Hizkuntzaz baliatuz egiten dugu esanguratsua mundu fisikoa eta morala, ibiltzen gara batera eta bestera, onak eta gaiztoak izaten ikasten dugu, erkidego baten bizitzan parte hartzen dugu modu esanguratsuan, aitortuak gara eta aitortzen dugu. Teoria eta praktika politikoan nabarmena da hizkuntzaren eta antolaera politikoaren arteko lotura. Hori horrela ikusi da beti, eta gauzatu da modu positiboan zein negatiboan. Modu positiboan, hizkuntza erkidego batetik sortzen den egitura politikoaren osagai fundatzaile legitimoa da. Horrela eutsi zioten berpizkundeko Italiako errepubliketan, hizkuntza bereizgarri legitimotzat hartzen zelarik. Bruni, Savonarola, Machiavelli eta besteren idatzi errepublikazaleetan aurkituko dugu horren berri. Gure arbasoek ere ulertzen zuten hizkuntza zela gure antolaera errepublikazale humanistaren zutabeetako bat, herritarrekin, lege sistemarekin, eta lurraldearekin batera. Horrela eutsi zioten Poza, Larramendi, Egaña, Campionek… Tradizio positibo horrek gaurko teoria komunitaristarekin egiten du bat (Sandel, Taylor…). Komunitarismoak erkidegoa ulertzen du herritarren arteko aitortza, parte hartze eta konpromiso eremu modura; eremu esanguratsu hori izango litzateke bizitza moral eta politikoaren jatorria eta legitimotasun iturria. Ildo horretatik doa Azurmendiren azken lan aholkagarria: Hizkuntza, nazioa, estatua. Tradizio positibo horren adibidea dira berez hizkuntza bakarrekoak diren estatuak: Islandia, Europa ipar aldekoak, baina baita eleanitzak diren Suitza edo Belgikaren modukoak. Bi lurralde horietan hizkuntzak, hiztunak eta erkidegoak aitortzen dira legitimotasun maila berean.
Modu negatiboan, europar tradizio totalitarioan, menperatze tresna bihurtzen da hizkuntza, genozidioaren forma hartzeraino. Horrela gertatzen da elite baten (dinastikoa, ekonomikoa, politikoa) edo erkidego baten, nahia nagusitzen denean. Nagusikeria horren beharra da subjektu politikoa artifizialki homogeneoa bihurtzea. Horretarako elitea identifikatzen duen hizkuntza ezarriko zaie menperatutako herritar eta herriei. Hori bat dator Frantziako iraultzaren ondoko eredu errepublikazale liberalarekin. Bera ezarri digute euskaldunoi espainiar eta frantziar erregimen totalitarioek. Horretarako, diktadurak, gerrak, eta demokraziak baliatu dituzte. Iparraldean bezala, horrela ulertu zuten Hegoaldean monarkiek, diktadurek, eta ildo berari eutsi zioten 1978ko espainiar konstituzioan. Horren arabera, espainiera da, legedia, lurraldea, eta armadarekin batera, batasun totalitarioaren zutabe baztertzailea.
Arrazoiak daude defenditzeko euskaltzaletzat jo behar diren eragile politikoek euskaldunon menpekotasun egoera hori onetsi dutela, bai hausnarketa politikoan bai praktikan, eta uko egin diotela euskara euren lehentasunen artean jartzeari. Batzuek Europako ezkerraren noraezean galduta, jatorrizko hausnarketa edo egitasmo politikorik mamitzeko ezgai, inspirazio iturritzat hartu dituzte hainbat iritziemaile, mugimendu sozial, GKE… Denetik lehenesten dute: aldaketa soziala, justizia unibertsala, ekologia, migrazioaren mistifikazioa, erlijio eskubideak (islama denean)... Hori dena kulturaniztasun dogmatikoarekin jantzi dute, akulturatzailea dena, herrien ukatzailea. Saltsa-maltsa horretan, euskarak ez du lekurik, kulturaniztasunerako traba da, ez dio erantzuten justizia unibertsalaren betebeharrei. Bada zapaltze tresna deritzona ere, edo independentziaren ondorako uzten duena.
Beste batzuek orain dela berrogei urte (Frankismoaren gerizpean ia) diseinatutako hizkuntza politikari lotuta utzi zuten euskara. Orduko legeek eskaini zuten markoa murriztailea bazen ere, aplikazioak (hezkuntzan, komunikabide publikoetan, ertzaintzan, ekonomiaren sektore pribatuan…) eskasagoa egin du. Ia berrogei urte pasata hizkuntza politika horrek nabarmen huts egin duenean, egoera kezkagarrian gaudela onartu beharrean, fribolitatea da erantzuna. Noizean behin adierazpen instituzional arranditsua, euren korte txalotzaileak hauspotua, inkesten emaitzen azalpen politiko bihurritua, interesatua, eta: hurrengora arte! Hausnarketa seriorik, edo aldaketa asmorik, txikiena ere ez. Joko politikoan aukeraren bat agertzen zaienean, koalizioetarako edo, elkartrukean erabiltzen dituzte zenbait kontu ekonomiko, transferentziak, trenak, portuak, turismoa..., baina inoiz ez euskara duintasun bariko, zokoratutako, egoeratik aterako duen parekotasuneko aitortza exijitzea, are gutxiago berezkoa zaion izaera fundatzailea aldarrikatzea. Haatik, itun horiek balio izaten dute etsitzeko espainiarzaleek duten euskarari trabak jartzeko gose asezinaren aurrean. Beto eskubide eternala onartu zaie, eta gertu daude giltzape hori gainditzeko ematen den urratsik txikiena eragozteko, horretarako xantaia politikoaz edo gobernu delegatuaren eta epaitegien laguntza ordainezinaz baliatuz.
Batzuek euskara aurreiritzi ideologikoen menpe jarrita, besteek ekonomia lehenetsita eta herritarroi errua leporatuta, ez dira gauza menpean gauzkan berrogei urteko hizkuntza politikaren porrota onartzeko. Agian bai, errua herritarrona da, ez diegulako behingoan esaten: nahikoa da!, ez dugulako exijitzen ikuskera positiboan oinarritutako politika, euskararendako eta euskaldunondako duintasun, parekotasun, legitimotasun, aitortzatik abiatuko dena.
Euskara eta politika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu