Euskara eta robotak

2020ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Teklatua, sagua eta antzeko konexio funtzionalak izan dira tradizionalki gizakiaren eta makinaren artean informazioa trukatzeko interfazeak informatikan. Baina, sistema horiek ez dute bi norabideetako elkarrizketarik sortzen; gaur egungo elkarrizketarako erabiltzaile-interfazeek bai, ordea. Azken horiek gizaki errealen elkarrizketak emulatzen dituzten robotak edo teknologiak dira eta adimen artifizialaren algoritmoak erabiliz zein hizkuntza naturalaren prozesamenduan oinarrituz funtzionatzen dute. Era horretara, erabiltzailearen gustuak eta ohiturak atzematera irits daitezke eta erabiltzaileak eskatzen duen informazioari koherentziaz erantzun, ikasteko gaitasuna eman zaion teknologia bihurtu delarik. Azken erabiltzailearentzat garrantzitsua den testuinguru-informazioa eskuratzeko erraztasuna ematen du, teknologiarekin lotutako ohiko konplexutasunik eta ikaskuntza-kurbarik gabe.

Elkarrizketa-interfazeak kontsumitzaileei informazio garrantzitsua modu eraginkorrean eta errentagarrian emateko tresna gisa hedatu dira merkatuan. Bi kategoria nagusi daude interfaze horietan: elkarrizketa-morroiak eta txatbotak. Lehena erabiltzailearen interfaze bat da, eta erabiltzaileari aukera ematen dio komando baten bidez ekintza bat osatzeko. Askorentzat ezagunak diren markek garatu eta merkaturatu dituzte horrelakoak, hala nola: Apple-n Siri, Google home, Amazon Echo... Bigarrena, txatbota, web-ean edo mugikorrean oinarritutako interfazea da, eta erabiltzaileari galderak egiteko eta informazioa berreskuratzeko aukera ematen dio. Ahots-laguntzaile moduan funtzionatzen du, eta transakzio komertzialetarako, zerbitzu batean erabiltzailea hasierako urratsetan laguntzeko, informazioa arakatu eta galdera konplexuak erantzuteko, osasungintzako oinarrizko arretarako... erabiltzen da (hala nola Amazonen Alexa, Xiaomiren Xiao, Google Assistant...). Emaitzak oso mugatuak dira, baina erabileraren poderioz hobetzen diren ikasketa-sistema dute bere baitan.

Era horretara, mundu mailako lauzpabost enpresa nagusitu dira merkatuan une honetan, eta bakoitzak bere estrategia du algoritmoen eta datuen gardentasunari zein irekitasunari dagokionez. Hasieratik, doakotasunaren eta teknologiaren ontasuna (bizitza errazago egitea, konektibitatea...) helarazten zaio erabiltzaileari, baina horren atzean enpresa pribatuak dira nagusi eta hainbat merkatu-interes eta datuen kontrol-estrategia daudela ezin da ahaztu. Horiek horrela, adimen artifizialaren eraginpean garatutako erabiltzaile-interfazeek inplikazio linguistiko, sozial, ekonomiko eta kultural handiak dituzte. Hori dela eta, hasieratik bertatik lekuan lekuko hizkuntza-politikak eta estrategiak landu behar dira alderdi horiek guztiak kontuan izanik.

Euskaratik ere heldu zaio gaiari, azken bi hamarkadatan ikerketako hainbat aktoreren eskutik. Esate baterako, duela gutxi Elhuyar Fundazioak iragarri duenez, martxan dira euskara ulertzen hasi diren txatbotak, baita hizketa-morroiak ere. Euskarazko teknologiaren beste mugarria izango da teknologia horren garapena, zalantzarik gabe. Euskal Herriko Unibertsitatearen IXA ikerketa-taldearen Xuxen zuzentzailea garai batean izan zen bezala eta itzulpen automatikoan azken hamarkadan lortutako emaitzak izaten ari diren bezala. Google bezalakoak ere ari dira hizkuntzen artean euskara barneratzen.

Ikuspegi linguistikora jotzen badugu, gogoan izan behar dugu hizkuntzaren matizak eta aberastasuna zein anbiguotasuna jaso ahal izatea direla hizketa naturalaren prozesamenduak duen zailtasun handiena. Makinek hori guztia (ahoskerak, intonazioak, euskalkiak,...) interpretatu eta prozesatu ahal izatea oso urrun dago uneko errealitatetik. Hizkuntzaren ezaugarri horiek guztiak preziatzeko, A. Lertxundiren Itzuliz usu begiak (2019) saiakerak maisuki jasotzen du hizkuntzen arteko, eta hizkuntza bateko, interpretazio-aberastasuna. Hori nekez ulertuko dute makinek eta itzultzaile automatikoek; horregatik, teknologiaren garapena ordezkatze-prozesu moduan ikustea hizkuntzaren aberastasuna galtzea litzateke eta ez genuke akats horretan erori behar; nahiz eta sumatu daitekeen adimen artifizialak hizkuntzan bertan izan dezakeen eragina handia izango dela.

Merkatuaren ikuspegitik, une honetan txatbotak erabiltzen diren sektore nagusia on-lineko merkataritza da. Accentureren datuen arabera (Chatbots Are Here to Stay, 2019), Txinako enpresa puntakoen % 68 laguntzaile birtual bidez ari dira bezeroekiko elkarreraginak hobetzeko, esate baterako. Txatbotaren erabiltzaile nagusiak, bestalde, millenialak dira, eta datuek erakusten dutenez, gorantz doa hizketa-laguntzaile bidez Interneten hainbat eta hainbat zerbitzu eta informazio eskatzeko ohitura adin gazteetan. 18-24 urte bitarteko gazteen % 45ek gutxienez behin txatbota erabili dute. Aldiz, 55 urtetik gorako erabiltzaileen artean % 50ak ez du inoiz txatbotik erabili.

Berrikuntza teknologikoaren norabidea zehaztea euskal gizarteak duen erronka handia da. Hizkuntza-politikak, era berean, bere gain hartu eta sakon aztertu behar duen arloa da; aktore guztien parte-hartzearekin, eta dituen alderdi guztiak integratuz, hala nola: teknologia hautatu eta arautzeko aukerak, hizkuntza-teknologian ikertzeko lerroak, gazteak-hizkuntza-teknologia, irisgarritasuna eta inklusibotasuna, lehenetsi beharreko sektoreak; eta, oro har, euskararako elkarrizketa-interfazeen teknologiak era garden eta demokratikoan tratatuz hartuko den norabidea finkatzea eta horretarako esleitu beharreko baliabideak.

Uda garaian gaude eta zinemari keinu eginez amaitu genezake, kasu honetan zientzia fikziozko Her filmak (2013, Spike Jonze) kontatzen digun amodiozko historia dramatikoarekin. Theodore, besteentzako gutun pertsonalak idazten diren enpresa batean lanean dabilen idazlea, banandu berri eta depresioak jota dabil. Egun batean, ahots emakumea duen sistema eragilea (Samantha) kontratatzen du Theodorek; eta euren artean sortzen den amodiozko istorioa kontatzen du filmak. Jonzeren zientzia fikziozko drama honek bakardadea eta gizakien arteko harremanen eta kontaktuaren beharraren gaiak jartzen ditu gogoeta gai, adimen artifizialaren eraginpean. Filmak giza-harreman batzuk tratatzen ditu soilik, sinpleegi agian hainbeste erpin dituen gaiarentzat; halere, zer pentsatua ematen du. Tira, robotak roboten kaxoian sartuko ditugu, ezin garai hobean baikaude maitasunaz eta harremanez gozatzeko, cheek-to-cheek kantan bezala, musukoa musukoaren kontra. Uda on.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.