Dakigunez, Hego Euskal Herriko Independentismo Instituzionalak ibilbide-orri jakin bati ekin dio: Estatu espainiarrarekin itun berri bat sinatzea. Bide horrek zenbait aldagai edo premisa nagusi erabiltzen ditu. Hala nola: PSOE ezkerreko alderdia da; Estatu espainiarra birziklagarria da, eta independentistoi dagokigu laguntzea ultraeskuina gobernuetara irits ez dadin; ziurgabetasunaren aurrean, paradigma-malgutasuna; eta pazientzia estrategikoa, denbora gure alde doalakoan.
Esan gabe doa ez natorrela bat premisa horiekin, baina aurreko artikulu batean horretaz aritu nintzenez, oraingoan beste urrats bat egin nahi nuke.
Bistan da oinarri independentistak jarrera pasiboa hartu duela. Hamaika arrazoi daude, eta ziurki eragin handiena ukan duena ez da izan Independentismo Instituzionalak bere egin duen estrategia berria. Badira beste arrazoi franko, estrukturalagoak, sakonagoak, gertuko historian erroak dituztenak, egoera demografikoan sorrera dutenak, osagai antropolitikoak dituztenak, globalizazio neoliberalak ekarritakoak. Hortaz, ez da batere arina esku artean dugun erronka, independentismoa berraktibatzea, alegia.
Herritarrok, gure lan boluntarioa eskain dezagun, helburu ukigarriak behar ditugu, epe laburreko garaipen txikiak. Sarritan taldean lan egitea, elkarrekin borroka egitea, berezko garaipen txiki gisa sentitzen badugu ere.
Bizimodu berriak denbora ostu digu. Orain, herri-militantziak lehiakide zorrotzak ditu; indartsuena, aisialdiaren beharra. Bestalde, bere denbora ematen duen ekintzaileak bere buruaren jabe sentitu behar du, protagonista dela sentitu, eta gertuko eremutik bere ekarpena egiteko aukera izan behar du. Erabakiak politikari profesionalek hartzen badituzte, tokian tokiko jarduna, ulertzen eta ikusten ez den balizko estrategia zoragarri baten apaingarria baino ez bada, ekintzaileek ospa egiten dute.
Tokian tokiko eremu hurbilean eta ekintzaileen protagonismoan oinarritzen den estrategia independentista berri baten premia dugu; ostera, desmobilizatutako herrikideak ez dira berriro militantzia aktibora itzuliko. Hauteskunde emaitza onek ezkuta dezakete epe luzera begirako erabateko porrota.
Euskal Errepublikaren prozesu konstituziogilea
XXI. mendeko Euskal Herriak prozesu konstituziogile bat behar du; euskalherrigintzaren ardatz nagusiena izan daitekeena eta eraldaketa soziopolitiko eta kulturala ekar litzakeena.
Estatuekiko mendekotasun psikologikoarekin eten egiten, euskal herritar independentistok ibilbide-orri askatzailea jorratu behar dugu. Horretarako, gure konstituzioa egiteari ekin behar diogula uste dut, komuneko konstituzio bat baita nazio-subjektu politikoen antolatzaile nagusia.
Hastapenean, konstituzio horren zutabeak baino ezin izango lirateke definitu, haustura prozesu dinamiko baten ildo nagusiak, alegia. Ildo horietan nazio eskubideak eta eskubide sozial nagusiak ezarri beharko genituzke. Hau da, naziotasun eskubidea, juridikoki arautua nazioarteko araudiaren arabera; hizkuntza eta kultur eskubideak; oinarrizko eskubide sozialak: lana, etxebizitza, doako osasun-zerbitzu publikoa eta unibertsala, doako hezkuntza publikoa eta unibertsala, sektore estrategikoen kontrol demokratikoa...
Prozesu hori ezin da historia lineal edo epeetako garapen moduko estrategia batean kokatu. Izan ere, hori izan ohi da, eta egun nabarmenago, egin daitekeen akats metodologikorik handiena. Nolabait, prozesuaren hastapena Euskal Errepublikaren eraikuntzaren hasiera eguna litzateke, herritarrok aldebakartasunetik aldarrikatzen duguna, bestelako prozesuekin lehian arituko dena. Nagusiki frantses eta espainiar estatuen eredu supremazisten aurka arituko dena. Herriz herri, ahal dela gertuko erakundeen babesaz, arduratsuak izaten, kementsuak izaten, duinak, eskuzabalak.
Ez naiz epe laburrean hegemonia ekarriko ligukeen estrategia bati buruz ari; ezta akordio autonomiko berriez ere. Indar-korrelazioa zein den garbi dago, independentismoak ez du gehiengo soziala; aldiz, modu berean, independentziaren aurkakoen multzoa txikiagoa da gurea baino. Ez naiz hegemoniaz ari, proiektuen arteko talka demokratikoaz baizik.
Ziurgabetasuna nagusitu den aroan (litekeena denak horrelakoak izatea) arriskutsuena da itsasontziaren belak lau haizeetara zabaltzea. Olatuek nondik joko duten ez dakigularik, edozein unetan enbata berri batek joko duela jakin arren, lemari gogor eutsi behar zaio. Belak jaso; arraunak jaitsi eta gogoz eman, bestela ontzia irauliko da eta ezin izango diogu bueltarik eman.