Badakit, bai, izenburu hau irakurri eta, eliztar batzuk eskandalizatuak gelditu izanen direla, bai apaiz bai laiko, baita horien artean diren ustezko zenbait euskaltzale ere; eta, zer erranik ez, Elizan ardura berezia dutenak. Gezurra dela erranen du zenbaitek, gehiegikeriatzat joko dute bertzeek; errealitatea zuhurki eta neurriz aztertu behar dela baitiote. Eta gerta daiteke neurriz kanpokoak izatea izenburuaren solas horiek. Izan ere, nor dago segur bere erran guztien egia eta egokitasunaz? Merezi du, horregatik, aztertze lantxo bati ekitea.
1974an idazki bat argitara eman zuten Jose Mendez artzapezpikuak eta bere apezpiku laguntzaile Jose Maria Larraurik. Bertzeren artean, honako hauek adierazten dizkigute: «Azken aldiotan, euskerak atzeraldi kezkagarria egin du… Horren erantzukizuna guztiona baita, baita Elizarena ere, egoki jokatu beharra dugu gure hizkuntzaren geroari buruz». (I. Zatia)
«Nafarroako Elizak uste du, bereziki lehiatu eta saiatu behar duela zaintzen eta lantzen gure jendeek eta kristauek duten kultur ondasun handi hau». (II. Zatia)
JoseMaria Zirardak, 1981eko irailaren 8an, aitzineko testu horri bertze hau gehitu zion: «Euskera, erdara bezala, Elizaren hizkuntza ofiziala izanen da Nafarroan». (I. Zatia)
1989ko Sinodoaren proposamenekin batera berriz ere argitara eman ziren apezpikuen testu horiek.
Baina onartuak dira egiatan Nafarroako Elizan? Onartua du Elizak egoki jokatu behar duela euskararen geroari buruz? Bere egitekoa du egiatan euskara zaintzen eta lantzen saiatzea? Aintzat hartua du euskara ofiziala dela Nafarroako Eliza osoan?
Arrazoi gehiago ere badira eta ematen ahal dira, Elizak euskaldunen alde agertu behar duen jarrera egokia adierazteko. Elizaren eginkizunaren barnekoa, hau da, Berri ona adieraztearen barnekoa baita euskal kultura eta hizkuntza zaintzea. Jesusen Ebanjelioa edo berri ona ez dago, bada, pertsona eta herriaren izaerarekin berarekin lotua? Solastuna da jendea, eta pentsatzailea. Solaste propioa eta pentsatze propioa ukatzen badiogu, jende izate bera ari gara ukatzen.
Eta ez dezagun «denek erdara ulertzen dute» argudiotzat hartu, hainbat eliztarren artean ere entzuten den bezala. Oroi gaitezen, neurri batean hori horrela gertatzen bada, agintari erdaldunen inposatzearen ondorio izan dela. Baina, gainera, ez da egia. Errealitatearen ikustea askotarikoa den bezala, ikuspegi hori adieraztea ere askotarikoa eta ezberdina da, hizkuntzaren arabera.
Baina, berriz ere diot, aipatutako aitzineko apezpikuen testuak bereak egin ditu Nafarroako Elizak? Eman diezaiogun begirada labur bat egoerari: Nafarroan Elizak duen arduradun nagusiak ez daki euskaraz, ezta bere hurbileko lankideek ere. Elizbarrutiosorako zerbitzuetan ari diren guztiak erdaldunak dira.Alor zibilean, neurri bateanbederen, euskaraz ereeskaintzen da zenbait zerbitzu. Nahiz eta txikiegia den, bai, anitzetan.
Hautatzen diren apaiz berriei ez zaie euskara jakitea eskatzen. Eta jakitea erraten dudanean, egoki eta erraz mintzatze eta idaztea erran nahi dut. Jende euskaldunak ere badiren Parrokietarako, apaiz erdaldunak izendatzen dira, eta gauza bera gertatzen da herri euskaldunetara bidaltzen diren mojekin. Ia herritar guztiak edo gehiengo handia euskaldunak diren Parrokietan gero eta erdara gehiago sartzen ari dira egungo apaizak. Eta hori goikoenoniritziarekin egiten dela pentsatzen dut, parrokietan gertatzen denaren berri jakiten ahal baitute.
Sendotza edo bertze zerbait dela eta, apezpikua nahiz haren ordezko norbait, erabat erdaldunak, lasai ausartzen dira herri euskaldunetan elizkizunaren buru agertzea, euskara baztertuta, noski, irakurgairen bat salbu, behar bada. Baina hori, nolakoa?
Eta elizako eta erlijiosoen ikastetxeetan? Ez da euskarazko irakaskunzarik, salbuespen arraroren bat kenduta.
Gauza gehiago aipatzen bagenuke ere, goiko lerro horiek ez dira aski, errateko euskararen ofizialtasuna, eta zaintze eta lantzea, ia soilik Elizako apaletan daudela? Ikusitakoa ikusita, erraten ahal da idazki honen izenburua gehiegikeria dela, edo gogorregia? Gogorra, nire ustez, errealitatea da. Gogorra Elizaren jokaera da. Euskaldunak baztertuak baikaude, baztertuak eta ukatuak. Non da Jesusen ebanjelioa euskaldunentzat? Gizaki egin zela eta gizakia maite duela dio ebanjelio horrek; erraten ahal dugu euskaldunak ere errespetatzen eta maitatzen gaituela? Zera, alegia: Nafarroako Elizaren jokaerak hori adierazten du?
Euskaldunen ukazioa Nafarroako Elizan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu