Hezkuntza ingurumarian curriculum berriaz ari garela, definizio askoren zehaztagarririk behinena bihurtu da euskara ardatz luzakia erabiltzea. Ertz desberdinetik uler liteke bere esanahia, nork, nola, noiz eta zertarako erabiltzen duen; halere, balirudike euskal dimentsioak curriculumean beharrezkoa duen trataera sakonagoa zuritzeko makulu gisa hartua dela askotan. Asko iradokitzen duenez, ohikoa da lelo gisa erabiltzea hezkuntza eragileen diskurtsoan, baina, era berean, erabilpen horren atzean, maiz, hizkuntza gutxituaren normalizaziorako premia urturik gelditzen da, edota curriculumaren euskal dimentsioaren sakondu beharra saihesturik.
Izan ere, euskara oinarri-oinarrian duen hezkuntza sistema eleaniztuna da gurea, baina eleaniztasuna ulertzeko moduak ez dira askotan bat etortzen. Zeren euskaran oinarritzen den eleaniztasuna ulertzeko eran bada nagusitzen den ideia xalo bat, hizkuntzen arteko harremanak era idealistan ikusteko joeratik elikatzen dena, diglosia egoera eta hizkuntza gutxituaren errealitate soziolinguistiko hauskorra saihesten duena, hizkuntzen arteko botere harremanak alboratuz, hizkuntzen elkarbizitzaren kontzeptu lausoagoan urtzen dena.
Baina, euskaldunena bezalako hizkuntza komunitatearen kasuan, hizkuntza gutxitua barne hartzen duen eta hizkuntza gutxituaren kontzientzia galdu ez duen hezkuntza komunitatearen hizkuntza jarrera iraunkorrari eustea berebizikoa da gaur egun ere. Izan ere, euskara hizkuntza gutxitua dela aintzat hartu gabe, nekez egingo dugu aurrera hezkuntza bidezko euskalduntzea areagotzeko jauzian. Hargatik, hizkuntza gutxituaren erabilera sustatuko duen eleaniztasunaren ulerkera da guri hemen interesatzen zaiguna, curriculumaren euskal dimentsioa erdiguneratzeko, hizkuntzaren eta kulturaren auzia hezkuntza sistemaren erdiguneko ezaugarri oinarrizkoena dela berretsiz. Zeren hizkuntza hegemonikoen eleaniztasunaren ikuspegiak dakarren inertziari loturik bakarrik, funtsezko euskal dimentsioari ez diogu behar bezala heltzen, hau da, eskutik doazen euskarari eta euskal kulturari, alegia. Horiek direlako curriculumaren euskal dimentsioaren taupada eta bihotza.
Hezkuntzaren ingurumari honetan gehitxotan, hizkuntzez hitz egiten da egoera berean baleude bezala, horrek gaitasun eleaniztunaren garapenean dituen baldintzapenak aintzat hartu gabe, euskal hezkuntza sistemaren lehen premisa denean hizkuntza gutxiagotuaren biziberritzea bermatzea. Zeren, oraindik ere, euskara hezkuntza sistema osoaren hizkuntza normalizatua izan dadin, bidea dago egiteko; ezingo da erronka berdindu D ereduaren zabalkundearekin egintzat jota gero, haatik, normalizaziorako premia gorrian dagoen hizkuntza gutxitua da gurea, eta hezkuntza sistemaren erdigunean dago. Abiaburu hori aintzat hartu gabe, ezin hezkuntza bidezko euskalduntzea areagotzeko jauzi berririk eragin: normalizazio linguistiko-kulturalaren premia gorria daukan hezkuntza sistemak lege euskarri bermatzaileak beharko ditu aurrera begira ere.
Hara nola, euskal dimentsio barnearen azken xedean, hizkuntza gutxitua erabili nahi eta erabiliko duten ikasle eleaniztunak sortzea dugu helburu, nola ez. Baina berezko hizkuntzaren hiztunik gabeko eleaniztasunaren ulerkera xalo hori zalantzazkoa zaigu behar besteko zehaztapenik eman ezean, egoera soziolinguistiko hauskorrean dagoen hizkuntzak berariazko trataera konpentsatzailea behar-beharrezkoa baitu. Baliabide gehiago eskainiz gutxiagotasun egoeran dagoena orekatuz. Haatik, eleaniztasunaren ulerkera hori ezin da izan hainbeste harreman simetria terminoetan ulertzen den eleaniztasunaren eredua, lur bati atxikitzen zaion hizkuntza eta kultur identitate bat sortzeko baliagarria zaigun eredu eleaniztuna baizik.
Euskarak eta euskal kulturak curriculumaren euskal dimentsioa asebetetzeko saiakerak hizkuntzaren ekologiaren printzipiotik edaten du, horretan datza hizkuntzen arteko elkarbizitzaren bermea, eta horren araberan zentralitate osoa eman behar zaio hizkuntza gutxituari, errealitate soziolinguistikoa aintzat hartuz eta neurri zehatzak adostuz, hots: esku hartzerako estrategia sendo bat, norabidea ezarriko duen hizkuntza plangintza bat, hizkuntza gutxituaren biziberritzerako prozesu iraunkorra bermatuko duen egitura, eta giza baliabideen nahikotasuna.
Curriculumaren euskal dimentsioak identitate atxikimendua indartzeko bidea, ikasle hiztunak sortuz egingo du, hizkuntza gutxituaren jabetasuna, ardura eta kontzientzia izango dutenak; eta hori kulturaren zein hizkuntzaren atxikimendu nahikotasunetik erdietsi liteke bakarrik, hizkuntza gutxitua erabiliko duten hiztun berriak sortzeko bidean. Eta, era berean, euskaratik ez ezik, ezinbestekoa dugu euskal kulturatik hezi, euskara eta euskal kultura eskutik doazela ondo jabeturik, eskuz esku isurian daroagun erronka erraldoi horren luzerako bidean, jauzi urratzaileak eragingo baditugu.
Euskal dimentsioaren garapenerako bidea bada, hezkuntza sistemak izango duen euskal kulturaren transmisio gaitasunean dago, hiztun berrien atxikimendu sendo/egonkorra birsortzeko ahaleginean, hizkuntzari darion kultur testuinguraketa osoa transmititzeko hezkuntza ahalmenean, eta euskalduntasun abegikor, sustraitu eta bizigarria suspertzeko atxikimenduzko jauzian, hots: euskal kulturaren transmisioa erdiguneratu eta indartuz.
Hezkuntzarako lege berriak euskal kulturaren transmisioa bermatzeko baliabideak eman beharko lizkiguke, alajaina, beharrezko adostasunak lortuz, aukera errealak bezain bideragarriak eskainiz hezkuntza bidezko euskalduntzea areagotzeko arduran, euskal kulturaren transmisioa hezkuntzaren arduratik garatu ahal izateko. Euskal kultura ardatz izango duen curriculuma sakontasunez garatu eta euskal kulturgintzaren transmisiorako plan integral osatua hezkuntza sare osora zabalduz.