Medikuntzako euskal ikasleek ia urtero adierazpen bat egin dute, zenbait aldarrikapenen ondotik. Begi onez dakusat ikasle euskaldunak aktiboak izatea, eta ez bakarrik euskaragatik: ikasle aktiboengandik profesional aktiboak datoz, eta halatan, normalean, profesional onak. Bozkarioz diot profesional euskaldunak onak izaten direla, batez ere lanbidean nahiz euskalgintzan aktiboak direnean, eta komunzki, biak elkarrekin etortzen dira.
Baina arranguraz ere dakusat urteroko gertakari hori. Argitu dezadan.Medikuntzako ikasleok ohiko aldarrikapenez haratago, badute fakultatetik irten eta elkarren arteko loturari eusteko asmorik? Medikuntzan erkidego gisa jarraitzeko edo nolabaiteko erkidego medikorik sortzeko xederik? Eta klinika euskaldunik edo euskal medikuen elkarterik? Unamuno beti baitago sapan gure artean, darabildan orain berak jaurti zigun metafora euskal herria historiatik bazihoala adierazteko: ibaiak itsasora nola, hala medikuntzako euskal ikasleak ere, goi-mailako euskal ikasketadun gehien-gehienen antzera, isuriko ote dira erdal munduaren itsaso zabalera eta bertan aienatuko? Horixe jazo da orain arte; goititu ezin dugun patua ote?
Nora ote goaz betiko arazoei betiko erantzun antzuak emanez? Nahikoa izaten dugu aldarrikapenik aldarrikapen ibiltzearekin, norbaiten kontra, gobernua dela, administrazioa dela, ez dakit zein alderdi dela, zein marka komertzial dela. Alabaina, oso gutxitan elkartzen gara bilgune nahiz sareak eraikitzearren, egitasmo komunak sortu, euskal mundua bilbatze aldera, hala nola euskal gune profesionalak, elkarren artean estekatu, amarauna ehundu… Arazoa ez da, bere baitan, hizkuntzazkoa —hizkuntza, berez, ez da ezer—, hiztun-herriarena baizik, hots, sozio-kulturala, sozio-ekonomikoa, soziopolitikoa, baina, gure osin beltzetik erantzun idealistak baizik ez dugu ikusten, hezkuntzazkoak, ideologikoak.
Euskal gizarte mota bat ia joan da, industria-iraultzaren aurrekoa, eta haren kultura ere hurrean dugu hiltamuzko arnasa estuetatik. Euskal gizartea bortxaz ebatsi digute, ordea, ez gakizkion, ekin, haren hausterretatik berriro hezur-mamitzeko lanari. «Ia guriak egin du, badegu zeinek agindu» izan zen Xenpelarren auhena, artean euskal gizarteak zutik zirauelarik, Axularrek, berriz, esango zukeen gisan: gure hemengo aldia egin hurran dugu. Ba ote da bigarren aldirik? Mundu honetan ez behintzat. Tronpatzen gara, geure burua eldarnioez nahastu nahi dugu. Lehenengoz, gure hutsuneak ezagutu behar ditugu, diagnostiko zorrotz eta orohartzaile bat, serioa, benetakoa, eta estrategia egokia diseinatu: euskal gizartegintzarantz.
Alta, zer nahi dugu, benetan? Euskadi, euskotarren aberri —ez euskaldunena — independentea?, nondik ere baitator, erdal kulturaz gozatzen jarraitzea?, erdaldun lankide, senide, emazte, adiskide, tabernari, saltzaile, gogaide, ohaide… atsegin edo desatseginen artean bizi?, eta gero gure eguneroko patu narrasa aldiroko ekintza erritualez estaltzeko plantak? Hizkuntza baten azken fasea erritualizazioa omen da, pankartetan ikusten dugunez. Hein handi batean horixe da elkarte humanistek, ekologistek, internazionalistek, feministek eta X-ista ia guztiek inguru erdaldunetan egiten dutena. Testu erritualak, maizegi itzulpen eskasak, askoz kaltegarriagoak erdara hutsean argitaratzen direnak baino.
«Ogi gogorrari haginak zorrotz» ez da gure esaera kutunetatik bat, aitzitik, nahigo dugu negarrari eman esanez «leku guztietan txakurrak ortozik» dabiltzala, alegia, munduan bost mila hizkuntza desagertzear daudela,gizateriak altxor berreskura ezin bat galtzear dagoela, aberastasun ezinbesteko bat, sufrimendua dagoela… eta antzeko aieneak. Euskararen Egunetatik Egunetara bizi gara, urteroko ikastolen egunen artean, errudunak bilatzen, eraikitzeko kemen eta gogorik gabe. Gure konponbideak inori eskatzean dautza, gobernuei, erdaldunei, arerioei, eta eskatzen diegun hori beraiek euskalduntzen jardutea da. Ordea, hutsetik ez da ezer ateratzen, erdal gizartetik euskal gizartea. Gure egoeran, politika hedatzaileek —euskalduntzeak— huts egiten dute, erdal gizartean euskaldun estatistikoak sortuz, eta haien euskalki aizuna, erdara, estatistikera. Euskal mamia ments dugu.
Alferrik gabiltza liluraturik, eta lagun ditugu politikari eta sindikatuko kide asko ez ezik, baita frankotiratzaileak ere, hots, bakarrik diharduten horiek. Gustuko dituzte halakoak euskal hedabideek. Medikuntzan bada alerik. Ukendu magikoak eskaintzen dizkigute osasungintzan euskal mundua hutsetik sortzeko, hala nola historia klinikoa euskaraz jartzea, osasun-kudeaketaren sistema informatikoak (Osabide) euskalduntzea… Lourdesko Andra Mari ere hor dugu gertu. Beharrik. Hamaika arao ikusita gaude, eta ondo dakigu horiek, berez, ez garamatzatela inora, gure gabeziak, sozio-estrukturalak direlarik, larriegiak baitira perla horiei dirdira ateratzeko. Administrazioan hamaika inprimaki eta aplikazio elebidun ikusita gaudelarik, ondo dakigu hortik ez dugula euskal gizartegintzan aurrera egiten. Alferreko gastu handiak, ez dugun denbora xahutzea.
Geuk atera behar dugu ataka honetatik, eta ondo etorri laguntzei. Funtsezkoena, norabidea aldatzea da, zuhaitz ia ihartuaren kimu berriak ez daitezen alferrik gal, belaunaldi berriak tai gabe gesaldu diren bezala. Medikuntza-fakultateko kimu berriak, urtero, ia ezdeus bihurtzen dira unibertsitateko aldia burutu eta atoan. Hainbat goi-mailako profesional euskaldun erdal munduan mutu, urtu eta ezkutaturik! Hor dugu gure arazoaren benetako neurria. Utikan eldarnioak, atzipe eta ziriak! Euskalgintzak ezin du horrela jarraitu, inflexio-puntua behar du. Euskal gizartea berreraikitzeko balio ez duenak ez du balio: horra hor neurria.
Euskalgintzatik euskal gizartegintzara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu