Betidanik asko idatzi izan da euskararen ustezko senideei buruz. Mende luzez aditu gehienek ziurtzat jo zuten iberiera eta euskara gauza bera zirela, eta Iberiar Penintsulako eta Frantzia hegoaldeko zati handi batean hitz egindako hizkuntzaren azken hondarra zela euskara. Baina XX. mendeko lehen herenean alfabeto iberiarra deskodetu eta testuak irakurtzen hasi zirenean, jabetu ziren ez zela gauza handirik ulertzen euskararen laguntzaz, nahiz eta lexiko eta morfologia alorreko zenbait kidetasun egon. Gaur egun ere jarraitzen du auziaren gaineko eztabaidak, baina, antzak antz, gehientsuen ustea da ez direla hizkuntza-familia berekoak.
Era berean, oso aspalditik pentsatu izan da Kaukasoko zenbait hizkuntzaren senidea dela, baina badirudi egin diren konparaketa-lan ugariek urruneko senitasuna besterik ez dutela adierazten. Amaziga, etruskoa, zenbait hizkuntza asiar eta siberiar, eta baita amerindiar ere, begiz jota dituzte hainbat hizkuntzalarik. Orain arte dakigunetik ondoriozta liteke euskara ez dela beti isla izan, oraindik bizirik dagoen zenbait hizkuntzaren senide izango zela antzina-antzina, baina antzak oso txikiak direla gaur egun. Hizkuntzalari gehientsuek diote ez dela garbi identifikatu euskararen senide hurbilik, ez hizkuntza bizien eta ez hildakoen artean.
Baina gutxien pentsatzen zen lekutik etorri da ezustekoa, Mediterraneoko Sardinia islatik. Cagliariko Unibertsitatean irakasle den Eduardo Blasco Ferrer hizkuntzalariak (Barzelona 1956), curriculum zabaleko ikertzailea, Paleosardo, le radici linguistiche de la Sardegna neolítica izeneko liburua argitaratu zuen 2010eko udazkenean. Liburu hau mugarria izan daiteke paleosardoari buruzko ikerketetan, eta euskararen historiari buruzkoetan ere garrantzi handikoa, ez baita ahaztu behar erromatarrek isla okupatu arte ez zela sekula herri indoeuroparrik Sardinian sartu.
Hizkuntza bat testu idatzirik utzi gabe galtzen denean, toponimia da ia iturri bakarra haren berri jakin ahal izateko. Sardiniarrak aspaldi jabetu ziren toponimia oso berezi baten jabe zirela. Munduko leku gutxitan egingo ziren Sardinian bezalako toponimia-jasotze zehatzak eta argitaratuko ziren hainbeste ikerketa-lan gaiaz. Badute Interneten datu-base bat txapela kentzekoa, euskaldunok inbidiaz eta lotsaz uzteko modukoa.
Sardiniako toponimian latinetik edo erromantzetik datozen izenak gehiengo dira; ugari dira feniziarretik edo punikotik etorritakoak ere, kartagotarren menpe egon zelako isla bi edo hiru mendez erromatarrak heldu aurretik. Baina toponimo asko eta asko, handi zein txiki, ezin dira interpretatu hizkuntza horien bidez, eta aztertu izan dituzten hizkuntzalariek etruskoa, iberiera, libiar-berbertarra, lidiera eta abarrekin lotu dituzte, eta zenbaitek baita babiloniera edo akadierarekin ere. Euskararekin ere bai izen banaka batzuk, ur dutenak, esaterako.
Horrelako gaiei heltzerakoandiziplina ezberdinak ezkondu beharraz mintzatzen zaigu Blasco Ferrer hitzaurrean: «Diziplina artekotasuna ezinbesteko abiapuntua da gaur eguneko ikerketa paleolinguistikoei ekiterakoan: hizkuntza-substratu bat aztertu nahi duen glotologoak bere gaiaren albo-alorretan sartzen jakin behar du, Historian, Arkeologian eta, gero eta gehiago, Genetika molekularrean». Ikusten da esandakoa egiten saiatu dela bere liburuan.
Horrela laburtuko genuke hizkuntzalari katalanaren tesia: euskal lurraldetik joandako migrazio batek populatu zuen isla Mesolitikoan (K.a 8.000-5.000). Geroago ere izango ziren ziurrenik beste migrazio batzuk.ADN mitokondrialaz eginiko azterketek erakusten dute jatorria gune euskal-kantauriarrean duen V aplogrupoaoso ugaria dela islaren erdialdean. Kolonizatzaileek eramandako hizkuntza,hizkuntzalariek paleosardoa esaten diotena, Neolitiko osoan eta Brontze Aroan mintzatu zen islan; eta erromatarrek Sardinia okupatu ondoren ere bizirik iraun zuen zenbait mendez konkistatzaileek «Barbaria» deitzen zioten erdialdeko gune zabal batean. Oraindik ere gordetzen du izena eskualdeak. Eskualde honetako zenbait lekutan % 40tik gorakoa da erromatarren aurreko leku-izenen dentsitatea.
Egileak toponimiaren azterketa zehatza egin eta toki geografikoak eta beren izenak metodikoki alderatu ondoren, euskal erro ugari aurkitu du. Batzuk aipatze arren: (h)aran, ardi, baso, berri, bide, ertz, goni (goi), gorri, iri, istil, iz, lats, lur, mando, on, orri, (h)osto, (h)otz, (h)obi, (i)turri, ur, zuri.Herri-izenen artean, besteak beste: Aritzo, Ardaule, Asuni, Goni, Loiri, Luras, Olzai, Orgosolo, Ortueri, Osini, Turri, Ulassai, Uras, Uri, Urzulei... Toponimia txikian milaka dira erro euskalduna dutenak. Leku-izenek garbi adierazten dute hizkuntza aglutinantea zela paleosardoa, euskara bezala.
Liburua Internet bidez eros daiteke Alemaniako De Gruyter editorialean. Egileak gaztigatzen digu ikerketaren hastapenetan baino ez gaudela oraindik eta alor ezberdinetako ikertzaileen ahalegina behar-beharrezkoa izango dela aurrera egiteko. Eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen hizkuntzalari katalanari hain ikerbide zirraragarria irekitzeagatik.
Euskara eta paleosardoa, senide hurbilak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu