Euskara, guztion ondarea, inoren monopolioa

2011ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Ados nago: ongi etorria Baztanen azken legegintzaldian Nafarroa Baik Euskararen Ordenantzak garatu izana, urteetan zintzilik zegoen gai bati konponbidea eman baitzion. Halaber, zalantzarik ez dago ordenantzak edukitzea bezain garrantzitsua dela ordenantza horiek betetzea. Eta ordenantzak betetzeak erran nahi du oso-osorik betetzea, artikulu guztiak errespetatuz, 32. eta 35. barne, doike. Hain zuzen artikulu horiek dira aurreko Baztango Udal Korporazioak errepestatu zituenak idazkariordea kontratatzeko lehiaketarako deialdia egin zuenean.

Berriki (maiatzaren 17an, aurreko Udal Gobernua lanean hasi baino 5 egun lehenago) indarreansartu diren Ordenantzen 35. artikuluaren arabera, «Baztango Udal Administrazioan, oposizio, lehiaketa, lekualdatze, igoera nahiz bertze edozein bidez lanpostu berri batera heltzeko, ezinbertzeko baldintza lanpostuari esleitutako hizkuntza eskakizuna betetzea da. Horretarako, Baztango Udaleko lan talde organikoko lanpostu bakoitzari esleitu zaion hizkuntza eskakizuna jasoko da». Bertzalde, 32. artikuluakdio «Baztango Udalak bere lanpostuen hizkuntza eskakizunak zehaztuko» dituela eta horretarako jarraitu beharreko prozedura hauxe izanen dela: «Euskara Zerbitzuak proposatu eta Udaleko Euskara Batzordeak hizkuntza eskakizunak aztertuko ditu, eta proposamena Udal Osoko Bilkurari helaraziko dio, horrek onets dezan». Aurreko Udal Gobernua jardunean egonda, Udaleko Euskara Batzordeak ez zuen funtzionatzen. Ondorioz, eta, 32. artikulu horren arabera, 2012ko lan talde organikoa dagokion prozeduraz aldatzearen esperoan, idazkariordea kontratatzeko lehiaketarako deialdia Ordenantzen 35. artikuluak ezarritakoaren arabera deitu zen ekainaren 9an. Horrela, lehiaketa horretan euskarak izanen zuen puntuazio Legeak agintzen duena zen.

Arauen betetze edo ez betetzearen inguruan ari garenean, zuzentazunez aritzea nahitaezkoa da, are gehiago hizkuntz eskubideak bezain gai delikatu baten kasuan. Hain zuzen hori dela eta, tamalgarria izan da BERRIAn hilaren 8an eta 14an argitaratutako «Lekunberri eta Baztango Euskararen Ordenantzak» artikuluak Baztango Ordenantzen eta horien betetzearen inguruan egindako azalpen alderdikoi argia. Penagarria benetan, lehengo Nafarroa Baik zuzendutako Korporazioari utzikeria egoztea gai honetan, Ordenantzak berak landu eta onartu ez ezik, horiek ere errespetatu zituenean idazkariordea kontratatzeko lehiaketarako deialdia egin zuenean, arestian azaldu bezala. Ez al gara konturatzen hau bezalako euskararen erabilpen partzialek euskarari berari egiten diotela minik handiena?

Aurreko Baztango Korporazioak egindakoari esker, datozen lau urteetan, Bilduk eta Baztango Ezkerrak osatutako gobernu berriak oinarrizkotresna izanen du Udalean euskararen presentzia bermatzeko. Objektiboki, lehengoak zein oraingoak euskararen alde aritu eta ari dira: txalotzekotan, horixe da txalogarria. Izan ere, euskara ez da inongo talde, alderdi edo koalizioren monopolioa, baizik eta guztionondarea. Bada garaia betiko ez euskaltzaleak ez ezik, zenbait euskaltzale sutsu ere honetaz konturatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.