Azkenaldian euskararekin lotutako bi berri jaso ditugu, PSE-EEren euskararen inguruko intelligentsiak idatzitako artikulua eta Irungo udaltzainen hautaketan hizkuntzaeskakizunak mugatzen dituen epaia. Eremu politiko eta judizialetik eufemismo ezberdinekin gauza bera esan digute, euskararekin administrazioetan nahikoa egin dela, agian gehiegi.
Pentsatzekoa da Hizkuntza Politiketarako Sailburuordetza lantzen ari den dekretu berriak aurrerapausoren bat ekarri dezakeela, EAJren bazkideak oraindik ezaguna ez den dekretu hori mugatzeko beren intelektualak (Lopez Basaguren, Auzmendi, Igartua eta enparauak) paseoan atera dituela ikusita. Aipatutako iritzi artikuluan egun indarrean den Dekretuarekin urrunegi joan dela defendatzen dute, erdaldun elebakarrak administraziorako sarbidean diskriminatzen omen dituelako. Euskaldunok ondo dakigu egun indarrean dauden arauekin ez dela posible administrazioetan euskaraz arreta jasotzea.
Hizkuntzak askatasunez kontzeptu ideologikoa lantzen dute. Norberak nahi duen hizkuntza ikasteko eta erabiltzeko eskubidea omen du, bainaaskatasun hori erdaldun elebakarrek bakarrik dute, euskaldunok beren hizkuntzan aritzeko askatasuna ematen baitiegu. Euskaldunok daukagu gure hizkuntz askatasuna mugatuta. Eskubide guztiak, hizkuntza eskubideak ere, kolektiboak baitira, betibeste herritarrekiko harremanetan bakarrik erabili ahal baitira. Sozialdemokrazia inguruan dabiltzan horiengandik bestelako ikuspegia espero nuen, pentsatzen nuen administrazioei eskatuko zietela inplikazioa eta baliabideak ezartzea euskara ezagutzeko aukerarik izan ez duten herritarrei hori bermatzeko, horrela denok gure hautazko hizkuntza askatasunez erabili ahal izateko. Baina ez, PSE-EEk liberalismo ekonomikoa onartu duen bezala, hizkuntza neoliberalismoa ere bere egin du.
Lopez Basagurenek Irungo epaiaren kontura ondo adierazi du: «Ez da posible 12 lanpostutan hizkuntza eskakizunak ezartzea euskararen erabilera %8koa den herri batean», hots, euskararen erabilerak %8tik gora egin dezan ezin da baldintzarik sortu. Euskaraz bizi nahi dugunoi hau opa digute, isuna jartzen ari zaizun udaltzain erdaldun elebakarrari, alde egiteko eskatu eta isuna ezartzeko udaltzain euskaldun bat etorri dadila exijitzea. Ziur naiz beraiek ausardia hori erakutsiko luketela!
Euskara baldintza horietan erabili daiteke askatasunez, ez bestela. Euskaraz aritzea gatazka iturri bada, euskaldunok gure hizkuntza eskubideak egoera horietan exijitu behar ditugulako da. Gatazkarik nahi ez izatea, hori normalizatzea besterik ez da. Euskara ezin dugu askatasunez erabili eta jaso gure bizitzako ehunka esparrutan, eta administrazio publikoetan ere onartu behar dugu ezingo dugula erabili?
Intelektual horiek (eta epaileek) ondo ezagutzen dute Espainiako Legedia. Inongo kexarik ez diet irakurri espainolaren inposizioaren harira. Administrazio publikoetako lanpostu guztietan, %100ean, espainola ezagutzea ezinbestekoa da, are gehiago, espainiar naziokotasuna ez daukan inork lanpostu publiko batean lan egin nahi balu, EGAren parekidea den ezagutza erakutsi beharko luke gaztelaniaz. Zenbat Nobel sariri ixten ari gatzaizkio ateak? Aipatutako iritzi artikuluan, kezkatuta azaltzen ziren etorkinen bazterketarekin administrazioetarako sarbidean, baina beraientzat ez da arazo Hendaiako zirujau euskaldun elebakarrak Irunen lan egiteko aukerarik ez izatea.
Administrazioetan lan egitea ez da eskubide bat, zerbitzu publiko bat da, eta hautaketa sistemak gizartearen beharrei erantzun behar die. Horregatik, zerbitzu hobea emateko, lanpostuaren betekizunen artean euskararen ezagutza ere egon behar da. Ondo legoke erdaldun elebakarrek administrazioetan lan egiteko aukera izan dezaten, administrazioei euskara ezagutzeko baliabideak eta baldintzak exijitzea, gure erakundea hor ere izango dute. Administrazioetan hurrengo hamabost urteetan langileen erdiek erretiroa hartu behar dute; epe hau hil ala bizikoa izango da euskarazko zerbitzua bermatzeko. Tarteak aukera ematen du trantsizio bat diseinatzeko, gatazkarik gabe, egun administrazioan lanean ari diren erdaldun elebakarrak eragotzi gabe.
Irungo epaia larria da, hamarkadak atzera egitea suposa dezake. Legez oso eztabaidagarria den epaia eman dute eta argumentu juridikoak politikoekin nahastu dituzte, PSE-EEk (Vox eta PPrekin batera) elikatzen duen diskurtso berarekin: euskara baztertzailea da eta administrazioetako exijentziek ez diete erantzuten herritarren eskakizun errealei. Nola egongo da beste eskakizun mailarik horretarako baldintzarik sortzen ez bada?
Urrunegi heldu omen gara, baina errealitatea oso bestelakoa da. Autonomismoak berrogei urte beteta, gehiegizkoa da EAEn herritarrek bi hizkuntzak ezagutzeko baldintzak sortzea? Hau ez baita erdaldunen aurkako artikulua: administrazioei exijitu behar diegu herritar guztiek, hemen jaioek eta etorkinek, euskara ezagutzeko baldintzak sortzea, euskalduntzearen pisu guztia norbanakoek hartu ez dezaten, orain arte bezala.
Euskarak eztabaida behar du, ez isiltasuna. Euskaldunok ezin dugu gure hizkuntzan normaltasunez bizi eta ezin da hori onartu ezer gertatuko ez balitz bezala. Erdararen hegemonia defendatzen dutenek eztabaida publikoa sortu nahi dute gizartea posizio epeletara lerratzeko, aldaketa txiki eta kosmetikoak bakarrik onartu daitezen, erdararen hegemoniarekin batera estatuaren ikuspegi monolitiko bat inposatu dadin. Ba jipoitzen gaituzten bitartean ez gara isilik geratuko, eta ez dugu inor mintzearen beldur bazterrean egotea onartuko!
Euskaldunak, bazterrean eta isilik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu