Koldo Izagirre

Euskara dohakabearen lasaitua

2023ko azaroaren 21a
05:00
Entzun

Ez da oraingo kontua, beti erantsi izan didate burlatxoren bat edo biga frantsesak eta gaztelaniak. Bekaitzez amorratuak bizi dira, ezin onez eraman euskaldunek berek amestu eta asmatu izana ni. Konplexuz beteak, latin lizundu hauek.
Egun, aldiz, ez naizela edo natzaiela aski sexi enteratu naute euskaldunek.
Gaztelaniari ez diote halakorik leporatuko.
Frantsesari ez diote halakorik musukatuko.
Ingelesari ez diote halakorik bizkarreratuko.
Ni ez eta horiek bai, horiek bai sexi.
Baina, erranen ote dit nehork zerengatik sexi mintzaira horiek, zerengatik, eta bereziki non eta noiz eta nola diren sexi?
Etxeparek gizonezkoa banintz bezala oihu plazatik, Txirritak amona xaharra banintz bezala kantutik, Lizardik eme gazte poematik. Denek maite ninduten, anitzek abandonatzen.
 Denek maite nindutelako leloa lelokeria zelakotz.
Sexi izan behar dudalako leloa bezain lerdoki.
Maitagarria izan naiz mendez mende maite nindutenendako sexi izan behar gabetarik, bestenaz ez nuen edo nintzen hain luze biziren. Orain, maitagarria ez baina, sexi izan behar? Durduzakizun garratz bat igarri dut edo diet hor: seximena landu behar dudala erranik, hiztun horiek baldintzak ezartzen dizkidate bizirik iraun truke. Hiztunei zor diet bizia, bai. Bortz mila urteren buruan ezin bizi sexualizatu barik? Eta, oroz gain, zerengatik ote naiz edo natzaizue sexi bilakatu beharra? Horra malgua zabala erraza originala eta gazta gaztea izatearen saria.
Psikoanalista euskaldunarenera jo dut edo diot. 


– Arazoa ez zara zu, arazoa ulertzen ez zaituztenena da.


– Sexi izan behar dudala euskaldunek berek erran didate barren!


– Hizkuntza bat hitz egin liteke ulertu gabe. Beldurra ematen die zu konprenitzeak, sentimena eraiki behar dugulakotz ulertuko bazaitugu. Azken finean, objektu eroso bat bihurtu nahi zaituzte.

Deserosoa naiznatzaizue beraz. Sexitasuna ulermenaren baztertzeko. Panpina puzgarri zapuzgarri bat. Izan liteke. Ordea, zerengatik beldurtzen ditu pentsamenduaren eraikitzeak?
Errak, Lizardi, ze iduritzen zaik?


Psikoanalista erdaldunarenera jo dut edo diot
.

– Baina zer dela eta izan nahi duzu sexi?


– Hiztunek hala behar naute.


– Egizu kontu izan litekeen hizkuntzarik erakargarriena hizkuntza zanpazutitu bat dela. Oker ez banago, hemen, zu.


– Erdaldunendako ausaz bai, euskaldunendako ez.

– Zer duzu euskaldunen aurka?


Psikoanalista erdaldunen arabera, hala ere, onuragarria nuke edo genuke hiztun ergel zientoka batzuk galtzea. Nik berriz ez dut nehor abandonaturen, neureganatu magaleratu altzoratu egin nahi ditut edo nituzke, prest nago aita ama maitale izateko.

Errak, Etxepare, ze iduritzen zaik?


Sexiatra euskaldunarenera arribatu naiz edo naute.


– Ez genezake terapia bera erabili hiztunak oro artatzeko. Desiren mundua arrunt konplexua duzu.


– Ni hirurehun molde desberdinetan inklina edo deklina ninteke hiztun horiek denak banan-banan xarmatzeko. 


– Hiztunak sedukzioaren gramatika ikasi behar du, berak seduzitu behar zaitu!

– Hiztunak ni? Ba ote?

– Bai, zirkuitu berriak aurkitu behar ditu garunean bilingue izateko!

Errak, Txirrita, ze iduritzen zaik?


Sexiatra erdaldunarenera arribatu naiz neurez edo neuraz.


Etzateko sofan lasai, itzaltzeko begiak.

– Entzun... Nire inguruko guztiek ikasi zaituzte, baina nik ez, nik ez nuen zu ikasi nahi, nik deskubritu egin nahi zintudan.

– Deskubritu?


– Hitzez hitz, zokoz zoko, kantuz kantu, bertsoz bertso, ximurrez ximur zure zorabio horretan nire bizia osatu, gozatu...

Begiak piztu ditut edo dizkit.

Sexiatra erdalduna besaulkian prentsa irakurtzen, marmarka...

– Castellano vaya mierda, français trou du cul...!

El País eta Le Monde Diplomatique harrika jaurti ditu, zutitu da...

– Zu bai, zu bai sexi!

Pikutara Etxepare Txirrita Lizardi guztiak!
Azken bi mila urteotan egin gogo nuen ahokada jalgi zait edo dut zozo zoro honi esker: Fuck you euskaldunak, fuck you bastards!


Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.