Euskalgintzarako iradokizun estrategikoak

2023ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Euskararen etorkizunerako estrategia bat behar da, ekintzak eta programak ez baitira nahiko etorkizuna ziurtatzeko. Estrategia gauza berezia da, eta bere prozedurak ditu, beraz, helburuak eta baliabideak argi eduki behar ditu. Helburuak epe motzean, epe ertainean eta epe luzean adierazi behar dira. Estrategiak eraikitzeko ingurugiroa deskribatzea funtsezkoa da. Aukerak eta arriskuak ezagutzeko funtsezkoa da ingurugiroaren deskribapen on bat izatea. Ahultasunak eta indarrak ezagutzeko, aldiz, edukia sakon ezagutu behar da.

Hori horrela izanik, ezinbestekoa da gure giroa aztertzea gure hizkuntzaren etorkizuna iragartzeko eta planifikatzeko. Euskara hizkuntza minorizatua da, beraz, beste hizkuntza minorizatuen bilakaera baliagarria zaigu euskararen etorkizuna iragartzeko, baina hizkuntza minorizatu bakoitzaren ingurugiroak estrategia berezia behar du bizirauteko. Oso ingurugiro desberdinak dituzte hizkuntza minorizatuek, gehienak industria-aurreko ingurugiroan daude, eta ezin dira gurearekin parekatu.

Industrializazioaren aurretik, eskulanak nekazaritzan eta abeltzaintzan egiten zirenean, horren arabera erabiltzen zen hizkuntza. Euskararenkasuan ere, industria aroan tresneria inguruan landu zen hizkera gure lurraldean. Gaur egun, adimenaren produkzio sisteman, osasun mentalari dagokion hizkera landu behar da.

Euskalgintzaren ahultasunak eta indarrak ezagutzeko, esan dugun moduan, edukia sakon ezagutu behar da. Euskararen edukiari buruz zera izan behar dugu argi baino argiago: hizkera harremanetarako eta lanerako tresna bat dela.

Horrela ba, gaur egungo gure ingurugiroa, hizkuntzaren edukia eta funtzioa kontuan izanik, ikerketa berezia egin dugu: Gogoa. Jadanik argitaratuta daude Gogoa ikerketaren ondorioak. Ikerketa horren bidez, jarri nahi izan ditugu oinarri estrategikoak euskararen erabilera motibatzeko eta sustatzeko. Gaur egun euskara dakien jendetzaren kopurua handituz doa. Gazteen artean, gehienek euskaraz dakite. Hala ere, ez da erabiltzen, edo gazteleraz sarriago hitz egiten da lagunen artean.

Nola estimula daiteke euskaraz dakienak gehiago erabil dezan? Estimulaziorik sakonena subjektibitatetik sortzen da, eta hori mentalizazioaren bitartez eraikitzen da. Mentalizazio kontzeptua honetan datza: norbera eta besteak, euren sentimenduak, ametsak eta desioak, gogoaren egoeren terminoetan edo hitzetan aditzeko ahalmena. Horretarako, munduan non kokatzen garen aditu behar da. Euskaldunak komunitate espiritual bateko partaideak gara, eta komunitate horri dagokion hizkera landu behar dugu, gaur egun, batez ere, gogoaren osasunari dagokion hizkera.

Euskaraldia, Korrika, euskal jaiak, euskal musikaldiak eta telebistako kantak ondo daude, baina taktiken arloan aritzen dira, ekintzetan, hain zuzen, epe laburrean helburu batzuk lortzeko. Nire ustez, estrategia sakon bat landu beharko litzateke euskalgintzaren etorkizuna ziurtatzeko. Halako estrategia eraikitzeko egokia izango litzateke talde multidiziplinarrean lan egitea. Badago foro bat, Euskararen gogoeta-gunea izenekoa, Txillardegi gogoeta-gunea ere sortu zen, eta hainbat mugimendu ari dira aztertzen eta hausnarketak egiten hizkuntzaren etorkizuna dela eta.

Gure ekarpena gogoaren osasunean eta alde espiritualean hizkerak lantzea izango litzateke, baina estrategia batekin. Epe luzera, ikuspegirik gabe, ez dago motibaziorik taktikak garatzeko. Estatu gabeko herri edo komunitate espiritual bat izanik, epe luzerako estrategia bat edukitzea hil ala biziko dilema da. Epe luzera begira jartzen bagara, galdera bat datorkigu burura: beste estatutuen kopia bat egiten jarri ordez, zergatik ez dugu lan egiten komunitate espiritual hori eraikitzeko baldintzetan? Ez diot estaturik behar ez dugunik, baina ez azkeneko helburu bezala.

Estatuak Erdi Aroan asmatu ziren, gizartea antolatzeko eta ekonomia administratzeko, nolabait. Soziologo batzuek diote gaur egun ez direla eraginkorrak: enpresek agintzen dutela ekonomian, eta nazioarteko elkarteak eta antolamenduak behar direla gizartea antolatzeko eta ekonomia administratzeko. Hori horrela bada, euskalgintzan ez genuke pentsatu behar estatu berri bateko testuinguruan azkeneko helburu bezala etorkizunerako, baizik eta gure komunitate linguistiko espirituala sendotzean nazioarteko erakundeetan.

Iradokizun bat: horrelako estrategia lantzeko, antzerako hizkuntzen komunitate espiritual batzuen arteko akordio bat landu, nazioarteko erakundeetan agertzeko, eta euren soziolektoa gureganatuz eragin berezia lortu. Erakunde bakoitzak bere hizkera (soziolektoa) lantzen du, esate baterako Europako Batasunak bere soziolektoa lantzen du (The Economist, 2022ko azaroaren 10a). Hizkera hori jakin barik ez dago bere laguntasuna lortzerik, baina hizkera hori ikasiz gero, laguntza asko eta eragin asko lor daitezke.

Finlandiera, georgiera , hungariera, amazigera eta japoniera antz handikoak dira (Mitxelenaren arabera sustrai berekoak dira). Euren komunitate espiritualen arteko akordio bat lortuko bagenu nazioarteko erakunde publikoetan eragina izateko, batez ere Europako Batasunean, gure etorkizuna ziurtatuko genuke. Horretarako Europako Batasuneko soziolektoa landuta, guretako batzuk horretan espezializatuta, epe luzean eta erdiko epean ere, zerbait lortuko genuke gure komunitate euskaldunarentzat. Beste alde batetik, hizkuntza komunitate espiritual horietako (finlandiarra, georgiarra, hungariarra, amaziga eta japoniarra) goi mailako erakundeekin harremanetan dauden euskaldunak badira jadanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.