Euskaldun berriak?

2020ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Haur asko eskolan hasi berriak dira egunotan, eta, askorentzat, eskola zapaltzen duten lehenengo aldia izan da, D eredua ezagutzeko lehen aldia, euskararekin harreman zuzena izan duten lehen aldia. Bide aberasgarri bati ekingo diote eta, ziurrenik, eurak ere jakitun izango dira. Hala ere, bada jakingo ez duten gauzarik; esaterako, lehen aldi horrek euren hiztun traiektoria markatuko duen etiketa bat emango diela: euskararen hiztun berriak izango dira. Zer da, ordea, euskaldun berri edo euskararen hiztun berri izatea? Euskara etxetik jaso ez arren, haurtzaindegian D ereduan ikasten hasi direnak euskaldun berriak dira, ordudanik euskara(z) ikasi eta hitz egin arren? Gaztetan euskara ikasi eta bere bizitzako zati handiena hizkuntza horretan hitz egiten duen pertsona bati hiztun berri deitzeak badauka zentzurik?

Era berean, euskaldun zahar edo euskal hiztun zahar kontzeptuak ere zalantzan jar daitezke. Izan ere, zer da euskaldunzaharra izatea? Euskara etxean jaso baina txikitatik hitz egin ez duen pertsona bat hiztun zaharra da, nahiz eta, euskararen gaitasun geroz eta murritzagoa izan, erabilera faltak eraginda? Niri dagokidanez, galdera hauen guztien erantzuna garbi daukat: ez.

Sarri, erosotasunak eraginda, kontzeptuok erabiltzera joten dugu eta, esaterako, ikerketa eremuan erabiltzea zilegi izan daiteke, guztiok egiten dugun bezala, kontuan hartuta euskaldun berritzat hartu ohi diren gazteak ikergai interesgarriak direla (hizkuntza hautuak aztertzeko, adibidez) eta, noski, talde bezala hartuz guztiak euskaldun berri zakuaren barruan sartzea erosoena dela. Hala ere, bihotza burmuinera eramanda, esango nuke ez garela kontziente horrek dituen eraginez. Izan ere, zeintzuk izan daitezke eraginok?

Hasteko, esango nuke hiztun berri horietako askok negatibotzat hartzen dutela etiketa hori, gainerako hiztunek baino maila baxuagoa izan dezaketela pentsarazi dezaketelako. Aldiz, D ereduan euskaldundutako gazte askoren euskara maila hiztun natibotzat hartzen direnen antzekoa izanik, ez al litzateke positiboa izango hiztun berri izatea, askok ikasten jarraitzeko/erabiltzeko inpultsua ezerezetik atera dutela kontuan hartuta? Zergatik nagusitzen da ikuspegi negatiboa?

Jarraitzeko, esan beharra dago laguna dudan euskaldun berri batek behin kontatu bezala, «zein ongi hitz egiten duzun euskaraz, euskaldun berria izan arren» bezalakoak sarri entzun izan dituela. Gainera, askotan, normalean euskaraz hitz egiten duten askok berari gazteleraz hitz egiten omen diote, euskaldun berria denez, ulertuko ez duelakoan. Iruzkinok edo ekintzok ez dira intentzio txarrarekin egindakoak eta, beharbada, euskaldun zaharra naizen aldetik, ni ere tranpa horretan eroriko nintzen noizbait. Hala ere, ezin dugu ahaztu jarrera horiek guztiz kaltegarriak direla euskararen erabilerari dagokionez; izan ere, hiztun hauei konplexua sortzea ekar lezake.

Honela, Ane Ortegaren eta besteren hainbat ikerketek erakusten duten bezala, gazte hauetako askok euren burua euskaldun bezala identifikatzen dute, ez euskaldun berri bezala. Beharbada, euskal gizarte guztiak ikuspegi hori aldatu eta euskaldun guztiei hala —euskaldun— deitzea komeniko litzateke, zahar-berri bereizketarik egin gabe, euskara gehiago erabil dadin nahi badugu.

Amaitzeko, gorago esan bezala, onartzen dut kontzeptuok ikerketan erabiltzea erabilgarria dela eta, honela, zilegi dela esango nuke, betiere prozesua kontuan hartuta. Hala ere, hasierako galderei buruz berriz hausnartuta: zentzuzkoa da?

Horrelako gatazkak gurean ohikoak izan daitezkeen arren, hizkuntza hegemonikoen kasuan ez da gauza bera gertatzen. Pentsa dezagun, esaterako, ingelesaren kasuan: Euskal Herriko ingeles hiztun ia guztiak hiztun berriak izateak ez du inolako gatazkarik sortzen, gakoa ez baitago hiztun berri edo hiztun zahar izatean, hiztun izate horretan baizik. Kasu honetan, nire ustez, hizkuntza hegemonikoak eredu hartu beharko genituzke eta, oro har, saiatu beharko genuke euskal hiztun guztiak horrela ikusten, euskal hiztun bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.