihartzuna izan zuen, zeren-eta handik gutxira euskaltegiekin bildu eta gaia mahai gainean jarri zuten. Bilera hartan euskaltegietako ordezkariok bekarik ez ematea eskatu genuela adierazi zuten. Gauzak kontatzeko modu bitxia. Euskaltegiok hauxe esan genuen: horrela banatzekotan, hobe ez banatzea. Ikasleok adierazitako gauza bera: hori egitekotan, mesedez, ez egin ezer! Hori baldin bada zuek duzuen kudeatzeko modua, ez kudeatu! Utzi gauzak dauden bezala, okerrago uzteko kudeatzea marka da gero!
Horrek ez du esan nahi bekak ez ematea eskatu dugunik, bai euskaltegiok, bai ikasleek, beste behin ere, gure egoera hobetzea eta ikasleen bekak ematea aldarrikatu ditugu, ezagunak diren arrazoiengatik. Arrazoiak, tamalez, bizi-bizirik daude, eta eskaera guztiz zilegi da. Nori eskatu? Zuei, gobernuari! Nork gobernatzen du, bestela?
Euskarabidearen erantzunean, aldiz, ez dira gobernuaz ari. Behin eta berriro, parlamentuaz ari dira, parlamentuak banatzen duena baino ezin duela kudeatu. Zoritxarrez, ezin du diru gehiago kudeatu, haien esku egongo balitz... Baina azken urteotan, Euskarabideak, dagoenaren kudeaketa une batez ahaztuta eta nonbait jaso al du zein den Nafarroako helduak euskalduntzeko estrategia? Zor zaion garrantzia aitortuta, norbaiti helarazi dio zeintzuk diren sektorearen erronkak, zein izan beharko lukeen euskaltegientzako diru-laguntzen politikak, nolakoak beharko luketen herritarrei bideratu beharreko bekek? Kudeatzeaz gain, halakorik egin al du? Ez! Gaur egungo hizkuntza politikak helduen euskalduntzean eragiten duen larritasunaz mintzo al da? Kexatu egin al da? Euskarabidearen Plan Estrategikoa non dugu? Geldirik dagoen plan estrategiko horren egileen ahotsik entzun al da?
Eta Parlamentuaren teilatuan pilota kokatzen duenez, interesgarria da gogoratzea 2010eko otsailean Parlamentuak Gobernuari (Euskarabideari) luzatu zion agindua, IKA zein AEKrekiko itun bat egin zezala eskatuta. Euskaltegioi askitasun ekonomikoa bermatzeaz mintzo zen agindua, hain zuzen ere. 2011ko ekainean, kudeaketaren kudeaketan murgildurik omen daudenez, oraindik ez dugu inongo berririk.
Gutunaren bukaeran, euskaltegietako arduradunekin etengabeko eta zuzeneko harremanak dituztela gaineratu zuten. Bai, hala izan da. Harremanetarako aukera izan dugu, baina ondoriorik ez. Are gehiago, harremanetan eta burokrazian lan handiagoa eman digutela ondorioztatzen ahal dugu. Euskarabidea sortu zenetik helduen euskalduntzeak aurrerapausoren bat sumatu al du? Ez! Duela lau urte baino urriagoak diren diru-laguntzen kudeaketa hutsa egitera mugatu dira.
Euskarabidea Nafarroako Gobernuaren tresna bat da, baina askotan eskuak lotuta dituen zerbitzu independente moduan (kudeatu baino egiten ez duena) bere burua aurkezteko ohitura du. Bere esku egonen balitz..., antza, desberdina litzateke. Baina Euskarabideak bi tokitan egoteko gaitasunik al du? Bi tokitan egoteko eskubiderik al du? Nafarroako Gobernuak sortutako zerbitzu hori ez al da bera ere gobernuaren politikaren erantzule? Gure ustez, ezin da kornerra atera eta, era berean, kornerra errematatu! Ezin da gobernuaren zerbitzu bat izan eta, era berean, gobernuaren politikatik salbu egon.
Euskararen normalizazioan guztion konplizitatea ezinbestekoa, hots, bakoitzak bere eremutik eragin behar du; herritarron apustua argia da: euskaltegien sarea, milaka lagun euskara ikasten, erabilerarako sareak sortzea eta abar. Euskarabideari, gobernuari, bere eremutik eragiteko eskatzen diogu:
1. Euskara ikasten ari direnentzako bekak jartzea, propio eta diruz ongi hornitutako sail baten bidez.
2. Euskaltegien egoera hobetzeko urratsak egitea (parlamentuak ere eskatu bezala).
Euskarabidea, kornerra atera eta errematatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu