Euskaldunen ardura eta borondate ona

2012ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Euskara ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik». Urte saila da erran hori hedatzen joan dela, aunitzek aintzat hartua, eta behin eta berriz errepikatua. Ezin ukatu egia franko badela solas horietan, nahiz eta ez izan egia osoa. Izan ere, egia osoa gure ahalmena baino zabalagoa eta sakonagoabaita. Guraso euskaldunak, errate baterako, haurrei euskaraz mintzatzen bazaizkie ere, elkarrekin erdaraz maiz aritzen dira, haur horien beraien aitzinean. Nola erran, ordea, erdarara jotzen duten guraso horien erruz, eta horien antzera dabiltzanen ondorioz euskara galtzen dela? Segur, neurri batean eta maila batean euskara kaltetzen dela horrela, gurasoen jokaera horren eragina kaltegarri nabaria dela haurrengan. Baina segur, baitaere, bertze eragile batzuek ere badutela zerikusia hizkuntzaren galerarekin. Horietako zenbait gogoratu nahi nituzke gaurkoan.

Legeak. Legeek eta legeen gainetik ibiltzen diren agintedunek erabakitzen dute euskara jakin beharra eta erabili beharra den edo ez; haien erabakia da osasungintzako langileak, medikuak nahiz erizainak, erdara hutsaren jakitun izan eta euskara ikastera ez obligatzea. Horrela euskaldunen eskubideen kontra ari dira, ez baitie beren hizkuntza propioan aritzeko aukera errespetatzen, eta euskaldunak euskara erabiltzeko oztopoak plantatzen ari dira, erabilera hori ahultzeko eta ttikitzeko. Eta maila handiko eta beharrezko jendeekin euskaraz ezin eginak, honen balioa ttikitzen du, eta erdaraz egitearen balioa eta beharra handitu. Legez gaztelera denek jakin beharra; are gehiago, euskarari lehentasuna kendu eta kanpoko hizkuntzei emateak, alemaniera edo ingelera izan, ondorio berdinak dakartzagu, euskaldunen lanpostuetako aukerak murriztea. Eta zertarako euskara orduan? Duela 40 urte euskara ez zekiten edo maite ez zutenei aditzen geniena aditzeko arriskuan goaz gaur egun ere: «Herriko mugaz harat, zertarako balio du euskarak?» Legearen eta legegileen eragina handia dela oroitu behar dugu.

A, baina ez da onartzen ahal euskara inori inposatzea. Hau dugu bertze gaia. Euskara indartzea eta zabaltzea nahi baldin bada, gogoz eta borondate onez hartu behar du herritarrak. Hara bertze errana, hondarreko urteetan behar bada gero eta gehiago adierazi dena. «Utikan euskara inposatzea! Nola ordea? Espainolek eta frantsesek hori egin dutela? Baina haiek gaizki egin badute eta egiten badute, guk ez dugu haien modura jokatu behar». Hauxe gauza polita! Ustez euskaltzale diren frankok hori defendatzen du, askatasun eta demokraziaren izenean. Baita ustezko soziologiak horrela erakusten omen duelako ere. Baina, frantsesen eta espainolen inposatzeak, ordea, eta gure ez inposatzeak nora garamatza? Goxo, goxo gure heriotzara. Herriaren beraren hizkuntz propioa den euskara ikasten eta erabiltzen obligatzea, zergatik ez da egiten ahal, erdarari ere bere bidea ukatu gabe? Herriak duen eskubide kolektiboa errespetatzea bertzerik ez da.

Gizarte antolamenduan, hainbat gauza egitera behartzen da: zergak ordaintzea, gazteak ikastetxera joatea, errepideetan abiadura mugatuz ibiltzea. Eta horien ez betetzea isunaz zigortzen da, guttienez, kartzelaz ere bai, larriagoa izanez gero. Garrantzizkoak dira, dudarik ez, gobernuen diru biltzea, errepideetako arriskuak ekiditea, eskolara guttienez urte batzuz joatea. Eta horietara obligatzea ontzat ematen da. Baina herriaren hizkuntza, galbidean dagoena gainera, ikasi beharra bezala plantatzea, hori ez omen da egiten ahal. Ni harrituta gelditzen naiz, ez agintarien jokaeragatik, hauei, azken batean, ez zaie axolarik euskaraz mintzatu edo ez. Areago, euskara desagertzea edo-eta soilik sinbolo mailan gelditzea bilatzen dute. Bai, euskaldunak izateak ez baitie beren jarrera politikoa sendotzen.

Ni ez nau harritzen hainbat herritarrek erdara baino gehiago baloratzea euskara. Erdaraz ikasiak eta euskara landugabekoak, justuan etxe barreneko mintzaeraz bertzerik ez dira jabetu. Ezta beren nor izateaz ohartu ere. Euskaltzale, euskara irakasle, euskal pedagogian edo filologian adituek euskaraganako boluntarismoa gida bakar edo nagusitzat jartzeak, berriz, horrek harritzen nau eta tristetzen. Euskararen egoera baikorra aldarrikatzen dutenak bezala. Hogeita hamar urte badira, Euskal Erkidegoan elebitasunezko legedia onetsi zela, zera alegia, herritar guztiak euskaraz nahiz erdaraz aritzeko gai eginen zituen legea. Hori errealitate bihurtzetik, ordea, aski urrun gaude. Berriki argitaratu diren datuek diotenez, azkeneko hamar urtez euskarak aitzinera %2,5 egin omen du, eremu horretan. Eta beldurgarria, Nafarroa Garaiari eta, batez ere, Iparraldeari begiratzen badiogu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.