Euskara eta Internet: zortzigarren lurraldea konkistatzen

2016ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Euskara biziberritzeko erronka berrien inguruko hausnarketa abiatzean, ezin Internet eta komunikazio digitalak alde batera utzi. András Kornai hizkuntzalariak 2013an argitaratutako Digital Language Death ikerketaren arabera, munduko hizkuntzen %5 baino ez da erabiltzen Interneten, eta horrek gainerako %95ak heriotzara kondenatuko ditu.

XXI. mendeko komunikazioak sarea du ardatz, eta hizkuntza bat bertan egotea ez da nahikoa haren desagerpen digitala ekiditeko. Sarea komunikazioa da, hizkuntzen erabilera aktiboa bultzatzen duten sare sozial eta komunikazio digitalek gidatutako komunitate erraldoiaren jarduna.

Komunitate horretan euskarak osasun ona duela esan izan dugu askotan, komunitate digital aktiboa duela, hizkuntza nagusien menpe dagoen sarean ongi kokatzen dela, baina hori baieztatzeko ditugun datuak oso gutxi izan dira. Hori dela eta, PuntuEUS Behatokia jarri genuen abian iaz, euskarak Interneten duen egoera aztertu eta biziberritzeko behar diren estrategia eta politikak definitzeko tresna euskal gizarteari eskaintzeko asmoz.

PuntuEUS Behatokiaren arabera, %17 da euskararen erabilera Interneten. Edo, zehatzago esanda, Interneteko domeinu nagusietan (.eus, .com, .es, .org…) dauden webguneen %17k erabiltzen du euskara, batez beste. Kalean baino zerbait gehiago, baina ez asko: euskararen kale erabilera %13,3 da,azken neurketaren arabera. Kalean euskararentzat biziberritze prozesuak aktibatzen diren moduan aktibatu behar ditugu Interneten ere.

Anjel Lertxundik esan zuen Internetek izan behar duela euskararen zortzigarren probintzia. «Hor ez bagaude, gureak egin du», zioen, «Joanak dira familiak, kaleak eta elizak hizkuntza baten transmisioa guztiz ziurtatzen zituzten garaiak». Hamar urte pasatu dira hitz horiek argitaratu zituenetik, eta diagnostikoa ez da aldatu: iritsi da zortzigarren lurraldea konkistatzeko garaia.

Anjelen planteamenduan, ordea, bazegoen akats bat: Internet euskararen zortzigarren probintzia izango balitz, bertako biztanleak beste batzuk lirateke, euskal hiztun digitalek soilik osatutako lurraldea genuke, erreserba digitala. Internetek, aldiz, gure gizarte osoaren ispilu digitala izan behar du, baina horrekin ere ez genuke ekidingo euskararen heriotza digitala, ez baita nahikoa kaleko erabileran dugun errealitatea Interneten islatzea. [...] Hizkuntza gutxi dira Interneten ordezkatzen dituen bilgune propioa dutenak, zer esanik ez hizkuntza txikien kasuan. Guk badugu gurea: .EUS domeinuak euskal hizkuntza eta kultura Interneten babestu eta sustatzea du helburu, eta hori ikusgai gelditzen da Behatokiak emandako datuetan: .EUS erabiltzen duten webguneen %88k euskarazko edukia dute; gainerakoetan, aldiz, %20ren azpitik.

Zorionez, euskarak komunitate digital aktiboa du, eta komunitate horrek ahalbidetu du euskara digitalki osasuntsu egotea orain arte. Baina komunitate hori tamaina txikikoa da [...].

Zortzigarren lurraldea konkista dezakegu, euskal biztanleriaren euskarazko bertsio digitala garatuz. Euskararen erabilera digitalak ez du halaber ezagutza ezinbesteko bihurtzen, edukien itzulpena, argitalpena, moldaketa, nahikoa baitira euskararen presentzia Interneten indartu eta aktibo dagoen euskal komunitate digitala handitzeko. [...] Euskal komunitate digital aktibo batek lortuko duelako Interneteko eragile handiek gure hizkuntza kontuan har dezaten, eta euskara sarean bizirik dauden hizkuntzen %5 horretan ikusgai mantentzea bere erabilera globalizatuz. [...]

PuntuEUS Fundazioa prest dago euskararentzat ezinbestekoa den erronka honi heldu eta lankidetzarako indarrak biltzeko, Euskaltzaindiarekin eta lan honetan aritzeko prest dauden gainerako eragileekin. Guztion ardura da Interneten euskal komunitate digitala bizi eta aktiboa izatea, eta .EUS domeinua da komunitate horren bilgunea. Interneten euskaraz, .EUS.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.