Euskara zineman

Beatriz Zabalondo.
2011ko urriaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Amaitu berri da Donostiako Zinemaldia. Oso goian amaitu ere, dirudienez. Poztekoa da, benetan. Eta horretara iristeko lan egin duen taldeak, urtebetez gogotsu jardundako kideek, alegia, merezi dute sari hori, gure aitortzaz gainera. Entzun dugu grinaz aritu dela txalupatik tiraka zuzendari berria ere; topa lemazainari ere, noski, eta urte askotarako guztiei.

Ikus-entzunezkoen sistema

Zinemaldia erakusleiho ona da gure zinemaren uzta ezagutzeko, gure zinemagileen azken lanez eta haiei buruzko albisteez jakiteko. Euskarazko zinemaz ari naiz. Euskarazko ikus-entzunezkoez: nola etxean propio sortutakoez, hala kanpoko produkzio euskaratuez. Euskarazko ikus-entzunezkoen sistemaz dihardut, zehazki esateko, polisistemaren teoriatik begiratuta esango genukeenaz. Eta zer sartzen dugu termino potolo horretan? Mota eta genero askotariko testuak (edo produktuak), ikus-entzunezko edozein euskarritan igortzen eta hartzen direnak, hemengoak eta euskarazko jatorria dutenak, eta kanpoko edozein kulturatan sortuak eta euskarara ekarritakoak. Hala, itzulitako ikus-entzunezkoak gure kulturan integratzen ditugu, eta euskal kulturaren barruan betetzen dute bete beharreko funtzioa eta bilbatzen dira haren ehunean.

Ez nabil sua asmatzen: literaturaz ariko bagina, kanpoko literatura euskaratua «gurea» dela esaten ariko ginateke, gure literatur sistemakoa. Zer itzuli eta norentzat—eta noiz, akaso—, ez da oraingo kezka; bistan da ezin dugula dena itzuli. Batetik, ez ginateke iritsiko literatura guztia itzultzera; bestetik, ezta dena irakurtzera ere. Merkatua arinegi doa bere bidean, gainera, gu haren trenpu onean ibiltzeko gai garela sinesteko.

Arestian aipatu dugun sistemaren ehunduran ez dira produktuak bakarrik sartzen: ikus-entzunezkook ikusteko aretoak ere parte dira sisteman; testu edo produktu horiek denak banatzeko sare eta azpiegiturak ere bai; baita prentsan eta gainerako medioetan iragartzeko baliatzen diren diskurtsoak ere; eta, nola ez, autoreak (lan kate osoan hondar aleren bat jarri dutenak) eta ikusleak eurak. Faktore edo elementu horien arteko tirabirak eta harremanak ere kontuan hartzekoak dira, jakina. Sistema handi horretan, esaterako alorka edo eremuka edo hizkuntzaka sailkatzen ditugu azpisistemak (hortik, polisistema deitzea).

Gure uztarako ekarritakoa

Aurtengo Zinemaldiaren eskaintzari gainbegiratua egin diogu, gure kulturarako irabazi dugun uztaren nolakoaz irudi bat egiteko. Programazioari erreparatuz gero, Sail Ofizialean hamasei film lehiatu dira, eta beste lau eman dituzte lehiaketatik kanpo. Lehiatutako filmetarik hiru gaztelaniazkoak ziren; gainerakoak, beste hizkuntzaren batean filmatuak: ingelesez, frantsesez, koreeraz, japonieraz... Gaztelaniaz filmatutako hiru lanak ingelesezko azpidatziekin eman dituzte. Lehiaketan sartu diren gainerako hamahiru filmak, gaztelaniazko (eta ingelesezko) azpidatziekin jarri dituzte ikusgai.

Lehiaketatik kanpo geratu diren lau filmetarik bi ingelesez ziren; bat, frantsesez, eta laugarrena, euskaraz. Asmatuko duzue zein hizkuntzatan azpidatzi diren? Bai, jakina. Lehiaketan sartutako filmek izan duten tratu bera eman zaie horiei ere. Alegia, ingelesezko filmak gaztelaniaz azpidatzita eman dituzte; eta film frantsesa eta euskarazkoa, gaztelaniazko (eta ingelesezko) azpidatziekin.

Kontuak eginda, Sail Ofizialean gure uztarako bildu duguna euskarazko film luze bat izan da. Etxean sortutakoa, beraz. Erdaraz ekoitzitako film bat bera ere ez zaigu etxerako geratu. Hala ere, seguru asko, proportzioa ez da disparate bat. Horren alde nahiz kontra egiteko arrazoiak erraz samar aurkitu daitezke, eta argudio sorta batekin esango dugu: edo ez dela nahikoa egiten euskarazko ikus-entzunezkoen alde, edo ez dagoela dirua alferrik gastatzeko premiarik Zinemaldira joan den batez besteko ikusle jendeak aise eta ondo baldin badaki gaztelaniaz.

Sail Ofizialeko film guztietan errespetatu da jatorrizkoa, baina, aldi berean, guztiak ikusi edo entzun dira, gutxienez, gaztelaniaz, emanaldi guztietan (eta gehienetan, ingelesezkoekin batera). Ni gehien harritu nauena ez da euskarazko azpidatzirik ez ikustea inon; ezta gaztelaniazkoak ez diren film guzti-guztietan gaztelaniazko azpidatziak ikustea ere. Gehien harritu nauena da ez dela film bakar bat erakutsi, behin ere ez dutela pasatu, demagun, bakarrik ingelesezko azpidatziekin. Ingelesez diot, gaur eta hemen, nazioarterako gehien erabiltzen dugun hizkuntza delako.

Ez zait iruditzen uste baino zinemazale gutxiagok dakiela ingelesez, askok baitakite. Baina, seguru asko, uste baino gehiagok egiten dugu gaztelaniaz eta askoz erosoago bizi gara eta gozatzen ditugu filmak gaztelaniaz, ingelesez baino. Ai ene! Eta hemendik ze urrun dagoen... euskaradun!

Zer eta nola iragarri

Orain txikikeria bat irudituko zaio bati baino gehiagori filmak nola iragarri zaizkigun ikustea, baina nago, bere huskerian, kontu horrek asko esaten duela gure ikus-entzunezkoen sistemari diogun atxikimenduaz. Egunkari honek irailaren 10ean argitaratu zuen Zinemaldiko egitarauan ez zen ageri zein filmek zituen gaztelaniazko (eta ingelesezko) azpidatziak. Aldiz, markatua zetorren zein filmetan, zer ordutan eta zein aretotan zeuden euskarazko azpidatziak. Oso litekeena da toki arazoengatik erabaki izana hala egitea. Baina munduari euskaraz begiratzen dion kazeta honek ez al zituen euskarazkoaz beste hautu guztiak erakutsi behar egitarauan? Larriena ez da nola egin den, horrek gure barruan zaratarik sortu ez izana baizik. Pentsatuz, gainera, esker oneko izan behar dugula, euskarazko hautua egiteko erraztasuna eman zaigula eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.