Euskalduna psikologoarenean

Liher Barrantes
2023ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Gaur dut lehen hitzordua. Urduri nago oso. Bizitzak berak dituenak baino dezente hilabete gehiago daramatzat minak metatzen nire gorputzean. Egunero-egunero bilatu behar diot motibazio berri bat neure buruari, aurreko eguneko heldulekua, itsasoak etengabe higatutako horma bezala, eraitsi egiten delako. Are gehiago, erori egiten naizela sinetsarazi didate, gupidarik gabe jo eta botatzen nauten olatuen artean. Jada asmatuko zenuten euskalduna naizela, edo ez. Euskaldunok ere gorputza gara, etengabe gorpuzki bihurtu nahi dutena.

Bai, hala da, kultura eta hizkuntza gutxiagotuen errepresioan bizi garen bitartean, euskaldunok ez dugun apenas aukerarik gure eguneroko funtzioak euskaraz gauzatu ahal izateko. Espazio intimoenetatik harago, ez dugu aukerarik euskaraz bizitzeko, eta bizirauteari uko egin izan bagenio, goseak akabatuko gintuzkeen, egarriak idortuta zimelduko ginatekeen edota isolamenduaren iluntasunean itzalikoginatekeen.

Hezkuntza sistema izan da urteetan euskararen transmisiorako izan dugun espazio arautu ia bakarra, debekuen garai ilunenetan hezkuntza euskaraz izan zedin, klandestinoki sare oso bat eratzen hasi ziren Elbira Zipitria eta haren ondorengoei esker. Sare horrek, ordea, gaur egun itxura, onarpen eta aukera (edo aukera falta) desberdinak ditu Oionen, Bilbon, Tuteran edota Ziburun. Zilegi bekie guztiei merezitako aitortza, ez bainabil ikastolez edo eskola publikoaz, D eredu oso bat osatzeko ditugun aukerez baizik.

D ereduak beharko luke herri honen ardatzetako bat hezkuntza arautuan zein ez-arautuan; halere, oztopoz betetako bidea etengabe jartzen da zalantzan, eta hori berau ere oldarraldiaren parte da. Euskal Kultura ardatz izango duen Euskal Curriculumik ez izateakD ereduaren eragina ahultzea baino ez dakar, eta, beraz, euskalduntzeko gaitasuna eta eskubideak murriztea.

Ahuldu ez eta eragina biderkatzen lagunduko lukeen eskolaz kanpoko ekintzen sistema publiko euskaldun oso bat aukera litzateke egoera psikotikoari aurre egiteko. Kirol eta kultur arloko eskaintzetan euskarak apenas duen espaziorik, eta, gehienetan, balioak baino, elitismoa dute helburu, non gurea bezalako hizkuntzei ez zaien lehen mailako estatusa onartzen. Hizkuntza gutxiagotuen sustapenak balio eta mundu ikuskera berdinzaleagoen alde jokatzen du, eta eskolaz kanpoko erreferentziek, hurbilekoek zein izarren erresumetakoek, bide horretan lagun izan behar dute. Eskolak bezala, eskolaz kanpokoek espazio seguru izan behar dute.

Gure lurraldearen zatirik handienean, azken erabilera-datuen arabera, euskaldunok debekatua dugu euskaraz aritzea, espazio intimoenetan edota sustatutako espazioetan ez bada. Datuon irakurketa egiten dugunean beti jartzen dugu fokua erabileran eta ez erabiltzeko ditugun aukeretan, hori nahi baitute gugandik. Oso bestelakoa da esatea %10etik behera erabiltzen dugula edo %90ean baino gehiago debekatua dugula euskaraz aritzea. Izan ere, gure aukeren gainetik gabiltzalako jarraitzen dugu datuetan agertzen.

Datuok, helduen artean, are kezkagarriagoak dira. Helduen alfabetatzeak ezin du euskaldundu, ikasleek euskaltegietako eskoletatik atera eta ahalegin handiz (baita ekonomikoa ere) ikasitakoa erabiltzeko aukerarik ezean. Lan mundua erabat erdaldundua dago eta lanpostu jakin batzuetarako hizkuntza eskakizunak —momentuz— indarrean dauden arren, euskaldunok ez dugu inolako babesik euskaraz lan egiteko. Zein mailatan geratu dira euskal langileon eskubideak? Askotan egotzi zaigu, azken epaietako askok ebatzi bezala, hizkuntza baztertzailea dela eta lan mundura sartzeko oztopo dela. Euskara izateak pribilegio erantsiak omen ditu, euskara erabiltzea basa den bitartean. Kuriosoa da pribilegiatu eta basaren arteko bikotasunak sortzen duen nahaste bipolarra. Lanak eta lan harremanak, zoritxarrez eta kapitalismoan oinarritutako gizarte antolaketa desorekatuaren ondorioz, zuzenki proportzionalak izan dira gizartean dugun onarpen eta estatus sozialarekin, non baliorik izan ez dugunok, artean, euskaldunok izan garen. Lan munduan ere genero, klase, arraza eta hizkuntza bazterkeria erabat normalizatua dagoen praktika da, idatzi gabeko eta, beraz epaileek bertan behera utziko ez duten lege horietakoa.

Badira, hala ere, ekosistema euskaldunagoak gure lurraldearen osotasunean, bai eta euskaldunok aurkikuntza arkeologiko zorionekuen pare ikusten gaituztenak ere, eta ez pentsa Gipuzkoa osoa arnasgunea denik, bertan ere periferia eta ertz asko baitira. Tokian tokiko errealitatera egokitu beharko litzateke sistema osoa, gure ekialdeko genozidio linguistiko eta kulturalean ez bezala, gutxien duenari gehiago emanez, ofizialtasunaz eta eskubideez harago ariketa demokratikoa bailitzateke.

Demokratikoa litzateke, halaber, ikus-entzunezkoen legea betetzea. Ez hori bakarrik, gure sortzaileen baldintzak duintzen eta espazioak bultzatzen (plazak barne) lagunduko duten politikak bultzatzea, kulturaren kultura lege izatea legezko litzatekeelako. Are demokratikoago, gure agintariak eredu izatea. Nola eskatu herriari bestela, eredu izan behar dutenek ez badute egiten?

Memoria ezabatu eta errelatoa deseraiki digun egitura oso baten parte dira egunero-egunero jasotzen ditugun erasoak, eta teklatuaren Supr teklarekin gure diskurtsoa ezabatzen duten bitartean, ahotsa ematen diote komisionista, Confebask, Vocento eta halako supremazistei. Bai, supremazismo linguistikoa ere indarrean dagoen praktika da. Epaileena eta sindikatu jakin batzuena ez da sufritzen ari garen oldarraldi bakarra, ez, eta hori HPSk (Hizkuntzaren Psikologia Sailak) jakin behar du. Zein euskaldunek ez du bizi bere egunerokoan euskaraz egin nahi eta ezin izatea, edota espazio batean sartu eta ulertua izango ote den edo gatazka sortuko ote duen eskizofrenia?

Gaur dut lehen hitzordua psikologoarenean eta oso urduri nago. Zer gehiago esan behar diot?

Azaroaren 4an elkartuko gara. Ez dadila inor aztoratu, herria biktima baikara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.