Hizkuntza politikaren eremuan Gobernu honek hasieratik hartu zuen konpromisoetako bat euskararen normalizazioan aurrera egiteko plan berri bat prestatzea izan da. Izan ere, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN), 1999an onartua eta oso tresna baliosa izan dena, gaur egungo premia berrietara egokitu behar genuen. Urte bat baino gehiago lanean eman eta gero, Euskararen Aholku Batzordearen egitekoaren emaitza aurkez dezakegu jendaurrean. Euskara Sustatzeko Ekintza Plan (ESEP) berriak ordeztu baino gehiago osatu egingo du EBPN, zenbait esparrutan bereziki.
ESEP adostasun handiaren ondorioa izan da, Euskara 21 ponentzia bezala, ESEPen abiapuntua izan dena eta Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politika osoaren ardatza dena. Izan ere, Euskadin euskararen aldeko jarrera oso zabala da eta ideologia eta sentsibilitate guztiak gainditzen ditu.
ESEPen helburu nagusia euskararen erabilera areagotzea da. V. Inkesta Soziolinguistikoak berriki eman dituen datuen arabera, Euskadiko hamasei urte edo gehiagoko herritarren %32k dakite euskaraz; erabili ohi dutenak, aldiz, %20 dira. Datu positiboak dira, erakusten baitute euskararen presentzia poliki-poliki handituz doala Euskadiko Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan. Adibidez, IV. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 2006an euskaraz zekitenak %30 ziren eta maiz erabiltzen zutenak %18,6, betiere hamasei urte edo gehiagoko herritarrak kontuan hartuz. Aurrera goaz, dudarik gabe, nahi genukeen erritmoan ez bada ere.
Eusko Jaurlaritzak nahi du erabiltze-tasa emeki-emeki jakite-mailara hurbildu dadin. Inkesta soziolinguistikoak eta ESEPek tandem bat osatzen dute. Alde batetik, inkestak egoera soziolinguistikoaren argazki bat ematen digu. Bestaldetik, ESEPek egoera horri eragiteko tresnak identifikatu ditu. Herritarren borondatearen arabera errealitatea aldatzeko lehendabizi errealitatea ondo ezagutu behar da. Inkesten datu hotzez harantzago joan nahi dugu. Normalean euskaraz hitz egin ohi dutenei ez ezik euskaraz jakinda inoiz edo ia inoiz hitz egiten ez dutenei ere erabiltzeko aukera gehiago ematea da erakundeen egitekoa. Horretan ari gara herri administrazioetan.
Espero dugu ESEPek datozen hamar urteetako hizkuntza plangintza arrakastaz gidatzea. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Euskararen Aholku Batzordearen elkarlanetik sortutako dokumentu hau ezinbesteko aurrerapausoa izango da euskararen normalizazioan. Adostu dugun testuak hiru helburu estrategiko biltzen ditu: euskararen jabekuntza, erabilera eta «elikadura» deitu duguna, hots, hizkuntzaren kalitatea aberasteko behar diren neurriak. Eguneroko bizitzako esparru guztiak ukitzen ditu: irakaskuntza, administrazioa, lan mundua, hedabideak, kirola eta aisia, kultura, publizitatea… Teknologia berriei garrantzi berezia eman zaie, uste osoa baitugu giltzarri bat direla eremu urriko hizkuntzen garapenean. Guztira, marko berriak 350 bat ekintza-ildo jasotzen ditu, hizkuntzaren kudeaketa planetan eta erakundeen eguneroko jardunean gida-lerroak izango direnak, Herri Administrazioetan Euskararen Erabilera Normalizatzeko V. Planarekin batera. Dokumentuaren beste berritasun bat hizkuntza eskubideen tratamendu zehatza da, asmo onen adierazpen hutsa izateari utzi eta praktikara eraman ahal izan daitezen.
EBPNz eta Euskara 21 gogoeta prozesuaz gain, Euskararen egoerari eta bilakaerari buruzko adierazleen txostenaz (2011n egina) eta Euskararen Aholku Batzordeko Euskara 21 Batzorde-ataleko kideen ekarpenez ere elikatu da ESEP. Orain aurkezten dugun testua, oso landua izanagatik ere, behin-behineko testu bat besterik ez da. Izan ere, dokumentu ireki bat da. Hilabete batez nahi duten guztiek beren proposamenak egin ahal izango dituzte Euskara 21 blogaren bidez (helbide honetan: http://blog.euskara21.euskadi.net/). Gero, testua, herritarren proposamenez osaturik, Eusko Legebiltzarrera igorriko da, behin betiko onetsia izateko. 2013. urtearen hasierarekin batera, plan berria indarrean egotea espero dugu.
Beraz, herrikideok, orain zuen txanda da. Zuen oharren zain gauzkazue.
Euskara sustatzeko plan berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu