Duela 16 urte Soziolinguistika Klusterra sortu zuen euskararen alde konprometitutako pertsona eta erakunde talde batek. Euskararen soziolinguistika lantzeko bat egin zuten, askotariko ikuspegien artean. Norbanako gisa, hamaika euskaltzale, ikerlari eta intelektualek sustatu zuten Klusterraren sorrera. Eragileei dagokienez, euskararen aldeko mugimendu sozialeko partaide ezagunak, lan mundua euskalduntzen dihardutenak, hezkuntzaren eremukoak, unibertsitate esparrukoak, aisialdia jorratzen dutenak, helduen euskalduntze alfabetatzekoak, udal batzuk...
Soziolinguistika Klusterra bezalako erakunde bat beharrezkoa ikusi zuten orduan, arrazoi bat baino gehiagogatik. Euskara, gutxiagotutako hizkuntza den heinean, biziberritzeko ezagutza soziolinguistiko zorrotza eta fidagarria ezinbestekotzat jotzen zelako, lehendabizi. Gainera, sarritan bulkada pertsonalez eta konpromiso militantearen bidez, sortzen zen ezagutza zientifiko soziolinguistikoa bateratzeko eta interesa izan zezakeen ororen esku jartzeko tresnak eta zirkuituak eratzeko beharra ikusten zen. Euskararen hiztun komunitate osoaren gaineko ikuspegian gabezia handia zegoen. Euskal Herriko unibertsitateetan soziolinguistika lantzen zuten ikerlariak eta lanak urriak ziren eta sakabanatuta zeuden. Ez zegoen berariazko titulu edo egitura akademikorik, ez behintzat martxan zegoen eraldaketa soziolinguistikoak eskatuko lukeenaren parekorik. Hori gutxi balitz, eremu sozialetik, profesionaletatik eta publikoetatik euskararen biziberritzean esku hartzen ari ziren ehunka aktibista eta teknikarik oinarri zientifiko sendoen gainean jardutearen garrantziari erantzun nahi zitzaion; eremu teorikoaren eta aplikatuaren artean zubiak eraikiz.
Sortu zenetik, aipatutako behar eta gabeziei erantzuteko lanean dihardu Soziolinguistika Klusterrak. Lehenik, ikerketa eginez. Egoera soziolinguistikoa ahalik eta hobekien ezagutzeko proiektuak gauzatzen ditugu. Euskal Herriko bazter guztietan eta gizarte-bizitzaren esparru guztietan hizkuntzaren egoera zein den ahalik eta xehetasun handienez ezagutzeko bokazioa dute proiektuok, azken urteotan euskal herritarren artean goraka doan hizkuntza aniztasuna ere kontuan hartuta, jakina. Gainera, euskararen erabilera, irakaskuntza, gizarte aktibazioa, hizkuntz ohituren aldaketa prozesuak eta bestelako esku hartzeak hobetzeko proiektuak ere garatzen ditugu.
Bigarrenik, soziolinguistika ezagutza kudeatzen dugu. Aldizkari, albistari, jardunaldi, ikastaro, hitzaldi eta argitalpenak baliatzen ditugu, besteak beste, behar duen oro soziolinguistika ezagutzaz hornitzeko. Garrantzi berezia ematen diogu teoria eta ikerketatik arlo aplikatuko esperientziara eta alderantzizko norabidean ezagutza jarioa bermatzeari. Nazioartean ere ari gara; batetik, Euskal Herrian sortzen dena partekatuz; eta bestetik, beste lurraldeetako talde eta pertsonen ezagutza gurera ekarriaz.
Euskararen biziberritzearen zerbitzura dihardu Klusterrak, baina ez du hizkuntza politikarik edo hizkuntza plangintzarik ere diseinatzen. Xede hori duten erakunde eta eragileen esku baliabideak jartzen ditu. Hamaika erronkari erantzun beharra dakar horrek, erronka hazkorrak eta aldakorrak, baliabide mugatuekin. Abiada bizian aldatzen ari den jendartean bizi gara; COVID-19aren krisiak ikusarazi digun moduan, mundu mailako joera eta elkarrekintzek erabat baldintzatuta. Azken hamarkadatan, berebiziko aldaketak eragin dituzten zenbait fenomenok goitik behera zeharkatu gaituzte: indibidualizazioa, globalizazio kulturala, migrazioak, digitalizazioa... Joera eta aldaketa horiek eragina dute hizkuntzaren egoeran ere. Egoera eta baldintza soziolinguistiko ezezagunen aurrean ikerketa ahalegina indartzea funtsezkoa da.
Hain zuzen, azken hilabete hauetan hurrengo lau urteetarako lan-ildo estrategikoak definitzen dihardugu. Erronka ugari dago eta lehentasunez zeintzuei heldu behar zaien eztabaidatzen ari gara Soziolinguistika Klusterreko langile, bazkide, kolaboratzaile, babesle eta urteetan zehar eraiki dugun sare zabaleko kideak. Eztabaidagarria izan daiteke lehentasunak puntu batean edo bestean jartzea. Hala ere, Klusterraren konpromisoa ez dago zalantzan, sortu zeneko berbera da: euskara biziberritzeko ikergunea gara. Metodo zientifikoak erabiliz lan egiten dugu, elkarlan sareak josiz eta baliatuz, gizartearekin konpromiso betean.
Euskara biziberritzeko ikergunea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu