Euskara, bilbotarren hizkuntza

2017ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Bilbok ez dio inoiz hutsik egin Korrikarekiko hitzorduari, eta euskararen aldeko lasterketa herrikoi honen 20. edizioan, Bilboren euskalduntasuna aldarrikatu nahi nuke berriz ere: euskalduntasun historikoa, euskarari hainbat ekarpen egindakoa, eta batez ere, euskalduntasun borondatezkoa, euskara bilbotarren hizkuntza ere bai baita.

Bilboko hiria Begoñako elizateko errebal batean sortu zen 1.300. urtean, eta portuko jarduerari zegokion giro eleaniztasunaren gainetik, euskarak bizi-bizirik iraun zuen bilbotarren ahoan, harik eta XIX. mende amaieraz geroko immigrazioaren ondorioz, gaztelania nagusitzen hasi zen arte.

Bilbok, Euskal Herriak bezalaxe, euskarari zor dizkio izena eta izana, eta hauen ordainetan, gure hiriak funtsezko ekarpenak egin ditu gure arbasoen hizkuntzari eusteko ahaleginean.

Euskarak Bilbori zor dizkio, besteak beste, lehendabiziko gramatika-liburua, Rafael Mikoletak 1653an idatzitako Modo breve de aprender la lengua Vizcayna delakoa; gugana iritsi den lehenengo dotrina liburua, Juan Perez de Betolazak 1596an Bilbon argitaratu zuen Doctrina Christiana en Romance y Basquence izenburukoa; euskara hutsezko lehen aldizkaria, Azkuek 1897an plazaratutako Euskalzale agerkaria; lehenengo euskara katedra, Bizkaiko Foru Aldundiak 1888an sortutakoa, edota 1937ko gerra giroan kaleratzen hasi zen Eguna euskara hutsezko lehenengo egunkaria.

Horrez gain, Bilbon izan da beti Euskaltzaindiaren egoitza, eta Areatzako San Nikolas elizaren babespean, gerra osteko lehenengo ikastola sortu zen 1957an. Euskara batua bera ere Bilbon abiatu zen, Gabriel Arestik 1960an idatzitako Maldan behera poema-liburuaren eskutik.

Historiari erreparatuta, beraz, askotxo dira Bilboren euskalduntasuna aldarrikatzeko arrazoiak. Baina historia bezain garrantzitsua da bilbotarren borondatea, eta borondate honek ere argi utzi du behin eta berriz euskara gero eta hizkuntza biziagoa dela XXI. mendeko Bilbo zaharberritu honetan.

Korrikaren edizio guztiak igaro dira Bilbon zehar, eta zazpi aldiz bertan kokatu da amaierako helmuga. Alabaina, Korrikaren lehen edizioko partaideek ezagutu zuten Bilboko orduko euskal giro eskasak ez dauka zerikusirik egungo errealitatearekin. Duela 37 urte, Korrikaren lehen edizioa egin zenean, Bilboko biztanleen %6,4 baino ez ziren euskaldunak, eta gaur egun portzentaje hori ia-ia laukoiztu egin da.

Zalantzarik gabe, lan handia egin dugu urte hauetan guztiotan, baina jorratutako bidean aurrera egiten jarraitu behar dugu, garai berriek dakartzaten erronka berriak gainditu ahal izateko. Duela 37 urte, euskara hilzoritik atera eta hizkuntzaren ezagutza zabaltzea zen helburu nagusia; orain, ezagutzatik erabilerarako saltoa egin behar dugu euskarak hizkuntza bizia izaten jarrai dezan.

Geurea da erronka eta erantzukizuna: inoiz baino euskaldun gehiago gara, eta inoiz baino bitarteko gehiago dauzkagu hizkuntzari haize berriak emateko. Lotsa galdu behar dugu behin betiko, eta euskaraz egin... kalean, etxean, mendian, diskotekan eta supermerkatuan... ondo ala txarto, baina euskaraz!

Euskararen aldeko ahalegin kolektibo honetan, Bilbok zer esan handia izango du, euskaldun gehien biltzen duen euskal hiria den aldetik. Batzuen esanetan, Bilbo nahitaezkoa dugu euskararen etorkizunerako, baina nik gaineratuko nuke euskara nahitaezkoa dugula Bilboren eta bilbotarren etorkizunerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.