Euskarari buruzko Foru Legearen hitzaurrean berean onartzen da hizkuntzek bizikidetza eta ulermenerako balioa dutela. Hori adierazi zenetik hogeita hamar urte baino gehiago bete dira; hala ere, gaur egun bere horretan dirau balio horrek. Gaur egungo Nafarroak izan badu kohesio sozialerako ezinbesteko elementu bat, bere bi hizkuntzen baterako existentzian eta herritar ororen hizkuntza eskubideen errespetuan oinarritua, nork bere askatasun eta borondatetik abiaturik. Nahimen hori buru, Nafarroako Gobernuak Euskararen Lehen Plan Estrategikoa onartu du 2016-2019 urteetarako.
Ezin da ahaztu, iraganean, euskara murgilduta egon zela baliogabetzen eta haren indarra murrizten zuten eztabaida interesatuetan, ondasun gisa baino hizkuntzarekin zerikusirik ez duten gaien aldeko edo kontrako tresna bihurtu zuten erretoriketan. Halaber, begien bistakoa da aurreko gobernuek Nafarroako berezko hizkuntzetako baten, euskararen, kontrako politika atzerakoiak egin zituztela.
Hori dela-eta, inoiz baino beharrezkoagoa egiten da ikuspegia eta ekintza aldatzea, orain arte sustatu gabeko esparruetan euskara kokatzeko, helburu politikoengatik nahita zokoratuta eduki den horietan, alegia. Euskararen Nafar Kontseiluak ere halaxe eskatu zuen joan den astean aho batez onartu zuen deklarazio batean, premiatuz, euskara Nafarroako berezko ondare moduan nabarmentzera eta batzuek murgildu duten politizaziotik ateratzera.
Jadanik garaia da mitoak baztertzeko, euskara bereizten gaituen, gizartea banatu eta aurrez aurre jartzen duen eta, orobat, gastuari, tokikotasunari, tradizioari eta iraganari lotutako hizkuntza moduan hartzen dutenak, alegia. Era berean, topikoak gainditu behar ditugu, euskara nahita liskarrarekin edo inposizioarekin lotzen dituztenak eta euskara erakusleiho batean, lanerako edo gizarterako baliorik gabe, babestu beharreko altxor moduan hartzen dutenak.
Herritarren eskubidea
Euskara eta gaztelania nafar gizartea kohesionatu behar duten balioak dira eta, hartara, balio horiek partekatu beharrekoak dira, eta haiek izateaz harro egon behar genuke. Horregatik, beharrezkoa da euskararen ikuspegi berria izatea, nafar guztiok, izan gaztelaniadun izan elebidun, batzen gaituen hizkuntza baita.
Ezbairik gabe, bereizten ez duen eta, are gehiago, gizarte moduan dugun balioa biderkatzen duen hizkuntza delako. Herritarren askatasunetik eta borondatetik abiaturik, bermez garatuko den hizkuntza. Euskara ez kostu moduan baizik etorkizuneko inbertsio modura hartu eta, zalantzarik gabe, berrikuntzarekin eta gizarte osoarekin lotuko dena. Hizkuntza bat, gure hizkuntzetako bat, garapenari eta nafarren hautatze askatasunarekiko errespetuari lotua. Euskara, oraingo eta etorkizuneko balio modura hartua, munduari irekia, zernahitarako erabilgarria eta, orobat, balioa eta aberastasuna, baita ekonomikoa ere, Nafarroari ekartzen dizkiona.
Ikuspegi-aldaketa hau Euskararen Plan Estrategikoan islatu da eta, Euskarari buruzko Foru Legearen eta Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren araudi-esparruaren barnean, Nafarroako Gobernuaren oinarri diren lau alderdi politikoek akordio programatikoan izenpetutako konpromisoan oinarritzen da. Konpromiso bat, zeinek bere egiten baitu hizkuntza politika berri, zeharkako eta progresibo bat egin beharra, Nafarroako egoera soziolinguistiko desberdinen errealitatera egokitua eta, orobat, euskarari ospe soziala emanen diona. Hori guztia herritarren eskubidea eta borondatea errespetatuz.
Gizarteak parte hartu du Plan honetan eta hura xede hartuta prestatu eta, lan sakon eta partizipatibo baten ondotik, sortu da; Nafarroako zernahi sentiberatasunetako pertsonak, erakunde publikok eta elkartek, ehundik gora, parte hartu dute eta, orobat, herritarrek berek egindako ekarpenak ere kontuan izan dira. Ekarpen horietako %60 baino gehiago bildu dira eta horrek guztiak, funtsean, agiria aberastu eta indartu du.
7 ardatz estrategiko, 33 helburu espezifiko, 74 arlo, 190 ekintza eta 20 adierazle dituen Plan honek paradigma berri baterantz jo behar du.
Hartara, irmoki sinesten dut Euskararen Lehen Plan Estrategiko hau baliagarria izanen dela euskara Nafarroan gaur egun denaren eta etorkizunean izanen denaren elementu berezi bilakatzeko. Jarrera erreaktibo eta erredukzionista horiek gaindituz, nafar herritar guztiendako kohesio eta bizikidetzarako balio bilakatuko den aukera.
Euskara, bizikidetzarako hizkuntza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu