Jone Miren Hernandez Garcia.

Euskara Kirolkide

2022ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Euskara Kirolkide da 2020an kirol eremuan abiatu zen egitasmoaren izena. Soziolinguistika Klusterrak koordinatuta eta Eusko Jaurlaritzak zein Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagunduta, haur, nerabe eta gazteen euskararen erabilera bultzatzea du jomuga. Aurrekari bat badauka proiektu honek, 2016-2018 bitartean gauzatu zena: D ereduko kirola.

Egitasmo horren izenburuan erreparatzea merezi duela uste dut. Bertan agerikoa da abiapuntuan zegoen erreferentzia: hezkuntza eremua. D ereduak eskolatik kirolaren esparrura nola egin zezakeen jauzi aztertzea eta irudikatzea ziren, besteak beste, proiektuaren helburuak. Asmoaren egokitasuna alde batera utzita, izenburu horretatik ideia argi bat atera daitekeelakoan nago: eskolak euskararen berreskurapen prozesuan izan duen protagonismoa. Jakina da. Hezkuntzak euskararen biziberritze prozesua zeharkatu eta blaitu du goitik behera, eta, beste eragileen garrantzia kontuan hartzekoa bada ere, argi dago belaunaldi berriak horren fruitua direla. Eta horren isla. Hau da, haur, nerabe eta gazte horiek agerian uzten dituzte eskolaren bidezko estrategiak dituen mugak ere: eskolak bakarrik ezin du.

Oso zabalduta dagoen ideia da hau, baina hona ekartzeko helburuak bi dira. Batetik, ohartaraztea berreskurapenaren estrategietan aldaketa sakonak planteatu behar direla (agian berreskurapenaren nozioa bera birpentsatu behar da); bestetik, eta aurrekoarekin lotuta, aldaketa prozesu horretan bira bat gertatu behar dela. Agian —orain arte egin den moduan— eskolatik gizartera begiratu ordez, gizartetik eskolari so egin behar zaio. Alegia, jakinda hezkuntzak oinarrizko eta funtsezko papera duela, zeregin horretan nola lagundu ahal zaion pentsatu beharko genukeela. Marcel Maussen elkarrekikotasunaren ideia datorkit burura. Mauss antropologoaren arabera, mesede edo opari bat egiteak ematen duenaren eskuzabaltasuna eta handitasuna adierazten du, eta, aldi berean, jasotzen duenarengan egindako faborea edo emandako oparia bueltatzeko beharra sortzen du. Elkarrekikotasunaren nozioak, gainera, gizakien eta gizarte eremu ezberdinen arteko loturez eta interdependentziez hitz egiten digu.

Haur eta gazte hiztun asko eskolatik atera eta euskararen basamortuan murgildu behar dira, inguruan euskaraz aritzeko aukera oso gutxi dituztelako, adibidez, kirolean. Bestalde, eta Euskara Kirolkide-ren ikerketan ikusi dugun moduan, kirol klub asko ezinean ibiltzen dira, euskarazko eskaintza bat garatzeko edota euskara behar bezala lantzeko zailtasunak dituztelako.

Klubetako zuzendaritza-talde ezberdinekin egindako ikerketa horrek bide eman digu erakunde horiek gertutik ezagutzeko. Esperientzia honen ondorioz, kirolean ez ezik gizarte zabalean ere murgiltzen diren kultura txikiak bezala irudikatu ditugu klubak. Talde bat izan nahiak bultzatuta, klubak historia eta identitate bat garatzen joan dira, betiere gertuko testuinguruarekin bat eginik, hartu-emanak eta sareak ehunduz. Antolaketak, kudeaketak eta errutinek egiten dituzte klubak erakunde, sentimenduak edo arlo sinbolikoak gaindituz. Azkenik, ikusi dugu klubak kultur ekoizleak ere badirela eta kultura sortzeko artefaktuak. Presentzia bat dute gizartean, bertatik jasotzen eta bertan eragiten. Honengatik guztiagatik, ondorio nagusi bat agertu da ikerketan: kirol eremuan, eta bereziki kirol kluben esparruetan, potentzialitate handia du euskarak. Potentzialitate handia du, kluben errealitatean eta euren testuinguruan presentzia duelako (handiagoa edo txikiagoa) eta jada hainbat kirol dinamikatan txertatuta dagoelako. Kluben historian ez ezik, kluben orainaldian ere kokatuta dagoelako; kezka eta interesa pizten dituelako; kluben hobekuntza-prozesuetan euskara txertatzeko ahaleginak egiten ari direlako. Potentzialitatea du haur, nerabe eta gazte euskaldunekin lanean ari direlako jada.

Halere, egoera ahula du euskarak gaur egun kirolean eta kirol klubetan. Horixe da ikerketako bigarren ondorio nagusia. Ahula, askotan behin-behinekotasunak definitzen duelako bere presentzia eta gehienetan borondatearen (edota pertsona jakinen jarreraren) baitan geratzen delako bere erabilera. Ahula, izaera sinbolikotik harago joatea zaila delako. Eta ahula, oraindik ez delako argi antzematen zein den kirolaren papera euskararen biziberritze-prozesuan.

Ez dira garai onak hizkuntz gutxituentzat. Kirolaren garrantzia eta prestigio soziala, aldiz, handitu baino ez dira egin azkenengo hamarkadetan, gizarteko eremu guztietan presentzia nabarmena izanik. Gainera, eta gazteen ahotik jaso dugun moduan, gazte kulturetan pisu izugarria lortu du, euren identitate eraikuntzan protagonismo handia duelarik. Gozagarria da kirola haur, nerabe eta gazteen ikuspegitik eta bizipenetik. Eta hor aukera bikainak egon daitezke euskararekin lotura berriak egiteko.

Pandemia gogor jotzen ari bazen ere, EAEko sei klubek ateak ireki zizkiguten, eta 2021ean zehar Bera Bera RTn, UDA Aretxabaletan, Gaztedi Rugby Taldean, Judizmendi Igeriketa Klubean, Gernika Rugby Taldean eta SD Amorebietan ikerketan aritu gara, klub bat zer den eta zertan datzan ulertu nahian, gero euskarak kirolean eduki behar duen tokia irudikatuahal izateko. euskarakirolkide.eus webgunean ikusgai dago ikerketak utzi duena. Material mordo horretatik ateratako ikaspen batean jarri nahi dut orain azpimarra: kluben oinarrian elkarrekikotasunak duen tokian, hain zuen ere. Kirolak emandakoa bueltatu nahi izaten diote klubetan aritzen diren boluntarioetako askok, eta horretan datza neurri batean kluben biziraupena. Ildo honetatik, ez legoke gaizki eskolarekin eta euskararekin dugun zorraz gogoetatzeko tartea hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.