Euskara ikasteko edo hobetzeko kanpainak egiten dira, behin eta berriz,euskaltegietara joateko deialdiak, udazkenaren hasieran, otsail aldean, udako barnetegi laburretan eta urte osokoetan. Beharrezkoak dira, jendea bulkatzen ari behar da, ikasteko baina baita hizkuntzaren balioaz ohartuz joateko. Ongi etor daitezela, bada, jendea euskaltegira biltzeko ahaleginak, dituzten zailtasun guztiekin. Zailtasunekin, bai.
Izan ere, euskaraz ez jakin eta erdaraz egoki moldatzen bazara eguneroko bizitzarako, edo ordu batzuk astero hartu behar eta diruz ordaindu gainera, edo hizkuntza bereganatzeko egin behar den esfortzua… Ezin ukatu horrek denak zailtasun franko gainditzea eskatzen duela. Horretaz aritu ginen hondarreko Euskara Taldearen bileran.
Gaur goizean, berriz, euskaraz badakiten jende batzuren hurbilean igarotzean, erdaraz ari zirela ohartu naiz. Hau dugu zoritxarreko fenomenoa, Euskal Herrian hain hedatua; haurrekin euskaraz eta gurasoak elkarrekin erdaraz; haurrak D ereduko eskolara edo ikastolara eraman, eta haiek barrenean utzi orduko eskola ingurua erdarazko bihurtzen da. Euskaraz ikasteko edo alfabetatzeko saio neketsuak plantatzen dira, alde batetik, baina denbora berean dakien hainbatek anitzetan ez du erabiltzen. Eta, jakina, zenbat eta gehiago erdaraz mintzatu, orduan eta erdaldunago bilakatuz joaten dira, zeren eta euskaraz aritzeko ohitura moteldu egitenbaita.
Zergatik gertatzen den hori? Arrazoi ugari adierazten ahal ditugu: familian edo lagunekin erdaraz aritzeko ohitura, eskola erdaraz egin zutelako, eta, hortik, erdaraz mintzatzeko erraztasuna. Erdaraz giza maila handiago dugulako ustea, erdaldunak baino gutiago ez garela erakutsi nahia. Eta bertzerik? Bai, gehiago ere bai. Baina ez dugu izaten ahal bertze aldeko argudiorik? Nola ez, bada. Bat jendearen nortasuna. Jendea nor da, nortasun duena, berezitasunez hornitua, eta bere berezitasunen zaintzaile sutsua, ikuspegi eta espresio anitzekoa. Hara zergatik gertatzen zaigun hain zaila bertzeen iritziak onartzea. Jendea NI naiz, eta ZU, eta HURA. Ni eta zu ez gara pertsona bera, ezta pertsona berdinak ere; eta zu eta ni, gu, ez gara hura, ezta hura bezalakoak ere. Nire ikuspegiak eta sentimenduak zureak ez bezalakoak dira, gure ikuspegi eta sentimenduak ez dira harenak bezalakoak. Ezberdinak eta anizkunak gara. Bizitzaren historia, oraina eta etorkizunaren ikuspegi askotarikoak.Aniztasun horretan adierazten da jende izatea, nor izatea. Baita mintzaeran ere. Nortasunaren alderdi bat, pentsamendua eta artea, nire izaeraren alderdia da, baina nik nire erara adierazia. Nirea ez bada zurea edo harena bezalakoa, ni eta zu eta hura bereizten gara. Nik, ordea, nirea utzita, zurea edo haren hizkera nireganatzen eta erabiltzen badut, nire nortasunaren alderdi bat galtzen dut, ni izatearen zati bat uzten dut, eta zu edo hura bihurtzen naiz, neurri batean bederen. Nortasun horren balioa galtzeaz ohartzen gara, ordea? Euskalduna izan eta erdaraz mintzatuz, euskaldun izatea galtzen dugula pentsatzen dugu? Ez, segur aski. Zer bada? Zer axola du euskaldun edo erdaldun izan?
Baina axolarik ez badigu bat izan edo bertzea, aitzinetik etorritako ohiturak ez ditugu gordeko, elikadura motak utziz joanen gara, arte eta musika motak bezala. Eta gauza bera gertatuko zaigu bizitzari buruzko euskal ikuspegiarekin. Eta espresatzeko moduarekin, hizkuntzarekin batez ere. Nor gara orduan? Euskaldunak ez, frantsesak edo espainolak, beharbada.
Euskaldunaren nortasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu