Hizkuntza-aniztasunari zuzenean eragiten dioten bi fenomeno nagusi hedatzen ari dira mundu zabalean: hizkuntzen desagerpenaren ondorioz gertatzen den hizkuntza-aniztasunaren galera masiboa, sarri aipatzen dena, eta, paradoxikoki, migrazio-mugimenduen eraginez tokian toki inoiz izan den hizkuntza-aniztasun handienaren eratzea. Bi joera horiei aldi berean erantzun behar diegu hizkuntza minorizatua biziberritzeko ahaleginetan ari garen komunitateok. Eta ez da erronka makala.
2020ko Udal Erroldaren arabera, EAEko udalerrietan jatorri atzerritarra duten pertsonak 250.000 inguru dira; erdiak gutxi gorabehera bertara azken hamar urteetan heldutakoak; COVID-19aren krisiak geldiune bat eragin badu ere, joera honek jarraipena izango du. Izan ere, immigrazioa dagoeneko egiturazkoa da; populazioaren %11 eta %14 artekoa da, herrialdearen arabera, eta hortik oso gorakoa zenbait udalerritan. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian kopuruak eta ezaugarriak desberdinak dira, baina begien bistan dauden erronkak, berriz, antzekoak. Euskal Herrian bizilekua hartu duten herritar etorri berri horiez gain, ezin aipatu gabe utzi paperik gabe bertan bizi direnen edota trantsituan dauden pertsonen problematikak, zalantzarik gabe beste mota bateko erantzuna behar dutenak.
Immigrazioko populazioa ez da homogeneoa, ez jatorriz, ez egoeraz, ez beharrez, ez adinez, ez kulturaz eta ez hizkuntzaz. EAEn 16 urtez azpiko 35.000 lagun inguru dira eskola beharretara hurbiltzen direnak, eta ia 30.000 dira 17 eta 24 urte artekoak, behar eta eskakizun berezituak izan ditzaketenak. Beraz, aurrean dugun erronka seriotasunez hartzekoa da.
250.000 lagunetik 200.000k hogei estatutan dute jatorria; eta beste 50.000 lagunen jatorria, berriz, 150 estatutan banatzen da. Kultura eta hizkuntzari dagokionean, pentsa daiteke hogei estatu horietan hitz egiten diren hizkuntzak direla gure artean hiztun-kopuru handiena izango dutenak. Gaur egun ez dago informazio hori biltzeko protokolorik. Hizkuntza horien presentzia aurreikusi egiten dugu. Hala ere, kasu askotan ikerketa kualitatiboen bidez baieztatu ahal izan dugu.
Beraz, esan daiteke hizkuntzen presentziaren aldetik, hiru talde bereizi daitezkeela: 1) Jatorriari begira ohikoenak diren hogei estatuetako hizkuntzak, ofizialak eta ez-ofizialak baina oso hedatuak (arabiera, errumaniera, portugesa, txinera—mandarin edo kantonera—, frantsesa, urduera, wolofera, jorubera...) edo gutxituak (amazigera, punjabera, kitxua, wu...); 2) Jatorria beste 150 estatutan duten pertsonen bidez, gutxienez 120hizkuntza izan daitezke gure artean;3) Horiez gain, kontuan izan behar da gaztelania ofiziala duten estatuetan dutela jatorria immigrazioko biztanleen erdiek inguruk. Kasu gehienetan elebakarrak dira gaztelaniaz, baina zenbaitetan hizkuntza gutxituak ere hitz egiten dituzte.
Euskararen biziberritze-prozesuan egoera honek planteatzen dituen erronkei heltzeko unea da, gutxienez honako alderdi hauetan: administrazio publikoek (gobernuek, aldundiek, udalek) egiturazko erantzunak eman behar dituzte (harrera-plan koordinatuak, besteak beste); hezkuntza-sistemek, aukera berdintasuna ziurtatzeko eta, gutxienez, segregazioa saihesteko bermea ezarri behar dute; gizarte zibilak, berriz, ekimen kolektiboak eta norbanakoen jokaerak gizarte kohesionatuagoaren norabidean kokatu behar ditu, aliantza zabala osatuz.
Badira aipatutako erronkei modu arrakastatsuan erantzun ahal izateko ezinbestean landu beharreko hiru lerro. Batetik, kultura- eta hizkuntza-aniztasunetik kulturartekotasunera trantsizioa elkarrekin pentsatzea. Bigarrenik, gizarte aurrerakoi eta inklusiboa garatzeko ezagutza eta entzute dinamikak biderkatzea. Eta, hirugarrenik, hizkuntza-aniztasunaren kudeaketaren erdigunean euskararen biziberritze-prozesua kokatzea, modu partekatuan.
Xede horiek guztiak kontuan hartuz, migrazioen eta harrera linguistikoaren inguruan lanean ari diren adituak, ikertzaileak, teknikariak, elkarteetako kideak eta gaian interesa duten ikasleak eta herritarrak elkartuko gara Soziolinguistika Klusterrak azaroaren 11n Iruñeko Baluarte Kongresu Jauregian antolatu duen Euskal Soziolinguistika Jardunaldian.
Euskara aniztasunean: erronka atzeraezina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu