Galaxia baten irudia ikusten dugunean, espirala, bertan, fenomeno astrofisiko batez gain, analogikoki, gizarte-botereak materia soziala zelan egituratzen duen ere irudika genezake. Galaxiaren antolaketa hori fraktal bat da, eta antzekoa botereak moldaturiko gizartea ere, egitura hori espiralaren zeinahi mailatan, funtsean beti berdina baita. Izan ere, mundu fisikoaren materia (physis grekoz, natura latinez) eta gizartearena, antzera antolatzen dira, grabitazioan, dentsitate handiagoko guneen arabera. Horregatik, dena botere-gune masiboagotara bideratzen da, edo inguruan biraka dago, planetak bezala. Grabitatea eta boterea antzera dabiltza.
Materia fisikoak eragindako grabitatea bezala, boterea nonahi dago, gizarte-materia egituratzen, forma ematen, dentsoagoa egiten zenbait eremutan, eta horren arabera gizarte-gorputzean nukleo indartsuagoak edo makalagoak eratzen. Eta hori horrela da botereak, bere dinamika zentripetuagatik, masa soziala (ekonomia, kultura, erakundeak…) gero eta gehiago kontzentratzeko joera duelako. Horrela, galaxien espiraletan bezala, gizarte-geografiako espazio guztietan puntu argitsuak daude, zenbat eta erdigunetik hurrago handiagoak, distiratsuagoak eta ugariagoak. Erdian, non boterearen indarra izugarria den, zulo beltzaren ahoa dago, argi bakoa, dena irensten duena. Han botereak funtzional, egituratzaile, forma-emaile izateari uzten dio, dena bere baitan irentsi eta itotzeko. Funtzionamendu zentripetuan, inguruko guztia daroa masa handiagoak osatzera, erdira, edo biraka ipintzen du haien inguruan, harik eta muga-puntu batera helduta sistema soziala bera kolapsatu eta beste zerbait bihurtu arte.
Boterearen indarrak, ezin konta ahala nukleoei dariela, hainbat alderdi ditu, guztiak bat eginik: ekonomiko-finantzarioa, juridiko-politikoa, linguistiko-kulturala, militarra... Beharrezkoa da funtzionamendu sozialaren ikuspegi makro hau ere ulertzea jabetu ahal izateko zergatik eta zelan jazotzen diren hizkuntza-komunitateen gainbehera- eta asimilazio-prozesuak, euskaldunena, eta, era berean, zer aukera dugun aurrera segitzeko, baita zelan egin ahal dugun ere, nahiko zaila dena, dakigunez, eta historiak erakusten dituen kasu bakanak ezagututa.
Jakina, ezinezkoa da boterearen grabitazio-indarrari jaregitea, eta oso gutxitan neutraliza edo irauli daiteke dinamika orokorraren kontzentrazio-prozesua. Horrelakoak physis sozialean kataklismoengatik eta uste bako aldaketengatik (lurrikarak, istripu kosmikoak, gerrak...) jazo ohi dira, halako moduan non botere-nukleo alternatiboak sortu eta garaile izan daitekeen; izan ere, lege fisikoen determinismoa gorabehera, beti dago zelanbaiteko ziurgabetasuna etorkizunari buruz.
Botereen arteko lehian, erakartze-erresistentzia jokoetan, elite batzuek besteak asimilatu edo ordezkatu gura dituztela, borrokak hainbat planotan jazotzen dira, kulturala horietariko bat. Horregatik, gatazka horiek sarritan begiak lausotu dizkigutela, eten barik berba egiten dugu euskararen arazoaz. Arazo hori, ordea, ez da benetakoa, euskara, berez, izaki metafisiko bihurtu dugu eta. Arazoa euskaldunak gara, materia sozial bat, masa oso urrikoa (ekonomia, kultura, erakundeak…), boterearen grabitazio-lehian oso egoera txarrean, kinka larrian. Egia esan, eliteen arteko borrokan estrategietatik bat da euskara gatazka-ardatz bihurtzea, euskaldunak (materia) bazterturik, lehiaren alderdi hori bera bigarren mailako borroka-zelai bat denez gero, inguruan orbitatzen dugun masak bereganaturik eurek gizarte-dentsitatean irabazteko. Euskaldunak eta euskaltzale inozenteak inoren askako bazka.
Horregatik, arraroa da hizkuntza-politika ofizialek eta alternatiboek, euskararen entelekia saldu beharrean, herri euskalduna hartzea ardatz, eta horregatik, botere sozialaren grabitazio-dinamika ez ulertzeagatik, mugimendu askok euskalgintza egiten segitzen dute, euskal gizartegintza, alegia, boteregintza, egin beharrean.