Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea

Euskara: pribilegioa bizirik edukitzea da

Jabi Arakama Urtiaga
2024ko urtarrilaren 31
05:00
Entzun

Euskaltzaindiaren Hiztegiak honela definitzen du pribilegio hitza: «1. Norbaitek edo zerbaitek edozein aldetatik duen lehentasuna edo nagusitasuna. 2. Gizabanako edo talde bati, guztientzako legetik at, ematen zaion eskubide edo abantaila berezia».

Definizio horiek irakurrita, ez du ematen nafar euskaldunek beren egunerokoan inolako «lehentasunik» edo «nagusitasunik» dutenik inoren aitzinean, «guztientzako legetik at» daudenik edota «eskubide edo abantaila berezirik» dutenik. Aitzitik, euskaraz bizitzen, komunikatzen eta harremanak izaten saiatzen garenok, euskara normaltasunez erabiltzen saiatzen garenok eta eskuragarri ditugun zerbitzu publiko edo pribatuak euskaraz erabiltzen saiatzen garenok etengabean gertatzen gara hizkuntza-tentsio bati aurre egin beharrean. Tentsio hori, ziur aski, ezezaguna izango zaie gurean gaztelaniaz bizi nahi dutenei. Horrelakoak gertatzea ohikoa da diglosia-egoeretan, eta hori da Nafarroan daukaguna.

Horiek horrela, erabilera sozialerako aukera gutxiago dituen hizkuntza-komunitateak bere hizkuntzan zerbitzu duinak eskatzeak ez luke mehatxagarri izan behar gehiengoa osatzen duten pertsonentzat. Hau dio Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak ere (Espainiako Estatuak 1992an sinatu zuen, eta 2001ean berretsi): «Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen aldeko neurri bereziak hartzea ez da hartuko eremu zabalagoa duten hizkuntzetako hiztunen aurkako diskriminazio-ekintzatzat, neurrion helburua eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzok erabiltzen dituztenen eta gainontzeko herritarren arteko berdintasuna bultzatzea edo hiztun horien egoera partikularrak aintzat hartzea bada». Edo, Pedro Miguel Etxenikek modu xume eta argiagoan adierazi zuen bezala Vianako Printzea saria jasotzean, Felipe Borboikoaren aitzinean —printzea zen orduan—, «anai-arreben artean inor ez da haserretzen gaixorik dagoen senidea gehiago zaintzen delako».

Egoera horren aurrean, batzuek, tamalez, bide errazari heltzen diote: hizkuntzen arteko konfrontazioari eta, okerrena dena, hiztunen artekoari. Dirudienez, duten funtsezko eslogana da bata edo bestea; duela urte batzuk, atzerriko hizkuntzen eta hizkuntza propioaren artean aukerarazi nahi ziguten, eta, orain, gure bi hizkuntzekin berpiztu nahi dute eztabaida antzu hori. Analisirik xumeenaren aurrean urtzen diren akusazioen aurrean, argudiorik hoberena milaka nafarren erantzun eredugarria dugu, gaztelania eta euskara abiapuntu paregabe ditugula bat egiten baitugu eleaniztasunarekin.

Euskarabidean, probokazioetan erortzetik urrun, hizkuntza-politika lokaztetik urrun —hori da argudiorik ez dutenei hainbeste gustatzen zaiena—, hizkuntza-normalizazioaren alde lan egiten jarraitzearen alde gaude. Izan ere, nafarrek, denok, euskara jakin ala ez, pribilegioa dugu —hau bai pribilegioa— milaka urte dituen hizkuntza propio bat izateko, bisitatzen gaituztenen artean jakin-mina eta miresmena eragiten duena. Eta bizirik dagoen hizkuntza hau, kultur ondasun sekulakoa izateaz gain, komunikazio- eta harreman-elementu bikaina ere bada, eta, era berean, gizarte- eta lurralde-kohesiorako ere balio beharko luke. Nork ez du abizen euskaldunik? Edo nork ez ditu bere ibilbideak, harremanak edo bizipenak euskal toponimoen bueltan gauzatzen? Edota nork ez du oharkabean euskara erabiltzen (txistorra, Osasuna, mandarra...)?

Euskara sustatzeko politika publikoek polemikak saihestu eta ildo horretatik joan behar dute; euskara ikusgai egitearen alde egin behar dute apustu, euskara harribitxi bat baita hizkuntza modura, harribitxi bat komunikaziorako eta harremanetarako. Euskarari prestigioa ematearen alde egin behar dugu, Nafarroa osorako aukera-iturri bihurtzearen alde; eta, jakina, pertsona guztiei, edozein dutela ere gizarte-egoera, ikasteko eta erabiltzeko benetako aukerak ematearen alde. Horretan ari gara, eta horretan jarraituko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.