«Euskal Herrian ligatzea ez da bekatua: miraria da», bota zuen pasa den asteburuan ezagun katalan batek afaltzen ari ginela. Mutu gelditu ginela ikusita, «aizue, zirikatzeko modu bat baino ez da izan!» gehitzeko beharra sentitu zuen. Aurreko asteburuan ere gai bera atera zen «geure buruaz barre egiteko eta denbora-pasa» baino ez dela saldu diguten 8AV pelikula arrakastatsuaren inguruko solasaldi batean. Euskal Herrian gutxi ligatzen delako kontrafroga moduan, adiskide gazte bat haren kuadrillako neskek sagardotegietan izandako abentura sexualak kontatzen hasi zen, eta barrez lehertu beharrean ibili ginen.
Maggie Bullen, Karmen Diez, Jone M. Hernandez eta Elixabete Imaz-ekin batera gazteekin egindako ikerketa kualitatibo batean, zenbait elkarrizketatuk ideia hori aipatu zuten, baina beste askok ez. Gainera, gure emaitzetatik ezin da ondorioztatu ez elkarrizketatuek eta ez haien lagunek gutxi ligatzen dutenik edo horretaz kezkatuta daudenik.
Jarduera sexualen inguruko informazio bila aritu ginen. Euskal Herria eta beste lekuekiko alderaketa egiten duen inkesta bakar bat topatu genuen: Encuesta de Salud y Hábitos Sexuales izenburukoa (Osasun eta Sexu Ohituren Inkesta), INE-Instituto Nacional de Estadística delakoak 2003. urtean eginikoa, eta Estatu espainiarreko erkidegoetako datuak ematen dituena. Item gutxikoa da inkesta, eta sexualitatea sarketara mugatzen du, baina baditu emaitza interesgarriak. Ondorio nagusia: apenas zegoen alderik Hego Euskal Herriaren eta gainerako erkidegoen artean. Bizitzan zehar harreman sexualen bat—betiere sarketari dagokionez— mantendu duten edo harreman horiek pertsona bakarrarekin izan dituztenenen ehunekoak parekoak ziren. Alde txiki bat zegoen koitoaren hasiera-urtean, bai emakumeentzat, bai gizonentzat: 16 urte baino gutxiagorekin hasitakoen kopurua pixka bat baxuagoa zen gurean. Era berean, pittin bat baxuagoa aurreko 12 hilabeteetan bikote batekin baino gehiagorekin sexua izana zuten gizonen kopurua ere; ez, ordea, emakumeena.
Ezberdintasun guztiak ez dira zertan txarrak izan, dena den. Gure gazteen ikerketan parte harturiko zenbait neska kirolarik ñabardura interesgarria egin zioten gai honi. Estatu osoan jokatzen ohituta daude, eta, haien ustez, Euskal Herriko neskak gogorragoak izan ohi dira; dibertitzera edo ligatzera doazenean, hegaka dabiltzan mutil karganteak uxatzen dituzte inolako konplexurik gabe. Horrekin loturik, gogora datorkit emakumeentzako informazio zentro batean lan egiten duen lagun batek behin kontaturikoa. Zaintza-lanak egiten dituen emakume etorkin batek esan zion Euskal Herrian harritu zuen lehen gauza zela hemen ezetz zein erraz esaten dugun. Gaizki, zakarregi irizten ziola, eta diola. Baina ohartua dela etxeetan lanean topatzen dituen gizon esku-luzeen kontra askozaz eraginkorragoa dela.
Ez dakit nondik datorren Vaya semanita moldeko saioek hedatzen lagundu duten ditxosozko topiko hori, baina, ezaguna bada ere, gidoilariak gizonezkoak direla gogoratu nahi nuke, euren genero-pribilegioez harro dauden horietakoak, gehituko nuke. Lurrin androzentrikoa, bertatik bertara. Itxaro Bordak aipaturiko gizon festaren beste aldaera bat baino ez.
Egon badaude ideia horiekiko iritzi kritikoa idatzi dutenak. Jose Mari Pastor kazetariak behin baino gehiagotan hausnartu du horretaz egunkari honetan bertan. Oskar Aranda sexu hezitzaileak ere badu argitaratua artikuluren bat Gara-n. Haiek adierazi moduan, balizko grazia horren helburua, espainolak eta euskaldunak bereizteko baliagarri egiteaz gain, ez da Euskal Herrian bizi garen guztion buruaz sano barre egitea, baizik eta euskaldun izaera mota bat gutxiestea. Kontrakotasun bat baitago atzean: plazer sexuala versus konpromiso politikoa eta euskaltzaletasuna; (euskal) politikan buru belarri dabiltzanek ez omen dute bizitzaz (edo sexuaz) disfrutatzen, landugabeak baitira oso.
Ez da nire asmoa irrigarri gelditzea euskaldunen edo euskal ekintzaileen sexualitatea goraipatzen. Gure ohitura, praktika eta asebetetze edo frustrazio sexualez oso gutxi badakigu ere, susmo irmoa dut egon badagoela zer hausnartu eta zer hobetu. Baina aurreiritziak eta irudipen azalekoak bidaide txarra dira. Nire lankide bat liluratuta itzuli zen Brasilen egindako oporraldi batetik: hango erotismoa eta gorputzen irekitasuna, hango askatasun sexuala, hango... Bertan ikerketa bat egiteraino heldu zen. Laster konturatu zen baietz, bazeudela aspektu interesgarriak gorpuzkeretan, praktika sexualetan… eta modu bikainean aztertu zituen; baina han, hemen bezala eta aldeak alde, kontrol soziala, klase, genero, adina eta sexualitatearen kudeaketa jakin baten bidez gauzatzen zela.
Gure sexualitateen inguruko gogoeta zabal eta umoretsuen alde baina klixe baztertzaileak albora utzita. Sexualitate on!
Euskaldunok ez omen dugu ligatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu