Euskara, ez sustatu eta ez garatu: iruzur galanta

2023ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Negar egitea ez da bidea. Baina 80 urte egin berritan, barkatu zuen aurrean malko batzuk isurtzea. Azkenaldian Hezkuntza Legea dela-eta, neure barrunbeak nahasita sentitu ditut. Baina iruditzen zait bizitza osoan sentitu naizela deseroso.

Zazpi-zortzi urteko ume nintzela, Aralar magaleko herri txiki hartako eskolan lanordua amaitzera zihoanean, eraztun salatariak euskaraz egin genuenon lerrora eramaten gintuenean, dar-dar jartzen ginen: han zegoen maisua, eskuan makilatxo bat, guk hatz punttak noiz aurrean jarriko. Ez zuen huts egiten: zast-zast astindu eta negar malkotan bukatzen genuen eguna.

Hamabi-hamalau urteko, Tolosako ikastetxean, makilatxoa ez zen jada beharrezkoa. Handik eta hemendik heldutako jendea ginen eta erdaran murgilduta aurkitu ginen bat-batean, eta, salbuespenen batetik aparte, nahiz denok euskaldunak izan, gaztelera baino ez zitzaigun ateratzen ahotik. Asimilatuta geunden. Sistemak funtzionatu egiten zuen.

Jauzi bat eginda, hara non nagoen irakasle ikastola batean. Sistemak ezarritako zolda garbitu, eta han barruan eta hango jendartean, hartu nuen aspaldiko partez arnasa pixka bat. Kanpoan halere, hotz egiten zuen. Euskara, antza, estimatua zen, «quéenvidia me das», baina gure lurra idorra zen. Udako lanbro petralaren antzera, axalean geratzen zen dena.

Geroago, Euskararen Legeak hobekuntzaekarriko zuela eta, bagenuenitxaropen apur bat. Baina laster ohartu ginen euskararen gurdi zaharrak intziri gehiegi ateratzen zuela. Eskerrak jende askoren euskal kontzientziari eta lanerako borondateari, elkarrengana bildu eta konta ezin ordu sartu ziren han eta hemen: euskal giroa amiñi bat kalera atera, ikastola inguruetan euskara pixka bat egiteko baldintzak sortu... Bestela zer balioko zuen Euskararen Legeak? Gutxi. Irakaskuntza beharrezko baina oso erremedio exkaxa zen honetarako: A-B-D ereduekin 14 urtera heltzean ikasleak euskaraz baliatzeko gauza izango zirela esan zen. Iruzur galanta. Iruzur jakina. Iruzur atsegina askorentzat. Eta, halere, gure Hezkuntza kontseilari tolosarrak hala erantzun zion kazetari erdaltzale batek egindako galderari: «Ereduen sistemak oso ongi funtzionatu du. Euskara dakiten gazteen kopurua %25etik %75era pasatu da».

Onartezina da baieztapen hori egitea, nork eta Hezkuntzako kontseilariak. Hasteko, ez du esaten euskaraz jakite hori noraino heltzenden —ezin dugu ukatu gazte askok ikasi dutela—; baina ezereduei esker, baizik eta familia askok, iruzur bat zela ohartu, eta A eredua eta, hein batean, B ere baztertu egin zituztelako.

Urte luzetanumeak 14 urtera euskararik ikasi gabe heltzen zirela ikusi arren, Hezkuntzatik ez zen ezer egin gauzak bideratzeko. Bada, ordea, kontseilariakesan ez zuen beste zerbait: demagun euskara dakiten gazteen kopurua%25etik%75era igodela. Kontseilariak jakin beharko luke eskola hizkuntzak, edozein hizkuntza dela ere, oso zaurgarriak direla kalera atera eta erabiltzen ez badira. Are gehiago esango nuke euskararen kasuan. Gure inguru soziala eta ideologikoa gogoan hartuta, euskara dakiten %75 gazte horietatik zenbat izango ote dira 15 urte geroago euskaraz egiteko gauza direnak? Ez ote da orain dela gutxi arte Bilbon urarekin gertatzen zena gertatuko? Ur Partzuergoan lortzen zen ur edangarriaren ia erdia etxeetara heldu baino lehen hodi zaharkituetatik kanpora isurtzen zen.

Bizitza profesional osoa mundu horretan egin dut, oso ongi dakit zer gertatzen den: ikasle asko dira euskara maila beharrezkora heltzen ez direnak: eskola publiko askotan, kontzertatuetan areago, eta ikastoletan ere ez gutxi. Ez zen baliabiderik jartzen arazoa konpontzeko. Ikuskatzaileak ez zuen horretaz galdetzen. Behin etaberriz, hauxe zen Ordezkaritzatik heltzen zitzaigun aholkua: ez dadila inor promozionatu gabe geratu, baldin eta euskara bakarrik bada gainditu gabeko arloa.

Eta azken egunotan Hezkuntza sailburuari egiten zaion galdera betikoa da: mantenduko al dira ereduak? Hori da, nonbait, giltzarria. Kontseilariaren erantzuna: Jakina! Ez dio axola gurasoek beraiek zeharo gaitzetsi izana zenbait eredu; ez dio axola orain iaberrogei urte euskara bermatu nahi zuen jendea ereduen aurka agertu izana; ez dio axola ereduena erabaki politikoa izana eta pedagogia guztien aurkakoa. Oraintxe bertan, euskarari dagokionez, helburua da 14 urterekin ikasle guztiak gauza izatea kalean euskaraz hitz egiteko eta sortzea gaztetxo horiei euskaraz hitz egitea atsegin egingo dien giroa.

Kontseilari jauna, ikastetxe bi dauzkat bizi naizen inguruan: bata historia luzeko ikastola, eta elizaren ikastola bestea. Ehunka ikaslerekin gurutzatzen naiz egunero; seguru nago haurrei edota gaztetxoei laguntzen dieten aita-ama asko ikastolan hazitakoak direla. Paradoxa! Sekula ez dut hitz bat euskaraz entzuten. Hamaikak aldera auzoko Eroskira han joango dira multzoka ikastolako nerabeak gutiziaren bat erostera. Kalapitarik ez da faltako, baina gaztelera hutsa entzungo duzu. Negar gurea! Eroskin ordainlekura iritsiko zara. Urteetan ikastetxeetan euskaraz aritu den enplegatuak artatuko zaitu: ulertzen dizute zuk euskaraz esandakoa, baina erdara hutsetik ez duzu aterako.

Kontseilari jauna, arazoa hor dago, ereduek azken berrogei urteotan ez dute ezer konpondu. Arazoa oso ongi ezagutzen dute Eusko Jaurlaritzako euskara teknikariek. Zer proposatzen dute? Zer egin dezakegu? Nola gaindi dezakegu berrogei urteko porrot hori? Bere garaian zerbait egingo zela uste genuen. Foru aldundiak urteak daramatza udalekuak antolatzen: euskara sustatzeko eta gurasoei laguntzeko. Udaro Gorliz-Plentzia aldean ehunka gaztetxo ikusten dira begiraleekin batera eta bestera. Sinets iezadazue: euskaraz ez da hitz bat bera ere egiten eta begiraleak beraiek, salbuespenen batetik aparte, gazteleraz mintzatuko dira. Etsiak jota, haiek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.