Euskara ardatz duen Hezkuntza sistema

2023ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Hezkuntzari buruzko Legeak hizkuntza ofizialen ezagutza nahikoa bermatu behar badu (B2 maila Bigarren Hezkuntzaren amaieran) eta behin ikusita, hainbat ikerketak erakutsi duten bezala, indarreko egungo ereduek ezagutza hori bermatzen ez dutela —doktorego tesiek, hezkuntza txostenek…—, pentsatzekoa da atzerapauso larria dakarrela lege akordioari emendakina jartzeak ereduen sistema iraunarazteko; batetik, ez duelako gizarte kohesioaren aurrerabiderik errazten, eta, bestetik, hizkuntza plangintza ituntzeko oinarrizko printzipioa alboratu egiten duelako, hots: hezkuntza jauziaren eraldaketa sostengatzen duen marko teorikoari zein ikerketa aurrekariei muzin egiten die. Ereduak iraunarazteko saiakerak ataka estuan jartzen du hizkuntza politika ituntzeko aukera, eta hezkuntzatik hasitako bidearen proiekzio estrategikoa argi-ilunez betetzen du.

Izan ere, hizkuntza ereduen afera argitzeko, kontua da zeri ematen zaion lehentasuna, hots: legeak ezartzen duen ikasleen hizkuntza-ezagutzaren helburuak bermatzeari, edota helburu horiek lortzeko orain dela berrogei urte hitzartutako eredu-sistemaren sostengu hutsalari. Jakinda, gainera, eztabaida honek gaia desbideratu baino ez duela egiten, ondorioa bistakoa denean: ereduak iraunarazita ez da lortuko bi hizkuntza ofizialen ezagutza eraginkor eta nahikorik Hezkuntza Legeak aurreikusitako hezkuntza amaierako helburuetan.

Hargatik, legeak ezartzen dituen helburuak erdiesteko bidean, haragoko beste urrats bat egitea beharrezkoa zaigu. Eta hizkuntza-uztarketako eredu orokor inklusibo baterako jauzia egiteko premia egon badago, non ikastetxe bakoitzak, duen testuinguru soziolinguistikoaren eta artatzen duen ikasleriaren ezaugarrien arabera, premia gorrienean dagoen hizkuntzaren erabilera indartzeko neurri eraginkorrenak hartu beharko dituen, ikasleriaren eskola ibilbidea zehaztu eta bere euskalduntze ahalmenaren mugetara iristeko. Tokian tokikoari lotura eginez eta ikastetxez ikastetxe egin beharreko hezkuntza zereginari jarraikiz.

Eskola zeregin horretan ulertzen da, adibidez, ikastetxeko hizkuntza proiektuen zentraltasuna eta derrigortasuna hezkuntza zerbitzua eskaintzen duten ikastetxe guztientzat. Diru publikoa jasotzen duten ikastetxeek betebehar soziala baitute hizkuntza helburuei dagokienez: helburu horiek erdiestea euskal hezkuntza sistemaren lehen mailako gizarte erronka da. Hara zelan, euskara ardatz duen hezkuntza sistema ikaseredu orokor inklusiboaren hezkuntza markoan ulertu behar den, duen ezaugarriaren oinarrizko premisa baita.

Euskara ardatz duen hezkuntza sistema euskara hizkuntza propiotzat aintzat hartzen duen lege hitzarmenean zehazten da lehenik. Hau da, hizkuntza ofizialetako bat hizkuntza propioa da eta gainera diglosia egoeran dago; eta hizkuntza gutxituak bizi duen minorizazio egoerari inguruko hizkuntzen kultur eta hizkuntza aniztasuna gaineratzen zaio, eskola testuinguru garaikidea oso egoera konplexuan kokatzen duelarik.

Honezkero esan dezakegu, errealitate sozialak egungo ereduen sistema gainditzen duela, eta ereduen sistematik harago, eraldaketa marko teoriko berria zertzen da, hau da: euskara ardatz duen esparru eleaniztuna da hizkuntzen ikas-irakaskuntzaren XXI. mendeko marko berria. Eta horrek ondorio pedagogikoak ditu ikastetxeko hizkuntzak artatzeko orduan.

Argi adierazia dago, beraz, hiru hizkuntzak direla irakas-hizkuntza, baina euskara dela gure hezkuntza sistemaren hizkuntza nagusia. Horretan datza euskararen ardaztasuna. Hara zelan, irakaskuntzaren jarduera osoan hizkuntzaren presentzia bermatuzzehaztu beharko da irakaskuntzaren jarduna, legeak aurreikusi dituen hizkuntza helburuak erdietsiko badira. Haatik, hizkuntza gutxituaren presentzia eta erabilera areagotzeko, hezkuntza-eremu guztiak eta ikaskuntza-baliabide guztiak dira beharrezkoak, egoera zaurgarriagoan aurkitzen den ikastetxe/ ikasleriari euskara gehiago emanez.

Egungo eskolak hiztun gaituak sortzeko bidean euskararen nagusitasuna izango duen ikaseredu indartua beharrezkoa du: egungo D ereduak D eredu indartuak bihurtuz; B ereduak D ereduetara bihurtuz; eta A ereduak desagerrarazita; eta bide hori hizkuntzen didaktikan eta estrategia soziolinguistikoetan beharrezko aldaketak eraginez egin beharko da, eraldaketa prozesala gauzatuz.

Horrez gain, hiztun gaituak izateko beste alderdi eta gaitasunak gehiago landu beharko dira, bai hizkuntzarekiko jarreran, atxikimenduan, begirunean eta motibazio kulturalean. Jakinda motibazio kulturala hizkuntza gaitasun osoa bereganatzeko balio motibatzaile nagusietako bat dugula, erreferentziazko mundu kulturala munduera baten erregai sinboliko behinena den neurrian.

Eskola paradigma berri baten diseinuak, gutxienez, hiru alderdi hauek aintzat hartu beharko ditu: bat, berezko hizkuntzaren ezagutza eta gaitasun nahikoa, eroso bizi ahal izateko gutxieneko hizkuntza gaitasuna bermatuz eskolaldiaren amaieran; bestea, curriculum berriaren dimentsio kulturalaren garapena eta transmisiorako ahalmena, hizkuntza irakasteaz gain, zentzu mundu bat jariatzeko ahalmena eskolatik ere landuz; eta hirugarrenik, arrazoibide soziolinguistikoa lantzea, hizkuntza egoera konplexu batean bizi garenez gero, bertako hizkuntzaren hiztun gisa kokatzeko baliabide nahikoak eskolatik eskainiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.